[itzul] proyecto estrella
Patxi Petrirena
petrirena a bildua gmail.com
Ost, Urt 25, 23:53:50, CET 2012
Hara hogeigarren mezua! Jon Altza: hil duk, hik, erbia altxa! Zuen
bulego horretako zalantza, auzo birtualeko saltsa. Hau dugu, eguneko
ez ezik, hilabeteko eta hilabeteetako "gai izarra" (?).
Iruditzen zait ez dugula inork auzitan jartzen "zu zara nire izarra"
(edo "hura da taldeko izarra") modukorik, eta, aldiz, zenbaiti
zalantza sortzen digutela, gutxienez, "hau dugu proiektu izarra"
modukoek: izenetik adjektibora pasatzean dago koxka, nire ustez (eta
badakit nik baino lehen norbaitek esan duela hori).
Gehiago izango dira, baina nik "izar" adjektibo-nahi horrekin beste
hiruzpalau lotzen ditut, izen izanik adjektibo moduan edo erabiltzen
ditugunak: "kide", "gako", "giltzarri" eta "ardatz". Izan ere, esan
esaten ditugu "estatu kide" (=kide den estatu), "hitz gako" (=gako den
hitz), "erakunde giltzarri" (=giltzarri den erakunde) eta "izen
ardatz" (=ardatz den izen), oker ez banago. Ez dakidana da hitz horiek
adjektibo bete-betekotzat har ditzakegun jadanik edo zer diren;
izen-elkarketen saileko molde bat bada atributu-elkarte esaten zaiona
eta "B den A" moduan irudikatzen dena: "harri zilindro" (=zilindro den
harri, =harri zilindriko, gutxi gorabehera).
[Ikus genitzake, bide batez, zerrenda honetan bertan "nation state"
dela-eta ibilitako solasak, mezu honetan eta ingurukoetan:
http://postaria.com/pipermail/itzul/2004-October/001353.html]
Nik neuk, "proiektu izar" gordinxko sentitzen dut gaur-gaurkoz, eta
normalagotzat dut "proiektu gailen", "proiektu nagusi" edo halakoren
bat. Ez nago seguru, hala ere.
Bide batez: "estatu kide" esaten dugu, bai, baina muga sintaktiko
nabarmen samarrak ditu eraikuntza horrek, ezta? Esate baterako,
"Europar Batasuneko kide den estatu" ezin adieraz daiteke "Europar
Batasuneko estatu kide" esanez, nik uste.
Egun ona izan.
Patxi
2012/1/25 Koldo Biguri <kbiguri a bildua yahoo.es>:
>
> Eztabaida oso interesgarria da, benetan, itzulpena eta zuzentasuna ulertzeko ditugun modu desberdinei dagokielako, kasu jakin baten aitzakiarekin.
>
> Hasteko, gogoetatxo bat: ezin da konparatu kalko semantiko bat oker gramatikal nabarmenekin, eman diren argudio batzuetan egin diren bezala; akats gramatikalak garbi dago akatsak direla, baina nork eta zein irizpideren arabera erabakitzen da halako kalko semantiko bat akatsa dela eta ez dela "zuzena"?
>
> A, bai! Hizkuntzalari edo filologo errespetagarriek esaten dute irizpidea izan behar duela halako hitz edo esamoldea mailegatzea onargarriagoa dela "nazioartekoa" denean (zenbat nazioren artekoa? Nork daki, ingelesez eta beste lau-bost-sei hizkuntzaz aparte, nola esaten diren kritikatzen diren baliabide semantikoak?), eta ez dela onargarria bakar-bakarrik gure beste hizkuntza ere baden horretan bakarrik esaten bada (esaten badugu, alegia): alegia, "kirofanoa" ezin da erabili erdaratik hartutako mailegua delako (nahiz eta euskaldunen ahotan beste hitzik egon ez), eta "ebakuntza-gela" edo horrelako zerbait erabili behar dugu, gureak ez diren beste nazioarteko hizkuntza horietan hala esaten dutelako. Bitartean, biba eskizofrenia linguistikoa!
>
> Alegia, itzultzaileak gara, bai; baina gure jarduera ikertzen duen zientziak esaten duena albo batera utz dezagun (alegia, Helburuko Testuaren naturaltasuna eta, ondorioz, ulergarritasuna hobetsi behar dela, zuzenak diren baliokidetasun posibleen artetik), eta beti bezala txintxo-txintxo men egin diezaiegun gure hizkuntzalariek eta filologo ugariek beraien zientziaren abiapuntuetatik ezarritako irizpideei bakarrik.
>
> Kasu konkretu honetara etorriz, berdin da Googlen adibide mordotan topatzen bada ere "proiektu izarra" esapidea, gure egunkari eta aldizkaririk ospetsu edo entzutetsuenetan: erdaraz bakarrik erabiltzen den kalkoa denez, zaborrontzira; baina erdaraz eta ingelesez erabiliko balitz, orduan aurrera.
>
> Ba, kasu horretan, erabil dezagun "proiektu enblematikoa", ingelesez "emblematic project" eta erdaraz "proyecto emblemático" erabiltzen delako. Edo, bestela, begiratu Eurodicautomen, adibidez, eta hara zer topatuko dugun:
>
>
> ES proyecto "Flagship"
> proyecto estrella
> DA flagskibsprojekt
> DE Leuchtturmprojekt
> richtungsweisende Programme
> EL πρωτοπόρο σχέδιο
> έργο flagship
> EN flagship project
> FR projet vedette
> projet phare
> IT progetto trainante
> progetto "portabandiera"
> MT proġett 'flagship'
> NL "vlaggeschip"-project
> PT projecto principal
>
> Aukeratu, orduan, nazioartekotasuna:
>
> Proiektu itsasargia (faroa?), frantsesez, alemanieraz bezala.
> Proiektu banderaeramalea (ikurrineramalea?), italieraz bezala.
> Proiektu itsasontzi nagusia, frantsesez eta ingelesez eta beste hizkuntza germanikoek bezala.
> Proiektu nagusia, portugesez bezala.
> Proiektu txapelduna (grekerazkoak hori esan nahi du).
>
> Marrazki bizidunetan bezala, "oso jostagarria", ez?
>
> Eta, bide batez, Orotariko Hiztegian ez da falta "izar" hitza antzeko zentzuan: "Zu zara nire izarra", "Izarren artean izar Baigorriko andreak", "Andere espos maitagarria, gure etxeko izarra". Hain urruti ikusten duzue hortik "gure proiektu izarra"?
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago