[itzul] -TIK GORA, -TIK BEHERA
Xabier Aristegieta
allurritza a bildua gmail.com
Ast, Maiatza 29, 11:14:23, CEST 2025
Egun on guztioi.
Esango nuke lehenago ere aritu izan garela noizbait gai honi buruz. Baina
etengabe agertzen den gauza da, eta ez daukat batere argi. Are okerrago:
esango nuke gure artean ere ez daukagula argi.
Kontua da euskarazko itzulpen askotan ikusten dudala "-tik gora" edo "-tik
behera" egitura, gaztelaniazko honelako esaldietarako:
Los salarios superiores a 1.700 euros : 1.700 euroTIK GORAKO soldatak
Los vehículos con una antigüedad inferior a dos años: bi urteTIK BEHERAKO
antzinatasuna duten ibilgailuak
Eta hauxe da koska: 1.700 eurotik gorako soldatei buruz ari bagara, 1.700
euroko soldatak ere zaku horren barrenean al daude? Gaztelaniaz, ez dago
zalantzarik: "superiores a 1700 euros" ez da "iguales a 1700 euros", baizik
eta gehiagokoak. Baina euskaraz, ez dago hain argi.
Problema ez dago "gora" edo "behera" horretan, baizik eta -TIK kasu-markan,
ondoren jartzen dioguna jartzen diogula: "IruñeTIK hegoaldera euria egingo
du" esaten badugu, euri hori Iruñean ere eroriko al da? "San Martin kaletik
Amararaino ezin da kotxez ibili" esaten badigute, trafikoari irekita ala
itxita dago San Martin kalea?
"Gaurtik aurrera txintxo-txintxo ibiliko gara" esaten badugu, argi dago
gaurko eguna agintzari horren aplikazio-esparruan dagoela.
Kontua ez da inolako huskeria: arlo askotan egiten dira era horretako
multzo-sailkapenak, halako moldez non multzo bakoitzari arau bat, edo
zerga-tasa bat, edo dena delakoa, aplikatzen zaion. Hortaz, funtsezkoa da
elementu-multzo horien arteko mugak argi bai argi zehaztuta edukitzea. Eta,
nire ustez, euskarazko "-tik gora", "-tik behera" tankerakoek ez dute
zehaztasun hori eskaintzen.
Horregatik, nik momentuz erabakita daukat "salarios superiores/inferiores a
X euros"-en moduko esaldietan "-tik gorako / -tik beherako" EZ erabiltzea,
eta horien ordez "X euro baino gehiagoko / gutxiagoko soldatak" erabiltzea,
horrela ez baita inolako zalantzarako biderik ematen.
Gustura irakurriko nituzke zuen iritziak.
Ondo izan, eta eskerrik asko, aldez aurretik.
Xabier Aristegieta
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20250529/23a81693/attachment.htm>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago