<!DOCTYPE HTML PUBLIC "-//W3C//DTD HTML 4.0 Transitional//EN">
<HTML><HEAD>
<META content="text/html; charset=iso-8859-1" http-equiv=Content-Type>
<META content="MSHTML 5.00.2614.3500" name=GENERATOR>
<STYLE></STYLE>
</HEAD>
<BODY bgColor=#ffffff>
<DIV><FONT face=Verdana size=2>
<P>Gure ume txikiak, bi urte t’erdiko Oier potolito eta berritsuak, 
retinoblastoma bat dauka. Retinoblastoma begian agertzen den tumore 
kantzerigenoa da. Oierrek ezkerreko begian dauka, eskumakoa ez dauka 
ukituta.</P>
<P>Joan zen martitzenean txanda geneukan umea oftalmologoarengana eramateko. 
Begia piska bat okertzen zuela antzeman genion, eta pentsatu genuen hobe zela 
kontsulta bat egitea. Pentsatzen genuen, trankil asko, antiojoak edo partxe bat 
ipiniko ziotela, estrabismoren bat edo izango zela. </P>
<P>Oftalmologoak segituan igarri zion eta beste paterfiliorik gabe esan zigun: 
Oierrek tumore bat dauka, retinoblastoma bat, eta ezkerreko begiko ikusmena 
erabat galduta dauka. Gaur egun badago tratamendurik tumore horri aurre egiteko, 
borroka begia salbatzeko izaten da. Ez ibiltzeko bueltaka, Madrideko La Paz 
ospitalera eramateko, Abelairas medikuarengana. </P>
<P>Ostegunean goizeko bederatzietan La Pazeko haur ospitalean geunden. 
Abelairasek ikusi zuen eta diagnostikoa berretsi. "Retinoblastoma unilateral 
izquierdo". Mugan begia salbatzeko. Ekografia eta analisiak egin ondoren, sei 
zikloko kimioterapia agindu zigun, biharamonean hasteko. </P>
<P>Ez da erraza haur ospital bateko onkologi zerbitzuan sartzea, ez behintzat 
tripan golpe bat sentitu gabe, jakinean gainera zure umea haietariko bat dela. 
Karrotxoetan zihoazen hilabeteetako umeak, futbolean ibilitzeko adina dutenak, 
diskoteketan burua sartzen hasteko adina dutenak, denetik zegoen han. Gehienak 
burua estalita. Izugarria zenbat irakur daiteken ilerik ez daukaten umeen 
begietan. Begirakun tristeak iruditu zitzaizkidan, serioak, arduratsuak, 
helduak. Guztiak zain itxarongelan, lehiotik ihes egiteko gogoa ematen zuen 
eguzkia sartzen zen bitartean. </P>
<P>Bigarren egunean, kimioterapia hartzea tokatzen zitzaigun egunean, erabat 
murgilduta geunden. Umeak izena hartzen hasi ziren, gurearekin jolasean hasi 
ziren. Eta gurea ere, haretxen moduan, tratamendua hartzen hasi zen.</P>
<P>Goiz osoa egon ginen laborategi txiki hartan sartuta, kableari entxufatuta, 
ipuinak kontatzen, bideoak ikusten eta galletak jaten. Ordu biak aldera bukatu 
eta ospa, etxera, hurrengo ziklorarte, hiru aste barru.</P>
<P>Laurak aldera hasi ziren kimioaren ondorioak. Oier botaka hasi zen, eta 
horrela pasa zuen arratsalde osoa. Ura ere ezin edan bota gabe, lorik egin 
ezinda, nahiz eta makalik egon, gomitoka hasten zelako. Etxera iritxi ginenerako 
umea traputxo bat zen. Orduan tokatzen zitzaion ospitalean emandako botika 
hartzea, botagurea kentzeko. Botika hartu eta bost minutura hasi zen umea 
janaria eskatzen, jaten, kantuan eta dantzan. Primeran afaldu zuen eta hobeto lo 
egin. Harrez gero bere onera etorri da, eta ez du ondorio gehiagorik izan.</P>
<P>Orain umea ondo dago. Bihar bueltatu behar dugu erresonantzia bat egitera, 
zerebroa ikututa daukan ikusteko. Eta hurrengo, hilaren 12an, bigarren 
kimioterapia zikloa. </P>
<P>Prozesua luzea izango da, gogorra ziurrenik, baina Oier sendatu egingo da. 
</P>
<P>Honeraino kontatzeko neukan premia, premia izugarria. Bloga egiten asmatzen 
badut, bertara joango da. Baina orain ez daukat horretarako indarrik. </P>
<P><FONT size=3>Elena</FONT></P>
<P> </P></FONT></DIV></BODY></HTML>