[itzul] ER: Ternutik ala Ternuatik

Juan Garzia Garmendia svrinsjg a bildua sv.ehu.es
Or, Uzt 20, 10:14:16, CEST 2007


Inor ausartzen ez denez garbi esatera, horra:

Euskaltzaindiaren araukoa okerra da (lapsus edo beste), eta lasai hartu
beharko genuke hori, ez baita, inondik inora, infaliblea. Berari dagokio,
bada, okerra zuzentzea (edo kontra-argudioak ematea, baina ez da erraz
ikusten zein), eta ez guri hari itsuki men egitea, jakinik okerra dela.

Pentsatzen diat, Alfon, badutela Euskaltzaindian zuzenkizun horren premiaren
berri. Bai, ezta?

-----Jatorrizko mezua-----
Nondik: itzul-bounces a bildua postaria.com
[mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]Honen izenean: alfon a bildua elhuyar.com
Bidalia: asteartea, 2007.eko uztailak 17 20:36
Nora: ItzuL
Gaia: Re: [itzul] Ternutik ala Ternuatik


Erabilera-datuek garbi erakusten dute "Ternua" toponimoak a berezkoa duela.

Orotariko Euskal Hiztegiaren corpusean ez da inoiz ageri "Ternuko".
"Ternuako", berriz, zenbait aldiz ageri da, idazle hauek erabilia:

-Piarres Etxeberri (Nabigazioneko liburua);

<<Segidan dire Ternuako zundak hasten zarela Sen Tierretarik eta Cap de
Grateraiņokoak>

-Koldo Mitxelena (Idazlan hautatuak):
<<Ez gara noski euskaldunok Ternuako lur elkorrak lehenbiziko aldiz ikusi
zituzten europarrak, ezta ere arrantza horretara aurrenik ausartu ziren
gizonak>>

-Jean Etxepare (Buruxkak):
<<Amerika behereak hartu bide zituen lehenbizikoak, bakar zenbeit
bizkitartean iparrari buruz kokatzera zoazilarik, Ternoako alderat>>

-Arbelbide (Igandea edo Jaunaren eguna):
<<Untzirat igan eta ilhabetea gabe, Ternuako hegietan galduak zirela
ethorri zen berria>>

(Hegoaldeko idazleek, gehienbat Terranoba/Terranova erabili dute:
Salbatore Mitxelena, Etxeita, Iztueta, Orixe, Uztapide, Erkiaga, Iraola)
----------------------------------------
Ereduzko Prosa corpusean ere ikusten da argi idazleek zer erabili duten:
"Ternuko" ez da behin ere agertzen. "Ternuako", berriz, idazle hauek
erabili dute:
-Koldo Izagirre
-Aurelia Arkotxa
-Julen Gabiria
-Josu Zabaleta
-Itxaro Borda
----------------------------------------
Bestalde, zalantza hori bera ibili zen erabili.com web gunean 2004an. Hona
hemen Jerardo Elortza Egaņa Mondragon Unibertsitateko irakasle ezagunak
zer erantzun zuen:

2004-09-21 / Jerardo Elortza
(http://www.erabili.com/zer_berri/galdezka/1094914729)
Nire ustez, TERNUA lekuizenak "a" itsatsi garbia dauka. Horrela agertzen
da behintzat Baionako Euskal Museoan gordetzen den eskuizkribu baten
hasieran datorren bertso-sortan. Eta "Ternuaco" ez ezik, "Ternuara" eta
"Ternuarat" ere bai. Kasu hauek aurki daitezke 53 ahapalditako poema luze
horretan.
NOR: Ternua [bi aldiz]
NORA: Ternuara [bi aldiz]
NORAT: Ternuarat [hiru aldiz]
NON: Ternuan [bi aldiz]
NONGO: Ternuaco [behin] (Ternuaco penac)
Eskuizkribu bereko beste poema batean "Ternuaren premia" eta "Ternua galdu
gueroz" irakurtzen dugu.
Poema hauek ETOR argitaletxeko "Itsasoa 3", 277-286 oo., liburuan
publikatu genituen duela ia hogei urte. Handik laster Patri Urkizuk
kaleratutako "Bertso zahar eta berri zenbaiten bilduma (1798)", Durango
1987, izeneko liburuan ere azaldu ziren. Dena den, Ternuari buruzko poema
XVIII. mendearen hasierakoa edo agian lehenagokoa dela iruditzen zait.
Horiek izango dira, seguruenik, "Ternua" hitzaren aipamenik
zaharrenetarikoak.
--------------------------------
Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak


> Euskaltzaindiaren 'mundu zabaleko uharte nagusiak' arauan honela dago
> jasota:
>
> Ternua
>
> Ternuan / Ternuko
>
> Terranova
>
> Terre-Neuve
>
>
> Baina, Hezkuntza Sailaren Ikasmaterialen Aholku Batzordearen
> estilo-liburuan, onomastikari dagokion atalean honela:
>
> Ternua
>
> Eta beraz, Ternuako, Ternuatik....
>
> Argibiderik bai?
>
> Eskerrik asko!
>
> Mikel Barrios
>




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago