[eibar] Harpidedun berria: Josu Ibargutxi

Luistxo Fernandez luistxo a bildua eibar.org
Ost, Mar 9, 11:30:59, CET 2016


Harpidedun berria daukagu, Josu IbargutxiE-postajibargutxi a bildua gmail.com
Honako aurkezpena bidali digu... bueno, aurkezpena baino gehiago, mezu
erreibindikatibo bat da. Baina tira, ongi etorri, eta... hasi bedi
eztabaida. --L.

Kaixo:

Josu Ibargutxi naiz. Eibar.org-ko komunitatera jotzen dut laguntza eske, ez
baitut bide garbirik ikusten Eibarko Memoria Historikoaren aldeko Talde
eraginkor eta iraunkor bat egiteko zeintzuk liratekeen eman beharrezko
urratsak, pertsona interesatuekin, instituzioekin eta kolektiboekin.
Negargarria dela deritzot Eibar moduko herri bat, izan duen historiarekin,
izan dituen eragileekin, dituen baliabideekin, Memoriaren Talde iraunkor
bat antolatzeko gauza ez izatea. Zoritxarrez, egungo eragile politikoak eta
sozialak ere, PSEtik hasita, ez dute premiarik ikusten, nonbait, Eibarko
Memoriaren duintasuna aldarrikatzeko. Sozializatzeko, batez ere; hau da,
hurrengoko belaunaldiak garbi jakin dezaten Eibarrek eta eibartarrek zein
ekarpen egin dituzten azken mendeetan, batez ere Euskal Herriko gizarte
aurrerakoi baten aldeko eredu bilakatu zenean II Errepublika proklamatuaz.

Eta hortik aurrera gertatutakoari (kolpe militarra, eragin zuen gerra,
ondorengo berrogei urteko diktadura…) so eginaz, “garaileek” idatzitako
historia baztertuaz Errelatoa inork alda ez dezan lanean aritzeko. Azken
laurogei urtetan eibartarrek asko sufritu dute jarrera aurrerakoi
horregatik, eta Egia asko oraindik ez dago berreskuratua. Hori gabe, zaila
zaigu Justizia egitea pertsonen, egoeren eta herriko Historiaren duintasuna
berreskuratzeko.
Agian lerro hauetan agertzen ari naizen inpresioa faltsua izan daiteke, eta
nik uste baino gauza gehiago egin eta egiten ari da Memoria Historikoa toki
gorenean uzteko. Badakit, jakin, pertsonalki hainbat eibartar ari dela mila
lan eta ekarpen egiten, ikerketa, hitzaldi, liburu, gogoeta eta abar luze
bat burutuaz, baita batzuetan eraginaz ere. Beraiei esker ditugu jasoak
hainbat pasarte, gertakari, ikerketa eta hausnarketa. Aldiz, gure
instituzio gorenaren aldetik, Udaletxetik, duela urtebete Arraten egindako
gerraren museotik aparte, ez dut uste ganora askorik dagoenik Memoria
Historikoaren lanak bultzatzeko, ez bada Ego-Ibarrako “boluntarioek” egiten
dutena. Elgetako udaletxeak urteak daramatza askoz ere gehiago egiten!

Ez dut uste jadanik han-hemenka ditugun ekarpen solte guzti horiek batu,
sistematizatu eta indar gehiagorekin bultzatzeko talderik dagoenik, eta
nire proposamena hortik dator. Galdera da: merezi du, eta posible litzateke
talde ireki, plural eta eraginkor bat antolatzea Eibarko Memoria Historikoa
bere lekuan lagatzeko? Eta bide-batez Memoria horri dagozkion errealitateen
proiektu ezberdinak bultzatuaz (industrializazioaren eragin soziala,
hezkuntza, emakumea, erreboluzioak, errepublika, gerra, diktadura,
erresistentzia…) sozialki hedatzeko, plazaratzeko? Durango, Otxandio,
Gernika, Berriz, Andoain, Arrasate, Donostia… herri guzti horietan Talde
iraunkorrak daude. Zer gertatzen da Eibarren?
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/eibartarrak/attachments/20160309/552acd26/attachment.html>


Eibartarrak posta zerrendari buruzko informazio gehiago