[itzul] Zuzen

Xabier Aristegieta allurritza a bildua gmail.com
Ast, Aza 16, 12:14:42, CET 2017


Euskaraz daukagun anbiguotasun-problema larrietako bat  "zuzen" adjektiboak
paratzen digu.

Zer da "arreta zuzena"? "Atención directa"? Ala "atención correcta"? Edo
"kudeaketa zuzena": "gestión directa" ala "gestión correcta"?

Bistan da "directo" eta "correcto" oso direla kontzeptu ezberdinak.

Premiazkoa iruditzen zait zerbait erabaki dezagula anbiguotasun-problema
hau konpontzeko.

Nire proposamena da "zuzen" erabiltzea "correcto"rako, eta "zuzeneko",
"directo"rako. Euskaltzaindiaren Hiztegian "zuzeneko" begiratuta, adibide
guztietan, batean izan ezik, "directo" esanahia ematen zaio.

Jakina, "zuzen"etik datorren "zuzendu" aditzak problema berbera ematen
digu: zein da "proiektu hau Xk zuzendu du"ren esanahia? "Lo ha dirigido X"?
Ala "lo ha enmendado/corregido/rectificado X"? Benetan: batzuetan,
"zuzendaritu" aditza sortzeko gogoa etortzen zait. Eta ez dut txantxetan
esaten. Bidenabar, horrek bidea irekiko liguke itzulinguru duda-mudatietan
aritzera behartzen gaituen "presidir una reunión" bipil euskaratzeko:
"bilera bat lehendakaritu".

Eta, "zuzen"etik, "zehar"era. Zer da "zeharkako kudeaketa"? "Gestión
indirecta"? Ala "gestión transversal"? Bistan da hor ere
anbiguotasun-problema bat daukagula. Nik "zeharkako" erabiliko nuke
"zuzeneko"ren antonimo gisa; hots, "indirecto" adierazteko. Eta,
"transversal"erako, baditugu beste hitz batzuk, behinola proposatu izan
ditudanak: "trabeskako", edo "gurutzatzaile".

Benetan uste dut zerbait adostu beharko genukeela, eta
lehenbailehen, anbiguotasun larri hauek gure testuetatik uxatzeko.

Xabier Aristegieta
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20171116/20022193/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago