[itzul] -(t)ar, -dun LEHEN: ?

jon-agirre a bildua ej-gv.es jon-agirre a bildua ej-gv.es
Or, Ira 16, 11:38:53, CEST 2005


Aurtengo irailaren hasieran edo, beste zerbait zela eta, -(t)ar aurretik ala
atzetik ote zen ibili ginen. Nik -dun atzizkiaz esana zuzendu behar dut
(-(t)ar, -dun eta -(z)ko oro har aurretik direla, baina atzetik ere zilegi,
esan nuen), Ibon Sarasolaren Euskara Batuaren Ajeak hartuta (88-89. orr.):

"(...)Tradizioan ia salbuespenik gabe frantziar idazlea motako joskerak
agertzen dira, eta G. Garatek, Egunkaria-rekin batean argitaratu zen Euskal
Hiztegi Entziklopedikoa-ren aipamena egiten zuen artikulu batean zioenez,
joskera hori da baserri euskaran egiten dena. Bat nator izenaren aurreko
aldea oso kargatua datorrenean -(t)ar hauek atzealdean izenondo gisa ematea
komeni dela. Baina salbuespena erregela bihurtzea, sistematikoki pintore
estatubatuarra eta idazle txinatarra idatziz, betiko euskara errealaren
kontra premiarik gabe aritzea besterik ez dela iruditzen zait.

Harrigarria bada ere, dun-en bidezko eratorrietan, aulki besoduna joskerak
besodun aulkia-k baino tradizio nabarmen hobea du. (...)".

 

Beraz, honela litzateke erabilera normala:

-(t)ar aurretik

-(z)ko aurretik

atzetik -dun

 

Eta zilegi, alderantzizkoa.

 

Baina -(t)ar atzizkiarekin osatutako hitzen maileguzko baliokideei
dagokienez (frantses, portuges, katalan...), ez daukat hain argi. Izan ere,
lehengoan Gotzonek jarritako adibidean frantses irakaslea (hizkuntza
irakasten duena) ez da frantziar irakaslea sintagmaren baliokidea
(matematika irakaslea irakasle matematikoa ez den bezala). Jar dezagun
hortaz, beste adibide bat: frantses neskatila, neskatila frantsesa. Normala
lehena dela..., zail egiten zait.

 

Bestalde, frantses euskaldun bat zer da:

1.- Frantziako hiritarra, euskaraz dakiena (izena + izenondoa), paristar
euskaldunberri bat jo dezagun, ala

2.- Pertsona euskalduna (agian, Euskal Herrikoa), Frantzian bizi dena edo
hango herritarra dena (izenlaguna + izena), hots, Iparraldekoa.

 

Bigarren kasuan frantses neskatilaren egitura berekoa litzateke, baina
lehenengoan ez. Alegia, Hegoaldekook zer gara espainol euskaldunak (izlag. +
iz. / iz. + izond. [ez]) ala euskaldun espainolak (izlag. + iz. [ez] / iz. +
izond.)?

 

Jon Agirre

Bizkaia

 




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago