[itzul] Omega gantz-azido insaturatu edo asegabeak

alfon a bildua elhuyar.com alfon a bildua elhuyar.com
Ast, Uzt 14, 18:00:26, CEST 2005


Barkatu, aurreko mezuak bigarren partea idatzi gabe egin dit ihes. Honela
bukatu nahi nuen:

Bestalde, Asierrek honela dio:

<<"Aberats", "oparo", "jori" eta halakoekin doazenak zelan deklinatu behar
dira? Uste dut hiru forma erabili izan direla:

        •omegaz aberatsa (instrumental mugagabea)
        •omegetan aberatsa (inesibo mugatua)
        •omegatan aberatsa (inesibo mugagabea)

        Azkenaldian gehien zabaldu dena hirugarrena izan arren, nik
hirugarren hori baztertu egingo nuke.>>

Gero, 'OMEGETAN' (inesibo mugatua) hautatu du Asierrek bere proposamenean.

Elhuyarren egitura horrekin topo egin genuen, eta datuak bildu eta EHUko
Euskara Zerbitzuko aditu batzuekin eztabaidatu genuen. Hona hemen,
laburbilduta:

1- Euskal testuetan '-tan aberats(a)' zein '-z aberatsa' agertzen da.
Esaera zaharretan eta kopla zaharretan ere agertzen da ('oparo, aberats'):

-'IrinETAN oparo, zahiTAN zuhur'
-'ez gara oso aberats diruZ / ezta ere oinetakoZ / baina eztarriz sano
dabiltza / ta kanta nahi dugu gogoz'

2- OEHn agertzen diren adibideek '-z aberats' egiturakoak dira, mugagabeak
jakina:

-'Gogoz eta borondatez pobre direnak' (Mat)
-'Nor dire biotzez pobreak?' (CatB)
-'Diruz pobriak izanagatik' (Uzt)
-'Ikusten nuen Jesus zeruetako erregea, bere izatez aberats zena' (Mih)
-'Golkoz aberats eta lerden gerria' (Elzb)
-'Beharrik da bethidanik kantariz aberats izan Eskual Herria' (Ox.)


3- XX. mendeko corpusean, egitura horretako adibide ugari dago (mugatuak
ere badaude):

-'Lurreko ogasunez landerrak ziran; baña barrnetik eskarrez eta
zindotasunez aberatsak' (1920)
-'Onelako mailla irizten dutenak, egiz, dira gai-ederrez, irudi aratzez
eta eredu sotillez aberatsenak'. (1964)
-'Eta orduko ba-zioan gudaroste osoa alor agiriak zear, zaldiz ugari, urre
ta jantzi margoztuz aberats' (1966)
-'Beraz, hiru liburuxkok, hitzez eta aditzez aberats datoz'. (1982)
-'Ostera pilatu egiten da, energiatan aberats den ATP produktuan'. (1981)
-'Orri latzagoak be jaten dira, egosita; irakiten euki diranen ura, alan
be, ez da jaurti bear, metal-gatzetan aberatsa bait jatzu, eta saldeari
erantsiteko guztiz ona'. (1985)

4- Ereduzko Prosan ere badaude adibideak (hitza kontsonantez bukatzen
denean, beti ez dago jakiterik mugagabea edo plurala den):

-Ez zen inondik ere antzeko diren biren arteko adiskidetasuna: aitzitik,
jatorrien desberdintasunak berak elkar-trukerako "salgai"tan aberats
bilakatzen gintuen, alegia bi merkatarik eskualde urrun eta elkarrentzat
ezezagunetatik etorririk topo egin. (Juan Garzia, 1998)
- [...] nola jende hark, biziaren erdia itsasoan emanagatik, hain ideia
nahasiak zituen puntu kardinalei eta distantziei buruz; puntu batean, hala
ere, denak bat zetozen, alegia, hegorantz nabigatuz -mila milia zioten
batzuek; bestetzuek, berriz, hamar aldiz urrunago-, bazela lurralde bat
zeina ekiak hautsetara kixkalia baitzuen, zuhaitz eta animalia sekula
ikusi gabetan aberats, larruazal beltzeko gizon basa batzuen bizileku.
(Juan Garzia, 1998)
- Pobre hil zen, baina urtez eta ospez aberats, eta arimaren bake onean,
1883an. (Juan Garzia, 1998)
- Osotasuna bezain zahar eta engainutan aberats, (Juan Garzia, 1998)
- Berarentzat desberdin zen: beraren zainetan aitaren odola zebilen,
urruneko pirata-hartzigarritan, merkataritza-ekinbidetan eta berri--grina
egonezintsutan aberats.(Juan Garzia, 1998)
- Ostera, nahiz eta berau alde askotatik gizateriari hain handi eta
miresgarri iru-ditu eta bisitagarritzat hartua izan, ondasunetan aberats,
gizonen indar handiz zaindua, hala ere, ez bide du inoiz ezer ospetsuago,
ez santuago, ez miragarriago, ez kutunagorik eduki gizon hauxe baino.
(Amuriza, 2001)
- Zeren samin orotarik libre, arriskuetatik libre, bere ondasunetan
aberats, gu ezertarako behar ez gaituela, ez mesedera makurtzen baita, ez
suminak eragiten baitio.  (Amuriza, 2001)
- Hitz zaharkituentzat edo zaharkitzeko bidean direnentzat hiztegia ez
litzateke soilik izango perpausaren zati sendo eta ederretan aberatsa;
irakurle konpetentea izatea suertatu ez litzaiokeen idazle konpetente
bakoitzaren aberastasunak franko handituko lituzke. (Xabier Olarra, 2001)

5- Horiek horrela, ondorio batzuk atera genituen:

A) Instrumentala erabiltzen denean, mugagabean erabiltzen da. Elhuyarren,
erdarazko horrelako egiturak instrumentalaren bidez euskaratzea hobetsi
dugu:
-'diruz pobre', 'diruz aberats'...'omegaz aberats'

B) Inesiboa erabili ezinik ez dago, dena den. Erabiliz gero, analogiaz,
Elhuyarren mugagabean erabiliko da:
-'dirutan aberats, baina lagunetan pobre'...'omegatan aberats'

C) Inesiboa nahiz instrumentala izan, Elhuyarren mugatua ez da erabiliko.
Alegia, gure estilo-irizpideetan 'omegetan aberats' ez da onargarria.
Ulertu behar da testuinguru arruntetarako irizpidea dela, jakina. Izan
ere, beti bila liteke testuinguru bereziren bat mugatua eskatuko duena.
Adibidez:
-'lehen aipatutako omegetan (omega jakin haietan) aberats(a) da'

Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuak




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago