[itzul] Wordfast erabiliz, atzerriko hizkuntza batetik euskarara egindako itzulpenak nola errraztu
Inigo Etxabe
inigo.etxabe a bildua gmail.com
Al, Uzt 7, 10:29:20, CEST 2008
Atzerriko hizkuntzetatik (ingelesetik edo frantsesetik esaterako) testu
tekniko bat itzuli behar dugunean, lana asko erraztu dezakeen teknika bat
azaldu nahiko nizueke mezu honetan. Lehenik, arazoa aurkeztuko dizuet.
Bigarrenik, behar ditugun tresnak azalduko ditut. Hirugarrenik, jarraitu
beharreko metodologia eta, azkenik, lortuko dituzuen hobekuntzak.
1. Arazoaren planteamendua
-----------------------------------------
Ingeleseko eta frantseseko itzultzaileei askotan kosta egiten zaie
jatorrizko testua ulertzea. Batzuetan, itzulpen unitate batek guztiz ongi
ulertzen ez diren terminoak dituelako; besteetan, egitura konplexu eta luzea
duelako. Agian ulertu ongi ulertzen da, baina kosta egiten da ingelesarenak
diren egituretatik euskarak bereak dituen egituretara salto egitea.
Itzulpenak egiten dituenak ongi daki noiz bereganatu duen jatorrizko
testuaren edukia: irakurtzea amaitu baino lehen esaldiaren egitura
deskonposatu du bere buruak, eta itzulpena idazten hasteko irrika sentitzen
du. Beste kasu batzuetan, ordea, jatorrizko esaldia behin edo bi aldiz
irakurri arren, ez du horren argi ikusten euskaraz zein egitura erabili
dezakeen itzulpena zehatza izan dadin. Neurri batean, hizkuntzaren ezagutza
mailagatik gertatzen da hori: atzerriko hizkuntza bat berea balitz bezala
menderatzen dutenei ez zaie horren sarritan gertatuko hori; bai, ordea,justu
-justuan menderatzen dutenei.
Edozein kasutan ere, itzultzaile guztiei bururatzen zaie noizbait galdera
bera: nola esango litzateke hori beste hizkuntza batean? Erreferentzia gisa,
hurbilagokoa dugun beste hizkuntza batean nola esaten den jakingo bagenu,
asko erraztuko liguke horrek gure lana.
2. Behar ditugun tresnak
-----------------------------------
Teknika hau aplikatzeko behar diren tresnak dohakoak dira, eta edonork
eskura ditzake. Hona hemen:
- Wordfast-en azken bertsioa. Internet bidez demo bat eskura daiteke
(Trados-a duzuenontzat nahiko da demoarekin, ondoren garbiketak Trados
bertan egin baititzakezue)
- Interneteko konexioa
- Internet Explorer nabigatzailea (Windows SEarekin datorrenez, gehienok
instalaturik izango duzue honezkero)
Wordfast-eko azken bertsioetan itzulpen automatikoa egiteko aukera
eskaintzen da. Itzulpen automatiko hori hizkuntza-bikote askoren artean egin
daiteke (tamalez, euskara ez du onartzen oraindik), besteak beste,
gaztelania, ingelesa, frantsesa, italiera, txinera, errusiera eta abar.
3. Jarraitu beharreko metodologia
------------------------------------------------
- Itzulpena ingelesetik euskarara egin behar dugula pentsatuko dugu
- Atal honetan azaltzen diren puntu batzuk nola egiten diren ez baldin
badakizu, jo ezazu Wordfast-en eskuliburura
Itzulpena egiterakoan, jarraitu honako urrats hauek:
1. Konfiguratu wordfast.
1.1 Sortu memoria berri bat jatorrizko hizkuntza ingelesa duena (EN-US)
eta itzulpenaren hizkuntza gaztelania (ES-ES).
1.2 Konfiguratu itzulpen automatikoa (MT atala) web bidezko itzulpenak
egiteko. Aukeratu Google itzultzaile gisa.
2. Zabaldu lehenengo segmentua. Wordfast-ek gaztelaniazko testu bat
erakutsiko dizu, Google-en itzultzaile automatikoa erabiliz eskuratu duena
(itzulpenik erakusten ez badizu, itxi segmentua eta zabaldu berriz, edo
egiaztatu Wordfast ongi konfiguraturik dagoela eta Interneteko konexioa
duzula).
3. Sakatu Enter itzulpenaren hasieran. Horrela, itzulpena idazteko
laukitxoan lerro berri bat izango dugu.
4. Orain, goiko aldean jatorrizko testua dugu (ingelesekoa), eta beheko
aldean beste hizkuntza batean egindako itzulpenaren proposamen bat .
5. Ingeleseko segmentua irakurri eta egituraz jabetzea kosta egiten zaigula
ikusiz gero, gaztelazniakoa irakurri dezakegu, horrek lana errazten digun
ala ez jakiteko. Edozelan ere, ez hartu gaztelaniazko testua jatorrizko
testu gisa! itzulpen hori automatikoki egin denez, kontu handiz hartu behar
da hor agertzen den informazioa.
6. Idatzi euskarazko itzulpena oraindik zuri dagoen lerroan. Itzulpena
idatzi ondoren, ezabatu gaztelaniazko testua eta itxi segmentua.
7. Errepikatu 2.etik 6.era dauden urratsak dokumentu osoa itzuli arte.
4. Lortuko dituzun abantailak
--------------------------------------------
1. Jatorrizko testua ongi ulertzen denean, itzulpen automatikoak ez du
estorbu handirik egiten, zuzenean ezabatu eta euskarazko testua idatzi
baitaiteke.
2. Jatorrizko testua ongi ulertzen ez bada, edo egitura arraroa izateagatik
euskarazko itzulpena berehala sortzen ez bazaigu buruan, gaztelaniako testua
irakurri dezakgu, horrek testuaren iluntasuna argituko duen esperantzarekin.
Gaztelania hurbilago dugun hizkuntza denez, baliteke euskarazko itzulpena
errazago egituratzea gure buruan.
3. Jatorrizko testua ongi ez ulertzeaz gain, gaztelaniazko itzulpena gaizki
eginda dagoela argi eta garbi ikusten bada, gutxienez, ulertzen ez ditugun
termino guztiak batera itzulita ikus ditzakegu (termino bakoitza hiztegi
batean bilatzen ibili beharrean). Mota jakin batzuetako testuekin (teknikoak
direnekin bereziki) itzulpen horiek nahiko onak direla egiaztatu ahal izan
dut (Google-en itzultzailea erabilita; ez dakit Babelfish-ek nolako emaitzak
ematen dituen).
4. Jatorrizko testua ongi ez ulertzeaz gain, ulertzen ez ditugun terminoak
ere ez baditu ongi itzuli (ez ditu ongi desanbiguatu), orduan, 1. kasuan
bezala, gaztelaniazko itzulpena ezabatzea izan daiteke egokiena, eta
itzulpenari zerotik ekitea.
5. Kontuan izan, ordea, memoria ingelesetik gaztelaniara konfiguratu dugun
arren, memorian sartzen ari garena euskarazko testuak direla. Horrek esan
nahi du Wordfast-ek gure testuarentzat ordainik aurkitzen badu memorian,
hori erakutsiko digula lehenengo (itzulpen automatikorik egin gabe).
Wordfast-ek %25eko zigorra sartzen die automatikoki itzuli diren segmentuei.
Hortaz, memorian %76 edo parekotasun-maila altuagoa duen beste itzulpenen
bat aurkitzen badu, hori da erakutsiko diguna, eta ez itzulpen automatikoa.
5. Ondorioak
------------------
- Zuetako batzuek esango duzue metodologia hori ez dela oso ortodoxoa. Azken
batean, ordenagailuaren albo batean jatorrizko liburua eta, beste alboan,
gaztelaniazko itzulpena izatearen parekoa da. Erreferentzia gisa
gaztelaniazkoa hartu nahi baduzue, ondo, eta bestela ere ondo.
- Behin dokumentua itzulita, garbiketa ingelesa-euskara memoria batean egin
beharko litzakete, edukia eta konfigurazioa koherenteak izan daitezen
- Baliteke metodologia hau segmentu guztietan erabilgarria ez izatea. Kasu
horietan itzulpen automatikoa ezabatu baino ez duzue egin behar.
Gainerakoetan, laguntza txikiren bat ematen badu ongi etorria izan dadila!
Iñigo Etxabe
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago