[itzul] Claras y clareos

Echegaray Agara, Juan Pedro (Itzultzailea:NAO/BON) jon.etxegarai.agara a bildua cfnavarra.es
Al, Abu 3, 09:34:38, CEST 2009


Barkatu, baina oporretatik itzuli berria naiz eta oraintxe irakurri dut zure mezua.
Nafarroako Aldizkari Ofizialean ari naiz itzultzaile aspalditxotik eta, tarteka bada ere, Foresna-Zurgaia basozaleen elkartean ere bestelako lanak eginkatu ditut, (aldizkaria, liburuxkak,...) bertako kidea bainaiz, Biologian lizentziaduna izanik kidetu bainintzen, afizio hutsez.
Oso hiztegi berezia erabiltzen dute basozainek eta hitz bakoitza oso lan mota zehatzari dagokio, ez dira nolanahi erabiltzen, euskaraz maizegi erabiltzen ditugun maneran, tamalez.
Hona hemen, behin elkarteko basozain bati galdetuta, emandako azalpena, argigarria baita oso:

"Clareo, clara, entresaca, hiruetan bakandu egiten da.

Clareo: honetan ez da etekin ekonomikorik izaten, mozten diren ondoak bertan usteltzen dira. Jabeak ordaindu behar du lan hauek egiteagatik.



Clara: kasu honetan ondoek badute, txikia bada ere, errendimentu ekonomikoa eta normalean papelerarako materiala ateratzen da, nahiz eta batzuetan jabeak ere ordaindu behar duen. Zenbat eta zaharrago den pinadia gero eta gehiago balio du.



Entresaca: hau erabiltzen dugu, gehienetan, matarrasan bota aintzineko claratan, balore ekonomiko haundia delarik.



Dena den beti bakandu egiten da."

Hara zertan den desberdintasuna!

Berak dio beti bakandu egiten dutela, jakina, lan mota horiei guztiei bakandu erraten ahal zaie, baina lan bakoitzak badu bere erranahia.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean eztabaida mahairatu nuenean, nire proposamena izan zen: bakantzea, bakanketa, entresaka eta matarrasa egitea (edo lehenbiziko biak alderantziz, ez dut gogoan).
Lehenbiziko biak oso-oso hurbil daude baina, erabaki beharra zegoen eta, konturatzen bazara, erdaraz ere clara eta clareo erro bere-beretik doaz biak, oso hurbil.
Orduz geroztik, Nafarroako Gobernuko hainbat basozain ezaguni ere egin diet galdera eta den-denek erantzun bera eman didate, arront desberdinak direla lan mota horiek denak (dirua ordaintzetik dirua jasotzera alde ederra bada).

Eta zail suertatuko zaizu gai honi buruz informazio gehiago ateratzea, ez erdaraz ezta euskaraz ere...eta gainera kontzeptua ez baduzu argi, nola arraio eman bakoitzari euskarazko ordaina?

Beno, berandu bada ere, lagungarri izanen duzulakoan.

Jon Etxegarai



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago