[itzul] euskararen desafektua

LARRINAGA LARRAZABAL, ASIER larrinaga_asier a bildua eitb.eus
Ost, Abe 7, 12:35:53, CET 2016


Mesedez!

Irakur dezagun "Zergatik den egia eboluzioa", euskaragatik eta edukiagatik.

Lehen kapitulua derrigorrezkoa izan beharko litzateke DBHko ume guztientzat, euskaragatik eta edukiagatik.


Asier Larrinaga Larrazabal


From: Diez de Ultzurrun, Periko [mailto:ultzu a bildua parlamento.eus]
Sent: asteazkena, 07 de abendua de 2016 12:32
To: ItzuL
Subject: Re: [itzul] euskararen desafektua

Ataka ustez gaitz hauetarik ilkitzeko pare bat gomendio:
Irakur dezagun etengabe “Gero” (Pedro de Aguerre y Azpilicuetaren lan balios bezain famatua), “Bi Saindu eskualdunen bizia”, eta Mendiburu eta Cardaberaz izkiriatzaile handien lanak.
PD Astirik izanez edo geldituz gero, Joan de Beriain eta Joaquin Lizarraga Elkanokoarenak.

From: Julian Maia [mailto:julian.maia a bildua ehu.eus]
Sent: asteazkena, 2016.eko abenduak 7 12:09
To: 'ItzuL'
Subject: Re: [itzul] euskararen desafektua

Ohar/iritzi pare bat Juanen (beti bezala) baieztapen interesgarrien gainean:

1)      Gustatzen zait beheko baieztapen hau, Juanek errana:
“Eredu positiboak behar dira, hots, testu egokiak ugaltzea eta zabaltzea, ez etengabeko teoria-dantza.”
Baina eskari bat erantsiko nuke: testu egokiak ugaltzeko eta zabaltzeko ateak irekiak egon daitezela ahal den adina, zertaz zenbaitetan zuzentzaileren batek tentazioa izan baitezake behin betikotzat jotzeko bere ustezko arauren bat, eta horrela atea hesteko testu alternatiboen “ugaltzea eta zabaltzea”ri. Eta beharbada pena izan liteke.
2) Ez zait gustatu beheko baieztapen hau, ongi ulertu badut:
“Euskararen egiturekin eroso ez dagoenak baditu erdarak aukeran.”
Eta arrazoia da erranaldi horretan inplizitua iduritzen zaidala honelako zerbait: “Ez bazara (guk hobetsiriko) egiturekin eroso, zoaz erdaraz idaztera”. Eta hori ez zait egokia iduritzen, nire ikuspegian (ere) oraindik bide luzea baitugu egin beharra euskaraz komunikazio-efizientzia goienera eramateko.

Julian


De: Juan Garzia Garmendia [mailto:juangarzia a bildua gmail.com]
Enviado el: lunes, 05 de diciembre de 2016 18:02
Para: ItzuL
Asunto: Re: [itzul] euskararen desafektua

Zortzizpabederatzi gauzatxo (lehenago ere maiztxo esanak errepikatuz), plaza estu honetan polemika zabalean sartzeko asmotik urrun:

a)
-Hitz-ordenaz ditugun katramilez, nire iritzia jakin nahi izanez gero, berriagoa da Esaldiaren antolaera: funtzio informatiboak gako, EHUk argitaratua.
-Ez dut uste esaldi bakar batekin edo birekin ebazten denik hain arazo zabala.

(Hala ere:
-Aipatu diren adibide batzuetan, hala nola Atxagarenetan, ez dago desbideraketarik gehienok darabilgun estandarretik (perpaus osagarrien aditz gobernatzailea haien aurretik joatekoa da gehien-gehienetan: ondo letorke eztabaida benetako desadostasunera mugatzea.
-Konponbidea ez da etorriko zerbait ukatze hutsetik (Altube deitu zein garbizalekeria zein Batua zein zernahi); profeta nagiak dirateke hori predikatzen dutenak.
-Eredu positiboak behar dira, hots, testu egokiak ugaltzea eta zabaltzea, ez etengabeko teoria-dantza.
-Ingeniaritza linguistiko erradikalak munstroak sortu ohi ditu.
-Aldaketa bat proposatzen denean, kontuan hartu behar da, zerbaitetan dakarkeen onura ez ezik, bestela eta guztira dituen ondorioak (adibidez: sistematikoki aditza aurreratuko lukeen joskeratik postposiziozko menderakuntzara etortzeko mekanismoa aplikatzeko zailtasunak areagotu litezkeela, lehenaz gainera; jakina: postposizioak (eta haiekin) menderakuntza debeka genezake, edo, erradikalago, preposizio bihurtu guztiak, edo... edo...); luzea, baina adibidetxo bat baino ez zen, ez ahaztu, parentesikoa.
-Euskararen egiturekin eroso ez dagoenak baditu erdarak aukeran.
-Gehienok, hemen, dagoeneko funtzionatzen duen prosa estandarra xumeki (baina iraunkortasunez) garatuz eta hobetuz joateko ahaleginean ari gara.
-Praktikaren poderioz, teoriak teoria, bide puska bat egin dugu eta egiten ari gara.
-Asmo handiez gainera, errealitatea (ere) existitzen da.
-Bibliak berak dakar: beren obretatik ezagutuko dituzue).

b)
-Desafektua bazen gaia (hala zen, ezta?), nork bere iritzia izan dezake, baina uste dut arrazoi nagusiak ez direla tekno-linguistikoak, indar soziologikoari dagozkionak baizik (boterearekin lotuak, alegia, zentzu guztietan -ez bakarrean- harturik hitza).
-Ez nuke esango dena delako botereak berak ere gauetik goizera konponduko lukeenik dena, baina ea nork aldezten duen esplizituki kontrakoa; alegia, euskara zeharo (ai ama hitza!) komunikatibotu batek ziplo erakarriko lukeela afektu eraginkorra, eta handik indar soziologikoa eta boterea bera.


Tira, jarrai dezagun lanean: horrek emango ditu fruituak, ez azti-txotx magiko batek.
.

LARRINAGA LARRAZABAL, ASIER<larrinaga_asier a bildua eitb.eus<mailto:larrinaga_asier a bildua eitb.eus>> igorleak hau idatzi zuen (2016(e)ko abenduak 5 01:48):

Niri txundigarri egiten zait Altube aipatzea. Azken mende honetan ez du inork ezer aztertu euskarako hitz-ordenari buruz? Eta ez zaigu ezer itsatsi? Alferrik izan dira, eraginik gabekoak, "Idazkera-liburua" (Zubimendi eta Esnal, 1993), "Joskera lantegi" (Garzia, 1997) eta beste?

Txundigarri egiten zait, era berean, ulergarritasuna, zuzentasuna eta komunikagarritasuna berdintzea. Pirro delako batek honela zioen 1868an:

«Men senior, I sende evos un gramatik e un varb-bibel de un nuov glot nomed universal glot. In futur, I scriptrai evos semper in dit glot. I pregate evos responden ad me in dit self glot».

Nik arazo barik ulertzen dut goiko pasarte hori. Komunikagarria da? Ez! Guztiz asmo serioz sortutako universalglot horrek barregura ematen digu. Komunikagarritasuna sortzetik suntsituta.


Asier Larrinaga Larrazabal


From: LB [mailto:luisber12 a bildua gmail.com<mailto:luisber12 a bildua gmail.com>]
Sent: sábado, 03 de diciembre de 2016 17:10
To: 'ItzuL'
Subject: Re: [itzul] euskararen desafektua


Gai honetaz inori eskolak emateko ez asmorik eta ez jakitaterik gabe, ausartzen naiz esatera ados nagoela plazaratzen dituzun lau puntuekin, baina ez zure beste ideia horrekin, noiz diozun arazoa dela ez dugula jakin izan puntu horiek ondo gizartzeratzen.

Nire ustez, arazoa sinpleagoa da: Altuberen izurria, edo izurri altubianoa —gure artean egundaino bezain indartsu eta buruxut dabilena— arrasetik errautsi ezak gauzka paradero nahasi honetan. Altubek, edo beharbada haren jarraitzaile sutsuenek (gehi bidea apailatu zioten aurrekari zenbaitek, nola ziren Larramendi, Arana, Azkue et alia), irizpide ideologiko bat ezarri diote hizkuntzari, eta haren arabera eraiki nahi izan da gurean joskera sistema bat lotura gutxi daukana euskera idatziaren tradizio historikoarekin eta hizkuntza mintzatuaren praxi errealarekin. Oharkabean ala ohartuki, herensuge izugarri batez erditu zen gure pentsalari arrasaterra, eta munstro horrek ahotik turrustatzen dituen sugarrek gauzkate inpotentzia sintaktiko absolutu batean kixkalduak iragan larogeitaka urte honetan.

Lege altubianoen fikzio suizidak desmuntatu arte, ez dago zer eginik.

Euskal tradizio idatziaren askatasun prosodiko-estilistikoa berreskuratu arte, galduak gara.

Euskeraren izaera eta antolamendu pospositiboa emeki baina fermuki molde prepositiboetara ekartzeko deliberoa inteligentziaz eta zentzuz besarkatu arte, jai dugu (ohartu ez zutela besterik egin duela lau mende latineko eta auzo erromantzeetako baliabide anaforikoak euskara ekarri zituzten idazle klasikoek, edo, oraintsuago, hizkera zientifikoan preposizio berri andana bat sortu dutenek eskola eta unibertsitateko beharrizanetarako).

Azkenik, eta aurreko hiru puntuetara azkarrago eta errazago iristeko estrategia unibertsal gisa, konprenitu arte esaldiak tajutzean behar dugula saiatu beti mezuak antolatzen halako gisaz non esaldia ulergarria izango den irakurri ahala, eta ez irakurri ondan,  etorkizunak begi gorriak izango ditu guretzat.

LB

NB: Alperrik da gure etxeko gabeziak maskaratzea esanez areagokoak dituela auzoak. Diozunean  “gaztelaniazko perpausa ere zakarrontzira botatzeko modukoa” dela, ez diozu egia. Esaldi hori erabat zuzena eta egokia da gazteleraz, errotik ulergarria delako eta perfektuki betetzen duelako bere zeregin komunikatiboa. Arazoak ez daude gazteleraz (eta daudenak berek konponduko dituzte), arazoak euskeraz ditugu, are gazteleraren erabilera desmasiatuen kalkoz geronek sortuak direnean ere.



________________________________
De: LARRINAGA LARRAZABAL, ASIER [mailto:larrinaga_asier a bildua eitb.eus<mailto:larrinaga_asier a bildua eitb.eus>]
Enviado el: jueves, 01 de diciembre de 2016 11:05
Para: 'ItzuL'
Asunto: Re: [itzul] euskararen desafektua


Esango nuke nahiko bat gatozela agertu ditugun iritzietan Gilen, Bittor, Amaia, Xabier eta ni. Iritzi-batasun hori labur azaltzen ere ausartuko naiz.

1. Euskaraz. galdegaia bada.

2. Galdegaia testuinguruak zehazten du (mintzagaia ere bai).

Nik beste ideia hauek erantsiko nituzke iritzi-batasuna hausteko beldurrik barik.

3. Galdegaia hainbat modutara agerrarazten da: posizioaren bidez, morfema bidez...

4. Testu-estilo batetik bestera, aldeak egon daitezke galdegaia agerrarazteko moduan.

Beharbada --hemen dator nire gogoeta--, ez dugu asmatu ideia horiek transmititzen eta, are txarrago dena, ez dugu behar bezala aztertu zelan jokatu testu-estilo bakoitzean.

Atzoko esaldietara itzulita, zer abantaila du (a)-k (b)-rekiko? Niretzat, bat ez.

(a) «Ekitaldia izango da abenduaren 3an, goizeko 11:30ean, Guggenheim Bilbao Museoko Auditoriumean».

(b) «Ekitaldia abenduaren 3an izango da, goizeko 11:30ean, Guggenheim Bilbao Museoko Auditoriumean».

Gaztelaniazko esamoldeetatik askatzea dela eta, ez dut ulertzen zergatik abiatu behar dugun beti gaztelaniatik, are gonbidapen soil bat euskaraz emateaz ari garenean ere.

(c) «Etortzekoa bazara, eskertuko dizugu baieztatzea 945 018 110 telefonoan edo helbide elektroniko honetan:  hps-sailburuordetza a bildua euskadi.eus»<mailto:hps-sailburuordetza a bildua euskadi.eus>.

Perpaus horretan, «etortzekoa bazara» ez da «eskertuko dizugu»-ren baldintza. «Eskertuko dizugu» horrek ez du inongo zentzurik. Hor, kortesiazko esamolde bat jarri beharko litzakete: «eskertuko genizuke...». Dena dela, nik honela ipiniko nuke:

(d) «Etortzekoa bazara, baieztatu, mesedez, 945 018 110 telefonoan edo helbide elektroniko honetan:  hps-sailburuordetza a bildua euskadi.eus»<mailto:hps-sailburuordetza a bildua euskadi.eus>.

Beharbada, baten batek nahiago du gaztelaniazko «le agradecemos» esamoldean katigatu, nahiz eta gaztelaniazko perpausa ere zakarrontzira botatzeko modukoa izan: «Le agradecemos con­firme su asistencia con antelación en el teléfono 945 018 110 o por correo electrónico:  hps-sailburuordetza a bildua euskadi.eus»<mailto:hps-sailburuordetza a bildua euskadi.eus>.


Asier Larrinaga Larrazabal



[http://www.eitb.eus/multimedia/banner_emails/banner_emails_ezkerra.jpg]<http://www.eitb.eus/link-banner-email-ezkerra/>

[http://www.eitb.eus/multimedia/banner_emails/banner_emails_eskuma.jpg]<http://www.eitb.eus/link-banner-email-eskuma/>




 
<http://www.eitb.eus/link-banner-email-ezkerra/>
<http://www.eitb.eus/link-banner-email-eskuma/>
 
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20161207/9de5951a/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago