[itzul] "Trabajo reproductivo" eta "visibilizar"
Agirre Garai, Jon
jon-agirre a bildua euskadi.eus
As, Urr 11, 18:31:03, CEST 2016
0.- Gai honen mamian ez naiz ni jakituna, ikasle soila baino. Hala ere, ideiak hitzez esateaz eta testuak interpretatzeaz zertxobait gehiago badakidanez, nire iritzia agertzera eta berragertzera animatuko naiz.
1.- ‘Ekoizpen lana’ eta ‘ugalketa lana’. Nik ulertzen dudanetik, kontzeptu bikote honetan, gizona/emakumea, kalea/etxea, ordaindua/doakoa, balioztatua/ikusgaitza eta kideko beste hainbat bezala, gizakien genero bereizkeria islatzen da, horren konnotazio guztiekin.
Aldatu duzun testuan, Rosa Luxemburgek ‘emankortzat jotzen den lana’ (emankortasuna kapitalaren ikuspegitik neurtuta) eta ‘emankortzat jotzen ez dena’ bereizten ditu; euskaraz esanda. Ez dio ‘productivo’ / ‘reproductivo’, ‘productivo’ / ‘improductivo’ baino.
Karl Marxen testuetan ‘produkzioa’ eta ‘produktibitatea’ (hau da, ‘ekoizpena’ eta ‘emankortasuna’), batetik, eta ‘ugaltzea’, bestetik, elkarrekin agertzen dira, adiera horietan, sarritan. Karl Marxen Idazlan hautatuetatik atera ditut euskaraz emandako esaldi hauek (Pentsamenduaren Klasikoak):
“Produkzio hori biztanleria ugaltzean bakarrik agertzen da.”
“Biziaren produkzioa, nola norberarena lanean hala inorena ugaltzean, berehala agertzen da harreman bikoitz bat bezala –alde batetik, harreman natural bat bezala, eta bestetik, harreman sozial bat bezala–; soziala, norbanako baten baino gehiagoren lankidetza hartaz ulertzen den zentzuan, zeinahi direlarik ere haien baldintzak, edozein modutara eta edozein xedetarako.”
“Kontzientzia gregario edo tribal hori garatu eta hobetu egiten da gero, produktibitatea gehitzean, beharrak haztean eta biztanleria ugaltzean, zeina baita aurreko biak bermatzen dituen faktorea.”
Itzulpen txukuna iruditzen zait. Zalantza sortzen dit bigarrenak, ondoren azaltzen dudan adieran ondo emango lukeela dirudielako (Marxen aditua ez naizenez, ezin esan).
2.- ‘(Soziale) Reproduktion’. Nik ulertzen dudanetik, Karl Marxek horri ematen zion erabilerak eta esanahiak ez dauka zerikusirik ugalketarekin, nahiz eta ugalketa nahitaezko bat izan hartarako. Hain zuzen, ‘gizarte ezberdintasunak belaunaldiz belaunaldi behin eta berriro pasaraztea’ aipatu gura ei zuen horrekin. Hau da, ‘birsortzea’. Hortaz, ‘Produktion’ polisemikoarekin bikote jokoa egin nahi bada, ‘sortzea’/’birsortzea’, ‘ekoiztea’/’berrekoiztea’, ‘produzitzea’/’birproduzitzea’, ‘produkzio lana’/’birprodukzio lana’ izango litzateke. Ez dauka zerikusirik argazkigintzan, musikan eta zinemagintzan erabiltzen den ‘erreprodukzio’ eta ‘erreproduzitu’ kontzeptuekin.
Hori guztia, nire iritzia baino ez da, gaiaz ez dakien eta ikasi nahi lukeen batena (eta alde horretatik erratuta egon naiteke), baina testuak irakurtzen eta ulertzen badakien baten iritzia ere bada; eta, batez ere, hizkuntzazko printzipio batzuk argi dituen batena. Bat, hau: beste hizkuntzek ez dutela baldintzatu behar nirea.
Ondo izan, eta ekin.
Jon
From: maite darceles [mailto:mdarceles a bildua hobest.es]
Sent: ostirala, 2016.eko urriak 7 09:22
To: ItzuL
Subject: Re: [itzul] "Trabajo reproductivo" eta "visibilizar"
Kaixo, berriz ere, guztioi,
Interesgarria jarri da elkarrizketa hau eta gehixeago sakontzera eraman nau.
Atzo beste zenbait hizkuntzetan nola ematen zen aipatu nuen, baina garrantzitsuena falta zen: alemana, Marxek berak erabili zuena. Nire araketaren arabera alemanez "Produktive Arbeit" eta "Reproduktive Arbeit" esaten da, eta bigarren honentzat "Reproduktionsarbeit " ere askotan topatu dut.
"Reproduktive Arbeit" Marxek sortutako kategoria edo kontzeptu berri bat da, eta ezin da ulertu Marxentzat "Produktive Arbeit" zer den ulertu gabe. Horreratarako Rosa Luxemburgoren hitz hauek:
"Mientras el capitalismo y su sistema salarial gobiernen, sólo el tipo de trabajo que genere plusvalía, que genere beneficio capitalista, será considerado productivo. Desde este punto de vista, la bailarina de musichall cuyas piernas barren beneficio a los bolsillos de su empleador es una trabajadora productiva, mientras que el duro trabajo de las mujeres y madres proletarias en las cuatro paredes de sus casas es considerado improductivo. Esto suena brutal y demente, pero corresponde exactamente con la brutalidad y demencia de nuestra economía capitalista actual." (Estelle Cooch-en testu honetan topatu dut<http://lahiedra.info/la-importancia-de-la-reproduccion-social/>)
"Reproduktive Arbeit" "Produktive Arbeit" ez dena da, eta besteak beste "Soziale Reproduktion"/"Reproducción social"/ "Social Reproduction" ideiari egiten dio erreferentzia. (Hona hemen, hurrengo erronka: nola eman hori euskaraz?)
Irakurlea produktibo/erreproduktibo loturaz ohartarazteko bikote hori egokiagoa iruditzen zait (Marxek ere hautu hori zerbaitengatik egingo zuen ba...), bi kategoria horiek, eta horiek bakarrik, dituen paradigma bat adierazi nahi dugulako. Ekoizpen-lan / ugalketa-lan bikoteak horiez gain beste lan motak ere egon litezkeela pentsaraz gaitzake.
Bigarren araketa: Reproduktive - Reproduktion hitzek alemanez zein esanahai dute? Gazteleraz, ingelesez, frantsesez eta katalanez esanahi nagusietakoa ugalketa bada (sexu-ugalketa), alemanez hitz horrek ez du adiera hori hartzen, kopia, errepikapena eta antzeko esnahiak baizik (Hona bi hiztegitako orriak hori baieztatzeko: langenscheidt<http://es.langenscheidt.com/aleman-espanol/reproduktion> eta wordreference<http://www.wordreference.com/deen/reverse/Reproduktion>). Hau da, euskaraz, erreprodukzio hitzarekin Euskaltzaindiak egin omen duen hautuaren antzerako esanahiak ditu hitz honek alemanez ere. Beraz, argi xamar ikusten da Marxek ez ziola ugalketaren adiera eman nahi, eta beste hizkuntzetan "Reproduktion" hitzak dituen adierek eramaten gaituztela ugalketarekin lotzen, eta ez hasierako jatorrizko esanahiak.
Azkenik, nire ustetan, euskal irakurle arruntari mesede egingo diogu, askorentzat berria izango den kategoria aipatzean (eta gehienontzat esanahi oso lausoa duena) beste hizkuntzetako ordaina zein den erraz ohartzeko bidea ematen badiogu, eta horrela kontzeptuan sakondu nahi badu bere eskura material zabalagoa edukiko du eskura.
Hasiera batean ez neukan guztiz argi, baina orain ez daukat dudarik euskarazko ordainak zein behar duen.
Asteburu on!
Maite
[https://posta.elkarlan.euskadi.eus/disclaimer/marca_outlook_seguridad.jpg]<http://www.euskadi.net>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20161011/b4cf87fb/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago