<html>
  <head>

    <meta http-equiv="content-type" content="text/html; charset=ISO-8859-1">
  </head>
  <body text="#000000" bgcolor="#FFFFFF">
    <br>
    Nahiz eta «emprendedor/entrepeneur» erdal hitzaren euskal ordaintzat
    «ekintzaile» ikustea ohiko bihurtu den, neronek, itzuli behar
    dudanetan (maiz samar), «enpresa-sortzaile» jartzen dut beti.
    Besterik baita ekintzaile izatea: ekintzaile, ekintza, Eusko
    Ekintza...<br>
    <br>
    «emprendimiento»ren ordaintzat, berriz, «enpresa sorkuntza»
    erabiltzen dut (bazterretan dabilen «ekintzailetza» ere ez baitzait
    oso egokia iruditzen).<br>
    <br>
    Gaurko <i>Berria</i>n herrikide bati irakurritakoak ekarri dit gaia
    gogora. Behean kopiatu dizuet artikulua.<br>
    <br>
    Ondo izan,<br>
    <br>
    Xabier<br>
    <br>
    _________________________<br>
    <br>
    Xabier Armendaritz<br>
    AIXE itzulpen eta zerbitzuak<br>
    Biltzar Nagusiak, 11, behea<br>
    01010 GASTEIZ<br>
    <br>
    Tel.: 945 174 476<br>
    <br>
    _________________________<br>
    <br>
    <br>
<a class="moz-txt-link-freetext" href="http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-04-18/004/003/txakurtxirulero.htm">http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-04-18/004/003/txakurtxirulero.htm</a><br>
    <header>
      <h4 class="titularra">Txakurtxirulero</h4>
    </header>
    <p class="sinadura">Idurre Eskisabel</p>
    <p class="testua">Duela egun batzuk aitortu nuen: azkura sortzen dit
      <i>ekintzaile</i> hitzak; bai, behintzat, azkenaldian erantsi
      diogun esanahian. Hau da, hondamendi naturala bezain saihetsezin
      sinetsi dugun krisitik salbatuko gaituzten <i>emprendedor</i> edo
      <i>entrepreneur</i>-en adieran. Are eta azkura handiagoa sortzen
      zait <i>ekintzaile-</i>ri ondoan <i>gazte</i> eransten zaionean.
      Eta azkura urtikaria jasanezin bihurtzen entzuten ditudanean
      hedabide nagusiak, mantra bat balitz bezala, etorkizuna gazte
      ekintzaileak direla errepikatzen. Badakizue, inoizko ongien
      prestatu ditugun gazte horiek, ekaitzak irauten duen bitartean,
      txin-txin, diruaren hotsera, deserrira bultzatu nahi ditugunak.<br>
      <br>
      Baina aizue, ez atera ondorio okerrik: maite ditut ekintzaileak
      eta maite ditut gazteak. Are, maite ditut gazte ekintzaileak.
      Esate baterako, gaurko ekonomia eta kontsumo eredua jendearen
      kalterako eta ingurumenarentzat jasangaitz irudituta, baratze
      kooperatibo bat abian jarri dutenak, eta egun —zein gau— askotako
      lan, izerdi eta kezken ondorioz, astero 20 familiaren elikagai
      premia nagusiak asetzeko gai direnak, nahiz eta euren poltsikoak
      beti hutsik ibili. Gazte ekintzaile horiei, ordea, ez diegu gazte
      ekintzaile esaten, gure handikeria hutsalenetik, txakurtxirulero
      baizik.</p>
  </body>
</html>