[itzul] Zuk aipatu arabera

Patxi Petrirena altxupere a bildua euskalerria.org
As, Mar 22, 11:25:12, CET 2005


>"zuk aipatu arabera" ontzat har daiteke?

Nik dakidala, ez. "Dagokion izen sintagmak ‘-(r)en’ kasu atzizkia hartu
behar du", dio Euskal Hiztegiak, adibidez, eta kasu guztietan halaxe
erabiltzen dugulakoan nago. Alegia, 'Zuk aipatutakoaren arabera', 'Zuk
aipatu duzunaren arabera'.

Beste gauza bat da 'arabera' dagoen tokian 'bezala' egotea. Perpaus normala
da 'Zuk aipatu (duzun) bezala', aditz laguntzailearekin nahiz
laguntzailerik gabe.

Hortik aurrera, galdera gehiago ere egin litezke hari beretik:

a) 'Zuk aipatu moduan' esan daiteke (edo esaten da) 'Zuk aipatu bezala'
esaten den modu berean? Halakoak entzuten direlakoan nago ni, baina
erabilera hori (alde batetik behintzat) auzitan jartzen du EGLU-Vek, esaten
duelarik (‘bezala’, ‘legez’ eta ‘moduan’ dituela hizpide): 

“Hitz gutxitan esateko, aipatu ditugun hiru elementuak zenbaitetan
testuinguru beretan erabil daitezke, baina ez beti. Argi dago moduan
hurbilago dagoela izen arrunt batetik legez edo bezala baino. Horregatik
ezin ditugu zaku berean sartu. (358.-359. orrialdeak; azalpen guztiak,
hantxe).

Nolanahi dela ere, ‘Zuk aipatu moduan’ zilegi litzateke, teorian bederen,
‘Zuk aipatutako moduan’ denean, ez?

b) Egokia ote da ‘arabera’ren erabilera hau, zehar-galdera duela osagarri:
‘Erregistroa zein erakundetan egiten den arabera, babesa eta babesaren
aldia ezberdinak dira’.

Barkatu luzatzea. Gogoa nuen ‘arabera’ honetaz hitz egiteko.

Patxi
_________________________________________________________
Lortu posta elektronikoa doan >>> http://www.euskalerria.org
___________________________________________________________________________________________
Lortu posta elektronikoa doan >> http://www.euskalerria.org



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago