[itzul] concejalía delegada
Alberto Martinez de la Cuadra
acuadra a bildua zamudiokoudala.net
Ast, Uzt 12, 11:51:15, CEST 2007
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea aipatu da beste mezu batean. Lege horren 21. artikuluko 1. paragrafoan, alkatearen eskumenak ageri dira zerrendatuta. Bigarren aipatzen dena "Udalaren ordezkari izatea" da (IVAPen itzulpenean halaxe jasoa dago). Artikulu bereko 3. paragrafoaren arabera, "Alkateak eskuordetzan eman ditzake bere eskumenak". Beraz, ordezkari izateko eskumena ere eman daiteke eskuordetzan.
Horregatik, nire ustez, toki araubidearen arlo honetan, "ordezkari" erabiltzea nahasgarri izan daiteke "representante" eta "delegado" adierazteko, eta kasu guztietan ez dira erabat baliokideak izango, nahiz eta beti interpreta daitekeen alkatearen eskumen batzuk eskuordetzan hartzea alkatea eskumen horietan ordezkatzea dela.
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea, Espainako Konstituzioa, Europako Konstituzioa, Kode Zibila, Prozedura Kriminalaren Legea eta beste batzuen itzulpenetan, "eskuordetu" edo "eskuordetzan eman" erabili da. Hori ere kontuan hartu beharrekoa dela uste dut. Zehazkin proposatutako "-en esku utzi" eta "delegatu" neuk ere erabiltzen ditut, baina eskumenak ematen direnean "ordezkaritza eman" ez dakit erabat baliokidea den.
Alberto
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago