<html>
<head>
<meta http-equiv="content-type" content="text/html; charset=ISO-8859-1">
</head>
<body text="#000000" bgcolor="#FFFFFF">
Ez dakit inoiz atera den gaia edo inork inoiz honen moduko
galderarik egin duen, baina zalantza hau argitu nahiko nuke:<br>
<br>
<ul>
<li>Gurasoek seme-alaben portaera moldeatzeko erabiltzen duten
diziplina mota dugu familia-testuinguruan eta garapen
sozioemozionalean eragin zuzena <u>duen aldagaietako bat</u></li>
</ul>
<br>
Azpimarratua zuzena dela uste duzue? ala <u>duten aldagaietako bat</u>
beharko luke?<br>
<br>
Han eta hemen begiratu dut eta era bietako adibideak topatu. Esango
nuke (ez dut datu objektiborik, beraz, inpresioa besterik ez da)
singularra nagusitzen dela, baina zuzena da?<br>
<br>
EIMAren Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak (P.
Petrirena, 2011) liburuan, erlatiboetako komunztadura-arazoen artean
(46. or.) hauxe proposatzen da:<br>
<br>
*ezagutzen ditudan handienetariko bat > ezagutzen dudan
handienetariko bat<br>
<br>
Aurrerago (165. or.), "noiz -ko noiz -en" azaltzeko adibideen
artean, zera daukagu:<br>
<br>
a. eskolako zuzendari (1. ‘eskolan ari den zuzendaria’; 2. ‘eskolan
<u>ari diren zuzendarietako bat</u>’)<br>
b. eskolaren zuzendari (‘eskola zuzentzen duena’)<br>
a. taldeko entrenatzaile (‘delako taldean ari den entrenatzailea,
edo <u>ari diren entrenatzaileetako bat</u>’)<br>
b. taldearen entrenatzaile (‘taldea entrenatzen duena’)<br>
<br>
Ñabardura horrek ez al du balio aurreko adibiderako? ezagutzen dudan
handiena / ezagutzen ditudan handienetariko bat<br>
<br>
EGLU-V (Mendeko perpausak 1, osagarriak, erlatiboak...) kontsultatu
dut, baina adibide bakarra topatu dut (beste testuinguru batean),
hori bai pluralean.<br>
<br>
<ul>
<li>Perpaus osagarriak, horrelakoetan, izen gobernatzailearen
izenlagun dira eta, espero zitekeenez, <u>izenlagunek izan ohi
dituzten atzizkietako bat</u> hartzen dute</li>
</ul>
<br>
Zer deritzozue?<br>
<br>
<br>
<br>
<br>
<div class="moz-signature"><br>
</div>
</body>
</html>