RE: [itzul] Copa de Euskadi de Carreras de Montaña

Alfontso Mujika alfon a bildua elhuyar.com
Ost, Uzt 27, 10:33:22, CEST 2005


Hiru elementuz osatutako izendapena izango balitz, ez genuke dudarik izango:
'Euskadiko Igeriketa Txapelketa'.
Oro har, 'NONGO ZER' ordena da hobestekoa:
kokapena (NONGOA/NORENA) eta erreferentzia (ZER)

Hiru elementu ez eta lau ditugu kasu honetan (berrelkarketa ez baita egokia
kasu honetan: 'mendi lasterketa kopa', nahiz eta, beste batzuetan, ez genuke
zalantzarik berrelkarketa egiteko: 'artzain-txakur txapelketa'). Orduan,
zalantza izaten da izenlaguna non jarri, 'Euskadiko' izenlaguna non jarri:

1- 'mendi-lasterketen kopa' unitatetzat hartu eta NONGO izenlaguna guztiz
ezkerrean jartzea:
'Euskadiko Mendi Lasterketen Kopa'.

2- unitate hori kontuan ez hartu eta NONGO izenlaguna NOREN izenlagunaren
ondoren jartzea:
'Mendi Lasterketen Euskadiko Kopa'.

Ohiko zalantza da, eta ez dut uste bion artean behin hautatzea eta horri
beti eustea kontua denik. Niri, oro har, NONGO-NOREN-ZER segida iruditzen
zait normalagoa NOREN-NONGO-ZER segida baino, baina badakit ezin dela beti
erabili, termino batzuetan anbiguotasuna uztea ez baita komeni.
Nolanahi ere, kasu honetan 'Euskadiko Mendi Lasterketen Kopa' jartzeko arazo
larririk ez dut ikusten. Uste dut [Euskadiko][Mendi Lasterketen Kopa]
deskodetzeko arazorik ez dagoela. Bestalde, ezinezkoa da, nik uste,
[Euskadiko Mendi][Lasterketen Kopa] deskodetzea ('Euskadiko Mendien' behar
luke horretarako).
Beste aukera bat badago: [Euskadiko Mendi Lasterketen][Kopa]. Horrela
deskodetzea ere zilegia da, baina ez zait iruditzen arazorik dagoenik
ondorio praktikoei begira. Izan ere, bada 'Euskadiko Kopa', eta bada
'Euskadiko mendi-lasterketena' ere. Hortaz, ez dut anbiguitate-arazorik
ikusten.

Beste aukera, [Mendi Lasterketen][Euskadiko Kopa], zilegia izanagatik eta
anbiguoa ez izanagatik, ez zait hain 'naturala' iruditzen, eta, hortaz,
anbiguotasuna ezinbestean puskatu beharra dagoenerako utziko nuke.

(Antzeko kasu ugari daude. Askotan agertzen da zalantza hori erakundeen
izenetan. Adibidez, 'Nazio batuen Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako
Erakundea' edo 'Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea'?
Non jarri 'Nazio Batuen' izenlaguna? Hezkuntza Sailak oraindik orain
argitaratu duen Onomastika lanean, horrelakoetan 'Nazio Batuen' izenlaguna
guztiz ezkerrean jartzea aholkatzen du, baina ez da hobespen unibertsala)

Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuak



-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En
nombre de aztiri
Enviado el: miércoles, 27 de julio de 2005 9:07
Para: ItzuL
Asunto: [itzul] Copa de Euskadi de Carreras de Montaña


Interneten (mendikoweb-en, EMFren orrian) hainbat modutara ikusi dut:
Euskadiko Mendi Lasterketen Kopa
Mendi Lasterketen Euskal Herriko Kopa...

Nola itzuliko zenukete?
Eskerrik asko.
Edurne



>
>




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago