<html>
<head>
<meta content="text/html; charset=ISO-8859-1"
http-equiv="Content-Type">
</head>
<body text="#000000" bgcolor="#FFFFFF">
<div class="moz-cite-prefix"><br>
Barkatu, Xabier, zure iritziaren aurka idatzi dudala iruditu
bazaizu (ez zen nire asmoa, baina segur aski itxura hori emango
nuen), nire parrastada <i>sostengagarri </i>kakofonikotzat
jotzearen aurkakoa zen, behin baino gehiagotan plazaratu baita
anatema hori. Azken batean, euskararen tradizioak dagoeneko <i>ernegagarri,
frogagarri, mugagarri </i>eta abar eman baditu, ez diot inolako
atarramenturik ikusten orain bat-batean bide hori ixteari (eta,
diodan argi eta garbi, ez naiz zu bide hori ixten ari zarenik
esaten ari).<br>
<br>
Gainerakoan, hauek dira nire arrazoibideak:<br>
<br>
1. Terminologia Batzordeak azaldu zuenarekin bat nator:
Euskaltzaindiak hobetsitako <i>iraunkor</i> erabiltzeak arazoak
sortzen ditu, <i>sustainable </i>eta <i>permanent</i>
kontzeptuak nahastea dakarrelako.<br>
<br>
2. Koldo Bigurirekin bat nator: Terminologia Batzordeak proposatu
duen <i>jasangarri</i><i> </i>erabiltzeak arazoak sortzen ditu,
<i>sustainable </i>eta <i>bearable</i> kontzeptuak nahastea
dakarrelako.<br>
<br>
3. Proposatu diren gainerako aukeretatik:<br>
<br>
- <i>eutsigarri</i> eta <i>euskarri</i> gertuegi ez ote
dauden nago (<i>Orotariko Euskal Hiztegia</i>k «<i>eutsigarri.</i>
v. euskarri» oharra dakar).<br>
<br>
- <i>iraunbidezko</i> ederra da, baina ez dirudi erabilera
handirik duenik, Interneten begiratuta (eta, nik uste, ez diegu
zertan bilatu euskal baliokide ederrik, zein bere hizkuntzan hain
ederrak ere ez diren <i>sustainable,</i><i> durable, sostenible</i>
erdal adjektiboei).<br>
<br>
- <i>iraungarri </i>tradiziotik datorren adjektibo bat da,
esanahi hauek dituena (<i>Orotariko Euskal Hiztegia</i>): <font
color="#000099">1. (Lo) que hace durar, mantenerse; medio para
perseverar. 2. Duradero. "Estable" Añ. "Permanent" Dv.
"Interminable. 3. Soportable.</font> <br>
Erabilera baduela ageri da Interneten.<br>
<br>
- <i>sostengagarri</i> 1995az geroztik behintzat erabili izan
da, gaur egun ere erabilera baduela ageri da Interneten, eta, esan
bezala, euskararen legeei jarraituz egoki sortua da.<br>
<br>
<br>
Oso gai korapilatsua dela deritzot, hortaz: hiztegiko gaiak
ebazteari dagokionez euskal organo gorena (Euskaltzaindia) eta
arlo horretan itzal handienetakoa duen beste organo bat aurrez
aurre ditugu. Batak dakarren aukera (<i>iraunkor</i>) nahasgarri
da <i>sustainable </i>eta <i>permanent</i> kontzeptuak argi ez
bereiztea dakarrelako (Terminologia Batzordeak emandako adibide
zehatz eta ugariez gainera, aurrekoan «construcción sostenible»
itzuli beharra egokitu zitzaidan; «eraikuntza iraunkor», jarri
izatera, <i>permanent construction</i> ulertuko luke batek baino
gehiagok); besteak dakarrena (<i>jasangarri</i>) <i>sustainable </i>eta
<i>bearable</i> kontzeptuak argi ez bereiztea dakar (ikus Koldo
Bigurik emandako adibideak).<br>
<br>
Euskaltzaindia eta Terminologia Batzordea bat etorriko balira,
bederen, jasangarri egingo litzaidake polisemia arrisku hori, eta
nolabaiteko konponbideak bilatuko nizkioke, termino hori modaz
noiz pasatuko zain. Baina, organo gailen horien artean ere
desadostasuna izanik, «balia beza nork bere salbabidea» sentipena
sortzen zait.<br>
<br>
(Bazter ohartzat, esan dezadan hain ikuspegi ezberdinen arteko
eztabaida hau, azalpenez ederki jantzia, guztiz interesgarria eta
argigarria izaten ari zaidala. Hil edo bizikoagoak diren gaietan
euskaldunon artean honela eztabaidatzea ohikoagoa bagenu,
baldinbaitere!)<br>
<br>
Ondo izan,<br>
<br>
Xabier<br>
<br>
_________________________<br>
<br>
Xabier Armendaritz<br>
AIXE itzulpen eta zerbitzuak<br>
Biltzar Nagusiak, 11, behea<br>
01010 GASTEIZ<br>
<br>
Tel.: 945 174 476<br>
<br>
<br>
<br>
2013-02-18 18:10(e)an, Xabier Aristegieta(e)k idatzi zuen:<br>
</div>
<blockquote
cite="mid:%3CCAH=wCBN=eE8SPp7wmO-HbWD+RRVhxOMz8giHm3F2LO++J4zasQ@mail.gmail.com%3E"
type="cite">
<div>Erabat ados: guztiz irizpide subjektiboa da, eta hiztunek
hitz horrekiko izan lezaketen abegikortasuna edo halakorik eza
igartzeko ildo bat besterik ez da.</div>
<div> </div>
<div>Bestetik, eta nik dakidala, "sostengagarri" inork ez du
"baztertu" (are gutxiago "erabat" "baztertu"), ez eta
intrinsekoki baztergarritzat jo ere.</div>
<div> </div>
<div>Zer esanik ez, "xurgagailu"rekin batera aipaturikoen
zerrendari dagokionez.<br>
</div>
</blockquote>
<br>
</body>
</html>