<html>
<body>
Egun on, denoi.<br><br>
Lehenik, Eusebiori, bere ateraldia dela eta:<br>
Esaten duzun horretan ez duzu arrazoirik falta, ez (zehaztasunak
orokortuta hitz egitean hutsegiteko arriskuak arrisku). Baina, aditzera
eman nahi dizut <<besteren gaizkiak ez gaituela on egiten>>
eta, beraz, auzi honetan inor zoriontzeko arrazoirik ikusteari,
trakeskeria galanta deritzogu. Auhenka aritzeko, berriz, bada hainbat
motibo, nahiz eta jardun horrek konponbidera eramango ez gaituen.
Konponbiderik aurkitu nahi bada, arazoaren erroetara jo beharko dugu, eta
ez dirateke erakundeetako arduradunak bakarrik horretan erantzukizuna
leukaketenak. Jakin badakigu, bai Enekok eta bai Jesus Marik, biak hala
biak, ahalegin handia dutela eginda gaurko egunera arte, zuk laburrean
azaldutako eta duela denbora luzeko arazo horiek
"desarazotzeko", eta jakina dugu -baita ere- ezer gutxi
aurreratu dela urteotan.<br>
Lagungarri litzaiguke, ziurrenik, prolemaren erroak argitan uzteko, hau
bezalako foro batean elkarren iritziak erkatzea. Gainera, badago zer
jorratu. Baina, horrek, idatzi honen bigarren zatira narama...<br><br>
Bigarrenik, itzulkide guztioi:<br>
Hamaikatxotan piztu izan da tirabira antzeko gaien inguruan. Eta
azkenean, ItzuList-en izaera eta jokabide-arauak ekarri izan dira gogora
jardun haien ezegokia erakusteko. Aipatu izan da horrelako gaien inguruan
ezbaitzeko foro berriren bat sortzeko aukera ere.<br>
Dena den, ItzuL horretarako ez bada, ez da. Eta baldin bada, une oro eta
gai guztietarako izan dadila.<br>
Agur eta ez adiorik.<br><br>
Iñaki Arrieta<br>
BITEZ LOGOS<br><br>
Eusebiok zioen 2004/11/15eko 09:18etan:<br>
<blockquote type=cite class=cite cite><font face="Times New Roman, Times">
<br>
ZORIONAK JESUS MARI AGIRRERI, ZORIONAK <b>SA</b> LEGEBILTZAR
TALDEARI.<br>
<br>
<br>
Eta zorionak ez asteburuan Anoetan egin duten agerraldiagatik, ez. Mundu
horretako iritzi politikoak ez dira, oraindino, nire harikoak. Zorionak
eman nahi dizkiet euskararen aurrean agertu duten jarregatik; zehatzago
esanda, Lurzoruaren Legearen testu itzuliaren aurrean agertu duten
jarreragatik.<br>
<br>
Seguru nagoenez agertoki honetan (Itzulist) azaltzen zaretenok Berria
behintzat erosi eta irakurtzen duzuela asteburuetan, konturatuko zineten,
orduan, larunbatean berri bat atera zela, non idazpuruan honako hau
esaten baitzuen: "Madrazoren Legearen itzulpen negargarria";
are gehiago "Euskarazko testuak ez du gutxieneko
kalitaterik".<br>
<br>
Kasua ez da itzulpen txar bat egin dela, txarrak, nolabaitekoak edo
ulertezinak ehundaka egin baititugu azken hogeita bost urteotan, bai
Administrazioan, bai gainerako alorretan. Kontua ez da hori, ez. Kontua
da, txalogarria gainera, legebiltzar talde batek bere lana euskarazko
testuan oinarrituz garatu nahi duela. Eta gu, itzultzaileok -edo
itzulpena- ez gaude prestatuta gure testu itzulien gainean inork lan egin
dezan. Areago: administrazioko testu itzuliak aintzat hartuz ezin da
ekintza juridiko-administratibo seriorik jorratu.<br>
<br>
Administrazioko itzulpenak, eta gainerakoetatik gehienak, liburutegi
apaletako liburu potoloetan gordetzeko dira. Ehunetik laurogeita
hemezortzia esango nuke nik. Eta jakina: norbaitek noizbait testu horiek
erabili nahi baditu jardun normalerako, oh, ezinezkoa!. Eta ondoren:
kalapitak, haserreak, (:...).<br>
<br>
Aspaldi komentatu dugu hainbat itzultzaileren artean, gure mundua
(zuzenketarena barne) une larrian dagoela, badela garaia egindakoari so
egin, eskuartean daukagunari begiratu eta aurrera begira behar diren
aldeketak egiteko. Aldaketa sakonak eta estrukuturalak, seguro asko. Ez
dakit hori nori dagokion. Legez, dekretuz, aginduz eta paperez badaude
horren ardura duten erakundeak: IZO, UZEI, EIZIE(...). Baina ahalmenez
(....) ez dakit, zalantzak ditut. VIP asko dago jardunaldietan, beti
betikoak. Oso berrikuntza gutxi antzematen dut mundu
"horretan", egoerak lehengoan jarraitzen baitu. Gurean ere
zaharrak berri.<br>
<br>
Amaitzeko: akaso hau bezalako foroak balio beharko luke gai hau
"populua"ren esku uzteko, aztertu dezan. Ondo da, bai,
"esku libreak" "deslocalización" edo" poner el
cascabel" nola itzultzen diren eztabaidatzea, baina uste dut ditugun
arazoak hori baino askoz larriagoak direla. <br>
</font><font face="arial" size=2> <br>
<br>
Eusebio Gorospe<br>
<br>
<br>
</font></blockquote></body>
</html>