[eibar] erabili, erabili mikrouhina

Igor Leturia ileturia a bildua gmail.com
Al, Ots 8, 21:30:54, CET 2010


Asier Arregi<geobiotek a bildua gmail.com> igorleak hau idatzi zuen (2010eko otsren
07a 23:43):

>  Ados egiten dizkidazun apunteetan...berretsi behar baina, ikerketak mahai
> gainean daudela. Eta gehiago egongo dira. Bakoitzari zor zaion
> sinesgarritasuna desberdina izan daitek. Bionitiative.org ekimeneko
> partaideek eta esperimentuek, Karolinska institutuak edo Reflex proiektuak
> ni konbentzitzeko haina sinesgarritasun badute. Baita Salzburgoko mediku
> konbentzioak, Sueziako lan segurtasuneko araudiak, Errusiako RNCNIRP
> komiteak, Asepeyok, aseguro etxeen portaerak, Jose Luis Bardasanok, George
> Carlok <http://en.wikipedia.org/wiki/George_Carlo>, Emilio Mayayok, eta
> beste askok ere. Bestalde, ikerketetan multinazionalen dirua sartuta
> dagoenean...ba sinesgarritasuna galtzen da, nire ustetan behintzat.
>

Eztabaida "multinazionalek ordaindutako ikerketa prostituituak" vs.
"ikerketa independenteak" planteatzen duzu, eta zure hautua bigarrenen alde
egin. Logikoa denez, horrela planteatuta, bien artean hautatu beharko banu,
nik ere hala egingo nuke. Baina bi talde horien fidagarritasuna (edo
fidagarritasun eza, hobe esanda) berdina da, denek daukate norbait atzean.
Zuk zeuk edo nik neuk egin dezakegu ikerketa independente bat, baina
horregatik ez da objektiboagoa izango. Eta finean, zuk aipatzen dituzun
ikerketa eta zientzialari independente horiek gehiago dute sasizientzia edo
sineskeriaz, benetako zientziaz baino. Adibidez, Bardasano aipatzen duzu
zientzialari sinesgarritzat; ba Donostian eman zuen hitzaldi batean Elhuyar
aldizkarikoak egon ziren, eta hara orduko kronika, bere "zientifikotasunari"
buruz dena esaten duena:

"José Luis Bardasano Alcalá de Henares Unibertsitateko katedraduna da, eta
Europako Bioelektromagnetismoaren eta Osasun Zientzien Federazioaren
lehendakaria. Europakoa omen den federazio horren web gunean ikus
daitekeenez, hiru elkartek osatzen dute federazioa, hirurak espainiarrak,
eta bat bera ere ez oso ezaguna edo izen handikoa.
 Bada, Bardasanoren esanean, uhin elektromagnetikoek eragin nabarmena dute
organismoan; izan ere, "erritmikoak gara, eta inguruan ditugun erritmo
kosmikoekin sinkronizatzen gara. Erritmo horiek hausten badira, kalteak egon
daitezke". Dioenez, gaueko argiek erritmoak haustea eragiten dute, eta
berdina gertatzen omen da ikusten ez ditugun uhinekin, mugikorrek eta
telefonia mugikorraren antenek igortzen dituztenekin, adibidez.
 Donostiako hitzaldian, telefono mugikorrak osasunerako kaltegarriak direla
ondorioztatzen duten hainbat ikerketa aipatu zituen, horien artean Suediako
Lund Unibertsitateko Salford neurologoaren taldearena: "Nerve Cell Damage in
Mammalian Brain after Exposure to Microwaves from GSM Mobile Phones"
(*Environmental
Health Perspective * aldizkarian, 2003an). Ikertzaileek ikusi zutenez, bi
orduz mugikorren eraginpean egon ondoren, arratoiek kalteak zituzten
kortexean, hipotalamoan eta garuneko beste egitura batzuetan. Bardasanoren
iritziz, "argi dago eremu elektromagnetikoek, baita telefonia mugikorrarenak
ere, hipotalamoko zelulak eta guruin pineala suntsitzen dituztela".
Alabaina, munduko hainbat laborategitan egindako beste ehunka ikerketatan ez
dute halakorik baieztatzeko ebidentziarik aurkitu, eta gauza bera
ondorioztatu dute Munduko Osasun Erakundeak eta Europako Batasuneko
zientzia-batzordeak, ikerketa horiek berraztertuta. Bardasanok aipatutako
gainerako ikerketak ez daude ohiko zientzia-aldizkarietan.
Saioa jendearen galderekin amaitu zen, eta, orduan, berriro garbi geratu zen
batez ere Bardasanori entzutera joan zirela, galdera gehienak harentzat
baitziren. Ez zuen denei erantzuteko denborarik izan, baina azaldu zuen,
adibidez, zer neutralizatzailek funtzionatzen duen ondoen, entzule batek
baino gehiagok baitzuen kezka hori.
 Interneten mugikorrek igortzen dituzten uhinen "neutralizatzaileak" saltzen
dira. Hau "zientifikoki frogatuta" dago.
 Neutralizatzaileak telefono mugikorrean itsasten diren pegatina batzuk
dira. Interneteko Google bilatzailean * neutralizatzaile * eta * telefono
mugikor * hitzak gaztelaniaz edo ingelesez idatziz gero, milaka sarrera
agertzen dira. Era eta prezio askotakoak daude, eta nola funtzionatzen duten
azaltzean ere fenomeno ugari aipatzen dituzte; bakoitzak berea, eta,
gehienetan, zein baino zein bitxiagoa eta kriptikoagoa. Batek baino gehiagok
dio eraginkortasuna frogatuta duen bakarra bera dela.
 Donostiako hitzaldian, onenak zein diren galdetu zioten Bardasanori,
neutralizatzaile alemaniarrak edo errusiarrak. Hark errusiarren alde egin
zuen, eta bere mugikorrean zuen pegatina erakustearekin bat, esan zuen
"teknologia zaharkitua" darabiltela, baina probatu dituenen artean onenak
haiek direla. Hori bai, ez zuen azaldu nola funtzionatzen duten; izan ere,
inork ez zion horri buruzko galderarik egin."

Perfektua izatetik urruti dagoela jakinik ere, niretzat behintzat
fidagarritasun minimo bat duen sistema zientzia-aldizkariena da. Nik neuk
ikerketa munduan egiten dut lan, eta badakit zein zaila den aldizkari
zientifikoetan publikatzeko prozesua: azterketak metodo zientifikoen bidez
egina behar du, zientzialari independente askoren filtroa pasa behar du...
Ikerketa medikuen kasuan, "doble ciego" eta antzeko metodoak erabili,
kausa-efektu erlazioa argi frogatu... Eta Elhuyar aldizkarian lan egiten
dutenak horrelakoak erabiltzen dituzte informazio-iturritzat, ez zuk
aipatutako beste txosten horiek, eta beraiek diotenez, aldizkarietako
ikerketek argi diote ezin dela frogatu uhin elektromagnetikoak gaur egun
erabiltzen diren neurrietan kaltegarriak direnik; eta hala eta guztiz ere,
ez direnik frogatu ezin denez ere, zientzialari batzorde independenteek
badaezpadako maximoak gomendatu dituztela uhin elektromagnetikoen
igorpenerako, eta ondoren herrialde edo lurralde ezberdinek horietatik
beherago legislatu dituztela maximoak. Hona hitz zehatzak:

"ICNIRP erradiazio ez-ionizatzailetik babesteko nazioarteko batzordea da.
Hainbat arlotako zientzialari independenteek osatzen dute: medikuak,
dermatologoak, epidemiologoak, biologoak, fotobiologoak, fisiologoak,
fisikariak, elektrizitate-ingeniariak eta dosimetrian adituak. Besteak
beste, maiztasun txikiko erradiazio-iturrien segurtasun-mugak zehazteaz
arduratzen dira.
 Hain zuzen, 1998an erabaki zituen ICNIRPk gehienezko muga horiek. Adibidez,
900 MHz-eko maiztasunean (telefonia mugikorrean erabiltzen den ohiko
maiztasuna), gehienezko potentzia-dentsitatea 450 mW/cm2 izatea proposatu
zuten. Muga horiek gomendioak dira, eta, horiek ezartzeko, ordura arte
egindako ikerketa guztiak aztertu zituzten, ikusteko organismo bizidunek zer
baliotatik gora erakusten zuten eraginen bat. Bada, gehienezko mugak balio
haiek baino 50 aldiz txikiagokoak izatea erabaki zuen ICNIRPk.
 ICNIRPren gomendioek Munduko Osasun Erakundearen eta fisikaren zein
ingeniaritzaren arloetako nazioarteko erakunde nagusien oniritzia dute, eta
horietan oinarritu ziren Europako Batasuneko herrialdeetako arduradunak
legediak egiteko. Herrialde batzuetan balio horiek berak erabiltzen dira
araudietan, eta beste batzuetan are gehiago mugatzen dituzte, hala nola
Italian, Suitzan eta Errusian. Herrialde batzuen barruan ere, zenbait
erkidegotan, gehienezko balioak gobernuak ezarritakoak baino txikiagoak
dira. Espainian, adibidez, Gaztela-Mantxako erkidegoan baimendutako
potentzia-dentsitate maximoa 10 mW/cm2 da.
 Segurtasun-neurriak nahikoa ote diren auzitan jartzen dutenentzat, bateko
eta besteko araudietan halako aldeak egoteak zalantza sortzen du, eta arauen
oinarrian dauden gomendioak hain aspaldikoak izateak areagotu egiten du
zalantza hori.
 Alabaina, ICNIRPk ordutik egin diren ikerketak berrikusi ditu, eta ez du
arrazoirik topatu gomendioak aldatzeko; hala, gomendioak berresten dituela
adierazi zuten iazko abuztuan.
 Bestalde, telefonia mugikorreko antenen inguruan egiten diren neurketek
erakusten dute igortzen duten potentzia-dentsitatea ezarritako gehienezkoak
baino askoz txikiagoa dela. Esate baterako, Espainiako Industria
Ministerioaren datuetan, 2007an Madrilgo erkidegoan neurtu zen balio
handiena, eta 2,32 mW/cm2 izan zen; hau da, ezarritako gehienezko muga (450
mW/cm2) baino askoz ere txikiagoa (193,9 aldiz txikiagoa)."

Baina noski, Elhuyar aldizkariak ere ez du sinesgarritasunik izango honez
gero zuretzat. Aipatu duzu Consumer aldizkariak ere ez duela, beti
independentzia eta zorroztasunaren eredu izan denean... Finean, norberaren
iritziarekin bat datozen emaitzak argitaratu dituzten erakundeek
sinesgarritasuna dute, eta kontrakoa diotenek ez dute, ez? Edo momentuaren
arabera badute edo ez: lehenengo "MOE, zientzia.net-eko artikuluetan
agertzen den bermea, ez daukat erakunde zientifikotzat" zenioen, eta gero
"Honatx MOE edo WHOren weborritik jasoa"...

Igorpen mailaz ari garela, zuk diozuna irakurrita norbaitek pentsa lezake
hemengo uhin elektromagnetikoen igorpen maila eskandalagarrizko altua dela,
eta ez da horrela. Zuk zeuk onartzen zenuen Berriako elkarrizketa batean (
http://paperekoa.berria.info/agenda/2010-01-14/028/002/%C2%ABHemengo_eskoletako_wifi_uhinen_maila_legez_kanpokoa_litzateke_Salzburgon%C2%BB.htm)
egin dituzun neurketetan hemengo legearen maximoetatik oso beherako maila
neurtu duzula. Eta hala ere kezkatuta jarraitzen duzu Salzburgon ez legezkoa
litzatekeelako, horrek zerbait frogatuko balu bezala. Frogatzen duen bakarra
da hango agintariek zure teorietan gehiago sinesten dutela eta beherago
jarri dutela maximoa, ez hemengo mailak kaltegarriak direla.

    Igor Leturia
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/eibartarrak/attachments/20100208/821ae2b7/attachment.html>


Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago