[eibar] Errebaleko zuloaren etorkizuna

Oier Araolaza oier a bildua dantzan.com
As, Aza 26, 09:53:07, CET 2013


Ostiral arratsaldean Portalen egon ziran jendearen galderak erantzuten, eta
ni bertatik pasa nintzen, jakinminez batez ere, zertan geratu ote zen
kontua ezagutu nahirik. Euskaraz galdetu eta esan zidaten eurak ez direla
hemengoak, eta nik erantzun nien "baina hau hemen da, ez?" eta orduan,
telefonoz deitu zuten eta taldeko euskalduna etorri zen.

Prozesuaren azalpena eskaini ziguten (bospasei lagun elkartu ginen une
horretan), parte hartutako jendea, egindako bilera eta jarduerak, premien
identifikazioa, Errebalen egin beharrekoari eskatzen zaizkionak, eraikinak
ze tamaina maximo eta zein erabilera izango dituen e.a.

Nik nire kezka agertu nizkien. Iruditzen zait orain Eibarren azpiegitura
aldetik dauden ahalik eta gabezia gehien konpondu nahi direla Errebalekin,
eta niretzat hori ez da egokia. Ea azaltzen dudan hau.

Adibidez, har dezagun txantxazelaiko auditorioa, torre untzaga atzean
dagoena, bere kiosko eta guzti. Izugarrizko porrot arkitektonikoa iruditzen
zait, zentroan dagoen espazio handi bat, jarduera publikoetarako
pentsatutakoa eta oso erabilera gutxi eta traketsak dituena. Hileta zibilak
eta Musika eskolako kurtso bukaerako jaialdi batzuk, horixe da urte osoan
eremu horrek duen erabilera ia-guztia, eta penagarria izaten da hileta
zibilak hor ospatzen ikustea euripean eta hotzik dagoela jendea. Metafora
krudela azken agurrerako elizako babesari uko egiten diotenentzat. Kiosko
ganorabako hori ere, haize korronteak bizkarretik dituela, babesik gabe
edozein musikari, kantari edo hizlarirentzat faena itzela da. Euskal
Herriko herri gehienetan, herriaren erdialdean badakigu zer egiten den:
frontoia, alegia, euskal gune balioanitzduna. Eta hor ere, frontoia da
falta dena, frontoi estalia, neska-mutilek pelotan egin dezaten olgetan
dabiltzanean, euria egiten dutenean aterpean jolastu eta egon ahal izateko,
hileta zibilak babesean egiteko (orbea frontoian egiten ziren lehen),
bazkari eta saraoak antolatzeko karparik behar ez izateko, e.a.

Ez daukagu frontoi estalirik Txantxa zelaian, eta horren ordez, ezertarako
balio ez duen kiosko eta harmaila hotz eta bustiak dauzkagu. Eta orain,
frontoi horrek bete beharko lukeen funtzioa betetzea ere eskatzen diogu
lehendik nahiko zeregin zeukan Errebaleko orubeari. Aparkamentu, merkatu
plaza, garaje eta parkeez gain, orain erabilera anitzeko areto estalia
eskaini behar du, besteak beste, aipatu ditudan moduko erabilera
publikoetarako.

Ipurdi berarekin zazpi eserleku ezin dira ongi estali, eta beraz, arrisku
hori ikusten dut nik Errebalen. Beste tokietan gaizki egindakoak
konpontzeko ardura ere bere gain uztea. Eta horrek gainera, dagokion eremua
(Txantxa zelaiko kioskoarena adibidez) inoiz ez konpontzera kondenatuko
luke.

oier.



2013/11/26 Eneko Astigarraga <eastigarraga a bildua codesyntax.com>

> Posta-zerrendan askotan atera da Merkatu plaza bota ondoren eta azkenean
> pikutara joan zen Errebal center proiektuaren inguruan sortutako afera.
> (etxean "Errebaleko zulua" esaten diogu Merkatu plaza botatzeak sortutako
> hutsuneari, gaur aparkalekua bihurtuta: "kotxia?  ah bai, kotxia zuluan
> laga dot")
>
> Beno, kontua da egun hauetan aurkeztu dutela Errebalen inguruko herritar
> partizipazio eta hausnarketaren ondorioak.
> Ez dakit bat egin duten bere garaian sortu zen Errebal Plataformarekin
> (bizirik dirau?), baina dirudienez Merkatal zentroaren ideia atzera bota
> eta Errebalera joango da berriro merkatu plaza, eta horrekin batera,
> erabilera balionatzerako eraikin ertaina, parking publikoa, garajeak eta
> parkea.
>
> Albistea hemen:
>
> http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2013/11/24/vecinos/debabarrena/eibar-descarta-definitivamente-construir-un-centro-comercial-en-el-solar-de-errebal
> eta
>
> http://www.diariovasco.com/v/20131126/bajo-deba/errebal-tendra-plaza-edificio-20131126.html
>
> Orain ideia lehiaketa fasea zabaltzen da, baina albistean aipatzen den
> hori ikus daiteke plano edo maketaren baten? ala ideia lehiaketan gauzatuko
> dira?
>
> Plataforman edo eztabaidetan ibili den zerrendako norbaitek daki,  edo
> hobe, baditu eskura plano edo maketarik ?
>
> eskerrik asko,
>
> Eneko
>
>
> _______________________________________________
> Harpidetza eteteko, bidali mezua hona:   Eibartarrak-request a bildua postaria.com
> izenburuan jarriz 'unsubscribe' (horixe bakarrik, komatxo barik)
>
> Ondoren konfirmazio mezua jasoko duzu harpidetza-etetea berresteko.
>



-- 

____________________________________________
Oier Araolaza Arrieta - oier a bildua dantzan.com
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/eibartarrak/attachments/20131126/2fa96f6f/attachment.html>


Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago