[itzul] Marra Hiztegi Batuan

alfon a bildua elhuyar.com alfon a bildua elhuyar.com
Ast, Uzt 10, 17:23:17, CEST 2008


(Goizeko 10etan bidali dut mezu hau, baina ez da atera. Horregatik  
bidaltzen dut berriro)

<<<
Karlos del Olmo:
Baten batek badaki, argiro, zein diren arauak edo irizpideak marra jartzeko
orduan? Hau da, "esku-hartze", baina "habitu(-)hartze", "parte(-)hartze"...
Jabetzan dudan neurona bakarra lehertu beharrean daukat arau mailako  
hiztegiko tripak ikasi guran!
>>

Atzo bertan, UEUn, gai horixe landu genuen luze-zabal: marratxoaren  
aplikazioaren arazo praktikoak.

(badaezpada, abisua: mezu luzetxoa da)

Neuronabakarra zein zeuronaniztuna izan, Karlos, nekez ikasiko  
dituzu/ditugu arau mailako hiztegiko tripak, tripok asistematikoak  
direnean.

Euskaltzaindiak esan eta arautua du (25. araua da, indarrean dago, eta  
aski argia da, nire ustez. Egia da behar lukeela eguneratze bat, puntu  
batzuetan, baina badakigu Euskaltzaindiaren makineria motela dela)  
hitz-elkarte sintetikoak -egile-elkarteak (kale-garbitzaile),  
ekintza-elkarteak (argi-urratze) zein jardun-elkarteak (ate-joka)  
izan-, marratxoz edo bereiz, idazleak hobetsi bezala, idaztekoak  
direla. Arau horren aplikazioak eskatzen du Hiztegi Batuan aukera hori  
esplizitatzea, non eta ez dagoen arrazoi bereziren bat aukera  
murriztea ekarri duena (hala nola jatorrizko esanahiaz besteko eremu  
semantiko berriak hartu izana hitzak, edo hots- edo grafema-juntura  
deserosoak). Hau da: ?kale(-)garbitzaile?, ?argi(-)urratze? eta  
?ate(-)joka? agertu behar luke Hiztegi Batuak Euskaltzaindiaren araua  
zintzo bete nahi izanez gero. Hala, marrazaleok ?kale-garbitzaile,  
argi-urratze, ate-joka? idatziko genuke, eta bestelakoek ?kale  
garbitzaile, argi urratze, ate joka? idatziko lukete.

Hala ere, Hiztegi Batua, beste gauza asko oso onak baditu ere, ez da  
horretan oso sistematikoa izan. Egia da bigarren itzulian ari direla,  
eta gauza asko hobetzen ari direla, baina bigarren itzulia pasa da  
dagoeneko a, b, c d eta e letretatik, eta, marrari dagokionez, gauzak  
ez dira erabat zuzendu.

Hona adibideak, elkarte sintetikoei dagozkienak (den-denak Hiztegi  
Batutik hartuak):

Aukerarik utzi gabe, marraz:

abere-hiltzaile, agindu-emaile, aho-artatzaile, argi-egile,  
argi-emaile, arrabita-jotzaile, arrain-saltzaile, aterki-konpontzaile,  
kale-garbitzaile, bateria-jotzaile, belar-epaile, bide-erakusle,  
bide-urratzaile, bilo-mozle, biolin-jotzaile, bizi-emaile,  
boto-emaile, boz-emaile, danbolin-jotzaile, ezkontza-nahasle,  
esku-hartzaile, ile-apaintzaile.

Aukera esplizitatuta, marraz edo bereiz:

bazter(-)nahasle, parte(-)hartzaile, bertso(-)jartzaile,  
erloju(-)konpontzaile, erloju(-)saltzaile, kontu(-)emaile,  
kontu(-)hartzaile, pandero(-)jotzaile, piano(-)jotzaile,  
soinu(-)jotzaile.

Zer arrazoi dago, batetik, ?arrabita-jotzaile?, ?bateria-jotzaile? eta  
?danbolin-jotzaile? agertzeko, eta, bestetik, ?pandero(-)jotzaile?,  
?piano(-)jotzaile? eta ?soinu(-)jotzaile? agertzeko? Bat ere ez.  
Pentsatu behar dugu kontrolak huts egin duela, besterik gabe.

Zergatik ?itsu-gidari? baina ?auto(-)gidari??

Zergatik ?abiadura(-)aldagailu?, ?abiadura(-)neurgailu? eta  
?euri(-)neurgailu? baina ?disko-jogailu??

Zergatik "esku-hartze" baina "abitu(-)hartze", "parte(-)hartze"?  
galdetu du Karlosek. Ez dira bakarrak: ?esku-sartze? ere hor dago  
batetik, eta ?kontu(-)hartze? bestetik.

Horiekin batera, harrigarria da ?hats(-)hartze? agertzea, marratxoa  
aukeran duela. Nork idatziko du ?hatshartze?? Ez da oso logikoa.

Eta, bitxikeriekin jarraitzeko, hor daude, bestetik, ?adarjotze? eta  
?adarjotzaile?, loturik. Salbuespen horrek, dena den, badu azalpena,  
nik uste: ?adarjotze? ez da fisikoki ?adarra jotzea?; beste esanahi  
bat du, eta horregatik da salbuespena (nire iritzia da).

Eta adibide horiek guztiak elkarte sintetikoak soilik kontuan hartuta.  
Gainerako hitz-elkarte motetan ere bada zer esanik Hiztegi Batuaren  
marraren erabilera asistematikoaz. Beste baterako utziko ditugu.

Zer pentsatu behar du itzultzaile batek ?esku-hartze? eta  
?parte(-)hartze? ikusita? Nola jokatu behar du? Adarra jotzen ari  
zaizkiola pentsatzeaz gainera, honela jokatu behar luke, nire ustez:  
Euskaltzaindiaren 25. araua betez.

Beraz, aukerakoa denetan marraz idazteko ohitura badu, ?esku-hartze?  
eta ?parte hartze? idatzi. Aukerakoa denetan marra ez idazteko ohitura  
badu, ?esku hartze? eta ?parte hartze?, hau da, Hiztegi Batuaren  
barne-kontraesanak bereganatu gabe.

Kosta egiten zaigu men ez egitea, hain gara esaneko (nik, hala ere, ez  
dut proposatzen Euskaltzaindiari men ez egitea: Euskaltzaindiaren  
araua betetzea proposatzen dut, Hiztegi Batuaren interpretazio  
ezinezkoetan hasi gabe). Izan ere, gaizki ulertutako esanekotasunaren  
izenean Karlosen neurona lehertzen uztea ez da osasungarriagoa.

Bestalde, beste mezu batean, Jabier Zabaletak honela zioen:

<<'arrantza-ontzi' ematen du Hiztegi Batuak eta ez 'arrantza(-)ontzi'.  
Mota horretako hitz elkarketetan (hitz-elkarketetan?) marratxoa  
erabiltzearen aldeko zantzutzat hartu behar da, ala hitz pare jakin  
horri baizik ez dagokio?>>

Nik ez nuke, badaezpada, ezeren zantzutzat hartuko. Euskaltaindiaren  
25. arauak argi eta garbi esaten du menpekotasunezko hitz-elkarteak  
marraz nahiz bereiz idatz daitezkeela.

Aurreko lerroetan Hiztegi Batuaren asistematikotasuna aipatu badut,  
orain esan behar dut "ontzi" hitzaren kasuan oso argia dela (eta  
ikasteko oso erraza) Hiztegi Batuaren jokabidea:

1- "ontzi" hitzaren mugatzaile den hitza silababakarra edo bi  
silabakoa bada, loturik idazten da. Adibideak:
aireontzi, argiontzi, arrainontzi, itsasontzi ("itsas" baita, arautua,  
hitz-elkartearen lehen osagaia denean), atoiontzi, baleontzi ("balea"  
da, berez, baina tradizioduna da "baleontzi"), bainuontzi, belaontzi,  
piperrontzi, bitxiontzi, postontzi, gatzontzi, laketontzi, gatzontzi,  
gerraontzi, hautsontzi, loreontzi, lurrinontzi, lurrunontzi, oliontzi  
("olio" hiru silabakoa da, baina "olioontzi" hori saihesteko da),  
orratzontzi (nahiz eta, gero, "orraztoki" sarreraren azalpenean,  
"orratz-ontzia" jarri duten, baina garbi dago akatsa dela),  
paperontzi, teontzi, tintontzi (forma erregularra "tintaontzi"  
litzateke, dena den, "belaontzi" arautuan bezala, eta ez *"belontzi"),  
txizontzi (beste hainbeste), zaborrontzi.

2-"ontzi" hitzaren mugatzaile den hitzak bi silaba baino gehiago  
baditu, marratxoz. Adibideak:
arrantza-ontzi, espazio-ontzi, aterki-ontzi, azukre-ontzi,  
bakailao-ontzi, entsalada-ontzi.

Beraz, oso sistematikoa da, kasu honetan, Hiztegi Batua. 25. araua  
zehatz-mehatz betetzera, marratxoz ageri diren horiek marrarik gabe  
ere idatz litezke, egia da (niri, zer esango dizuet, "Arrantza ontzian  
arrantzan ari ziren" irakurrita, marratxorik gabe, "Arrantza izeneko  
ontzian arrantzan ari ziren" bururatzen zait, baina marrafiliak jota  
nagoelako izango da noski)

Alfontso Mujika

Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak

------------------------------------------
Iņaki Arrieta(e)k dio:
Egingo nuke(,) Alfontsok baduela zer esanik auzitxo honen inguruan, eta
esango duela, Eibarko ikastaroa ematen bukatu orduko.




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago