[itzul] codesarrollo eta damnu kolateralak

Juan Garzia Garmendia juangarzia a bildua gmail.com
Or, Abu 1, 11:17:59, CEST 2008


Arrazoibide egoki eta xehetasun jakingarri horien artean, apur bat harritu
nau ko- aurrizkiaren aldeko tematxo horrek.



Bide horretatik, alde batetik, uko egiten diogu itzuli beharreko kontzeptua
benetan interpretatzeari, eta hitzaren (osaeraren) axaleko itxurarekin
geratzen gara; hori, gaizki itzultzea baino areago, EZ itzultzea da,
itzultzeari UKO egitea. (Urrutira jo gabe, "codesarrollo" eta "coeducación"
aski co-termino desberdinak dira, kontzeptuz).



Nik ez nioke horri, prezisamentean, "estandarizazio" deituko, euskararen
berezitasunak eragiten dizkigun nekeekin aspertu-amorraturik egotea baizik,
eta ulertzen dut, noski, ulertuko ez dut ba, baina horixe da gure
eginkizuna: nekeon bitartez euskararen berezitasuna (munduaren aurrean hain
harro gauzkana) zuhurki gobernatzea (harrotzeko ez ezik, gure artean ganoraz
eta pulamentuz komunikatzeko).



Bestetik, Troiako zaldi hori ere, lehenaz gainera, gurean (on)hartuz gero,
atzerantz ere zergatik ez egin, eta "cooperación" eta "colaboración", esate
baterako, "koeragiketa" eta "kolanketa" itzuli?



Uste dut hori baino zuhurrago litzatekeela, behin hasiz gero, zaldiarekin
gurdia ere sartzea, natural-natural: kodesarroiloa, koedukazioa,
kooperazioa, kolaborazioa, (kalte) kolateralak...



Bestela eman dezake, baina guztiz serio ari naiz; ni ez nintzateke lotsatuko
hiztegia halako hitzez josirik balego. Jakina, gero, hitz horiekin (eta
kultura-hitz guztiekin?) loturik doazenak ere (izenondoak eta gainerako
osagarriak) bide beretik ematea hobe: kalkatzeko lanik ere ez, eta
mailegu-mordoilo gordina: "kooperazio internazionala salbatzeko baleak" eta
abar.



Hartara, hiztegi-konplexu guztiak alde batera lagata, eta with a little help
by gure sintaxiasmatzailerik bipilenak, urrasño bat baino ez genuke egin
behar hizkuntza guztiz funtzionalera iristeko, hots, "euskal" ortografiazko
erdarara: "kooperazio internazionala pro promozioa pintxo of pikillo
errellenoa".



Tira, (ia) dena da noski iritzigarri, baina ia ez dugun, nik hemendik tira
eta zuk handik tira, orekaren sena bederen galtzen.



On degigula.



2008/7/29 Alfontso Mujika <alfon a bildua elhuyar.com>


> "kohezkuntza" sortzeko urratsa egiten ausartzen ez bagara
>
>
>



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago