[itzul] EIMAren ortotipografia: letra etzanez idatzitako hitzetan deklina-atzizkia marrarik gabe lotzea dela eta

Agirre, Jesus Mª jm.agirre a bildua parlam.euskadi.net
Ost, Ira 7, 15:00:58, CEST 2005


Hezkuntza Saileko EIMAk ortotipografiari buruzko liburuxka bat argitaratu berri du, Euskaltzaindiaren oniritziarekin, eta irakasmaterialen esparrutik landa ere eragina izateko asmoarekin. Behar-beharrezkoa zen, dudarik gabe, arauketa bat egitea nolabaiteko agintaritza duenak, eta ahalik modurik ofizialenean egin ere, denok konbentzio formal bateratu batzuk jarraitu ditzagun. Oro har, oso interesgarria eta egokia iruditzen zait plazaratutako sistematika. Nolanahi ere, badu puntu bat garbi ikusten ez dudana, eta hemen planteatu nahi nukeena. Letrakera etzanari dagokion atalean, letra etzanez idatzitako hitzei deklina-atzizkia letra arruntez marrarik gabe idaztea hobesten da. Hona hemen adibide batzuk:
EIMAren liburuko adibideak
Herriatik eta Deiatik heldu zaizkigu eskari horiek
Andu Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanezeko pertsonaia da Kornelio
Bernardo Atxagaren Obabakoaken irakurri nuen
Espezieen jatorriatik hartutako datuak datoz Berriaken
Poemako "begietan eoki" dela eta, uste dut ehoren forma dugula aurrean, ez egonena
Neuk egokitutako adibideak
Gwen Stefaniren azken hitak, protesta-hotsak grande bouclean
Ez du enpresa hitza erabiltzen, nahiago du proiektuaz hitz egin
Prestigeren hondamendia 
W. Auropunctataren koloniak [inurri-mota bat da]
Kixoteren argitalpenaren 4. mendeurrena
Parsifalen bertsio berria, Sebastian Alvaro Al filoko zuzendaria, jendea txundituta utzi zuen Mauleko jotak
Itxi egin dituzte herriko tabernak, eroskietan dago salgai; victorinoen kasta; oso dotore zaude levisekin; pymeentzako laguntzak 
Hizkuntza atzizkidun edo aglutinanteei planteatzen zaien arazo hau dela eta, lehen begiratuan, proposamenak hiru gauza ditu bere alde: sinpletasuna, doitasuna eta orokortasuna. Ez da ezer erantsi behar; beraz, ez da ezer berririk ikasi behar, ez dago salbuespenik egin beharrik... Baina baditu gauza garrantzitsu batzuk bere kontra ere. Lehenengoa, eta garrantzitsuena, irakurtzeko zailtasuna da; hots, erreferentzia letra etzanez eta atzizkia letra arruntez besterik gabe josita -hots, letrakeraz soilik bereizita-, hitza (edo hitz sorta) ez da erraz irakurtzen, eta erreferentzia eta atzizkia ez dira ondo bereizten. Eta hizkuntza idatzirako proposamen batez ari gara, hots, irakurketa aise bideratu behar duen neurri batez. Nire ustez lehentasuna eman behar zaie argitasunari eta irakurtzeko erraztasunari. Duda handiak ditut irakur- eta idatz-ohitura berri horretara egite hutsa den koxka. Bigarrena, hain zuzen, orain arte hedabideetan nagusi izan den jokabidearen kontrakoa izatea da (Berria, Jakin, Elhuyar...; Argia aldizkariaren azken alean EIMAren proposamenari jarraitzen zaio).

1) Horregatik, mailegu gordinak, metahizkuntzako hitzak eta izen edo tituluak letra etzanez idaztean, atzizkiak erreferentzian aldaketarik ez dakarrenean, uste dut hobe dela atzizkiaren (edo batzuetan artikulu hutsaren) aurrean MARRA TXIKIA jartzea, nahiz eta horrek pixkat zamatu idazkera. 
Izena eta izana bat datozen izen berezi eta tituluei dagokienez, deklina-atzizkia eranstean aldaketa gertatzen da erreferentzian, hots, galdu egiten da erreferentziako artikulu markagabea. Hona hemen adibide batzuk: 
EIMAren liburuko adibideak
Hiztegi Batuko zerrendaz galdezka agertu zen Euskaldunon Egunkariko kazetaria
Honako hau, ordea, Laborantzako liburutik hartua da; ez Hiztegi Batutik
Gerrako kroniketatik atera dut: alegia, Gerrako kronikak liburutik
Iturriagaren Ipuinetan dator hori: hots, Iturriagaren Ipuinak liburuan
Orixek utzulitako San Agustinen Aitorkizunen ale bat
Euskal Gramatika: Lehen Urratsetako liburukietan datozenak
Neuk egokitutako adibideak
Egues auziko ikerketa batzordea
herriko tabernen diru-sarrerak, jolas gutxi miurekin 
Halakoak asko ez diren arren (gehienbat liburuak ditugu), egia da kasu horietan marra txikia jartzeak, nahiz eta erreferentzia eta atzizkia ondo bereizi, distortsio pixkat ekarriko lukeela erreferentziaren irudikazioan: Hiztegi Batu-ko hitzak (Hiztegi Batua da izenburua), Aitorkizun-etan (Aitorkizunak da izenburua). Eta badirudi ezen, marraz bereizten baldin bada, erreferentzia oso-osorik eman behar dela. Ala ez?

2) Euskal hitz arruntak letra etzanez nabarmendu nahi direnean ere (teknikoak, adierazkorrak, lagunartekoak, ironikoak, markatzekoak eta abar direlako), erreferentzia eta atzizkia letrakeraz soilik bereiztea planteatzen du EIMAren proposamenak, gorago esan bezala. Hona hemen adibide batzuk: 
EIMAren liburuko adibideak
Horrelakoetan, ohiturei begiratzen die historialariak, ez jarrerei
Neuk egokitutako adibideak
Teknikoak: satanen eta eta türken ateraldiak
Berriak: okupen erresistentzia, top mantei erositako CDak
Irudizkoak: otarteko posizioa, materia izoztutako energia da, eraikinaren gaixotasunaren jatorria bilatu, natura haserretzen denean, Moncloako iturriek iradoki dutenez, barne-mintzoa inguruko zaratatik bereizteko, Laiseka zaharrak irabazi zuen etapa, pantera beltzen ekintza odoltsuak
Adierazkorrak: aurtengo modako erreklamazioa
Lagunartekoak: tabernaz taberna poteatzeko leku aproposa
Ironikoak: zauritutako batzuk gune seguruan zeuden, sozialki onartutako normalidadeari men eginda bizi behar dugu 
Markartzekoak: arazoari alderdi politiko-ideologikotik heldu; intelektual engaiatuaren figura; gure hizkuntza bizirik nahi dugu, ez salbaturik
Izen berezietatik eratorriak: keinu wodyallendarrez bete du filma
Lau erreparo egingo nizkioke proposamenari. a) Hitz arruntak ditugu, euskararen korpusekoak, nahiz eta balio erantsiz erabiliak; ondorioz, erreferentzia hutsa markatu beharrean (eta ez atzizkia), normalagoa da euskararen joskera asumitu eta hitzak (edo hitz sortak) hitz-katean hartzen duen forma osoa nabarmentzea. b) Deklina-markak utzi behar al dira bakarrik letra arruntez? Bestelakoak ez (modako erreklamazioa, poteatzeko lekua, benetako ahalegina; gure hizkuntza bizirik nahi duzu ez salbaturik...)? c) Erreferentzia eta atzizkia bereizi beharra lan zaila eta astuna da, idazketa eta irakurketa zailtzea da, ondorio praktiko gutxikoa da... d) Kasu honetan ere, orain arte hedabideetan nagusi izan den jokabidearen kontrakoa da. Beraz, nik horrelako kasuetan HITZ SEGIDA OSOA idatziko nuke etzanez, erreferentzia eta atzizkia.

Laburbilduta, nik bi maila ikusten ditut: a) hitz eta izen berezietan marra jartzea erreferentziaren eta atzizkiaren artean; 2) hitz arrunt nabarmenduak letra etzanez idaztea erreferentzia eta atzizkia. Nolanahi ere, gustatuko litzaidake nire erreparoei norbaitek erantzutea, beharrezkoa baita proposatutako konbentzioak konbentzimenduz onartzea.

EIMAren proposamenak atzizkiarekin berdin jokatzea planteatzen du kakotxak eta letra lodiak erabiltzean ere. Kakotxak puntuazio-marka bat dira, bereizgarri-funtzioa ere izan dezakete erreferentziaren eta atzizkiaren artean; beraz, nire ustez ez litzateke beharrezkoa izango marra jartzea (ados nago proposamenarekin). Letra lodiari dagokionez, gutxiago erabiltzen da hitzaren osagaiak bereizteko; bestalde, etzana baino errazago bistaratzen eta nabarmentzen da, beraz, ez nuke auzian jarriko EIMAren proposamena.



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago