[itzul] bost pertsonatik bat ala bost pertsonatatik bat?
LARRINAGA LARRAZABAL, ASIER
larrinaga_asier a bildua eitb.com
Ost, Api 27, 15:52:44, CEST 2011
Horrelako formuletan, "erreferentzia-multzoa" pluralean ere jar daiteke? Askotan izan dut zalantza, eta askotan pentsatu dut baietz.
<<Ehunetarik bat>> esaten denean, ematen du "erreferentzia-multzoa" (ehun) pluralean deklinatuta dagoela. Orotarikoan hainbat adibide aurki daitezke:
- Ez da, bana bertze, ehunetarik bat, ez eta berrehunetarik bat, bere haurrei eskolan otoitzak eta katixima erakatsi nahi ez lioketenik. (Hiriart-Urruty)
Hegoaldeko adibideetan -etatik ageri da, baina ez dit ematen mugagabe marka denik.
- Ez dira asko: ehunetatik bat gehienaz ere. (Mitxelena)
Erreferentzia mila izanda, honelakoak dakartza OEHak.
- Miletarikan batek / etzuen sinisten. (Bordel)
Gipuzkerako adibideetan <<milatatik>> dator, baina Gipuzkeraz -a amaierako hitzetan plurala -atatik atzizkiaren bidez egiten delakoa daukat.
- Ez naiz arritzen ni / onak ez irtetea / millatatikan bi. (Pascual de Iturriaga)
Beste hainbat adibide, era askotakoak, Klasikoen Gordailutik jasoak.
- Hola, hamar lagunetarik zortzi etziren eroriko. (Jean Elizalde)
- Hari iharduki nahi balio, ez luke miletarik behin zer ihardets hari. (Duvoisin)
- Bolibi-ko gainzelaiaren milletatik bat ba-lu, bai erri xoragarria! (Orixe)
Ez dakit adibideok asko frogatzen duten, baina zuzentzera etorri zaizkidan testuetan asko eta askotan aurkitu ditut antzekoak.
- Zazpi nesketatik bat 14 urte bete baino lehen geratzen da haurdun.
Eta zalantza egin dut, esan bezala.
Asier Larrinaga
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago