Joan den asteko Argia aldizkarian artikulu interesgarri bat irakurri nuen, gai horrek emakumezkoen kasu zehatzean dituen zenbait berezitasun jorratzen zituena.

Kontua da artikulugileak uneoro "aniztasun funtzional" espresioa darabilela euskaraz, eta horrekiko nire desadostasuna adierazi nahi nukeela. Zehazki, kasu horretan "aniztasun" hitza erabiltzearekin.

Orain dela ia hiru urte, Maite Imazek berariaz aztertu zuen mezu honen izenburuko espresioa, "31 eskutik" blogean.

Euskaltermek "dibertsitate funtzional" proposatzen du, nahiz eta ponderazio-markarik gabe.

Argi dagoenez, "diversidad funcional" espresio eufemistiko bat da, hizkera politikoki/sozialki zuzenaren esparrukoa. Itzultzaile bezala ez dagokit ezbaian jartzea hizkera politikoki/sozialki zuzen horren erabilera, baizik eta sorburu-testuan halakorik aurkituz gero xede testura hizkera hori ekartzeko modurik onena aurkitzea (itzultzaile-zereginetatik kanpo, noski, kasu batzuetan –eta oraingo hau horietako bat da– zer pentsatua ematen dit horrelako espresio "desproblematizatzaile" bat erabili nahi izateak, hain zuzen ere esparru horretan diharduten elkarteak problema jakin bati aurre egiteko sortzen direnean, erakunde publikoen eta gizartearen arreta osoa eskatzen duen egoera bati aurre egiteko sortzen direnean.

Nire ustez, arazoaren muina da askotan honako automatismo hau aplikatzen dela: diversidad = aniztasun. Eta automatismo hori burutik kendu beharra dago.

Izan ere, gaztelaniazko "diversidad" hitzak bi zentzu nagusi dauzka, DRAEren arabera (irakurri, arren, Maite Imazen artikulu hori):

1.- Variedad, desemejanza, diferencia.

2.- Abundancia, gran cantidad de varias cosas distintas.

Gaztelaniaz "las personas con diversidad funcional" esaten denean (oker banago, norbaitek esan diezadala, arren), "las personas que son funcionalmente diferentes" esan nahi da, "minusválidas" edo "discapacitadas" ez erabiltzearren. Alegia, gutxiagotasunezko esanahi bat adierazi ordez, persona horien bestelakotasuna azpimarratzea bilatzen da, balorazio negatiborik gabeko espresio baten bidez. Horrek esan nahi du kasu honetan "diversidad" hitza bere lehenengo adierarekin erabiltzen dela.

Baina euskaraz pertsona batek aniztasun funtzionala baldin badu, horrek esan nahi du funtzio asko dituela. Eta hori ere egia da, noski, baina ez da ideia hori adierazi nahi izaten dena "diversidad funcional"ekin, baizik eta funtzio konkretu batean desberdina dela (adibidez, "diversidad funcional visual"). Horregatik, nire ustez "aniztasun" zeharo lekuz kanpo dago hor. "Desberdintasun funtzional" beharko luke. Edo hobeto, oraindik: "bestelakotasun funtzional", horrexek adierazten baitu hobekien eufemismo horren bidez adierazi nahi dena: ez direla funtzionalki ez hobeak eta ez okerragoak, baizik eta bestelakoak.

Xabier Aristegieta