<html><head><meta http-equiv="Content-Type" content="text/html charset=us-ascii"><meta http-equiv="Content-Type" content="text/html charset=us-ascii"><meta http-equiv="Content-Type" content="text/html charset=us-ascii"></head><body style="word-wrap: break-word; -webkit-nbsp-mode: space; -webkit-line-break: after-white-space;" class=""><p class="">Aurten ere badugu zer ospatu <a href="https://eu.wikipedia.org/wiki/Itzulpengintzaren_Nazioarteko_Eguna" class="">Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunean</a>: <em class="">Senez</em> itzulpen-aldizkariak 35 urte bete ditu, 50. zenbakiarekin bete ere. </p><div class=""><p class=""><em class="">Senez</em>en lehen alea 1984an argitaratu zen, Martuteneko
Itzultzaile Eskolaren ekimenez, Elhuyar eta UZEI elkarteak ere partaide
zirelarik. 2019ko irailean, 35 urte geroago, <a href="https://eizie.eus/eu/argitalpenak/senez/senez-50-2019" class="">50. zenbakiak ikusi du argia</a>, bai
paperean bai sarean. Oraingoan ere, itzulpengintzarekin loturiko
alderdi ugari ekarri dugu aldizkarira, eta egileen artean ere, ibilbide
luzekoak zein gazteagoak, itzultzaile-jardunean ari direnak zein mundu
akademikoan dabiltzanak bildu zaizkigu aldizkarira.</p><p class="">Ospakizun ekitaldia </p><p class="">Albiste pozgarria da, inondik ere, <em class="">Senez</em>en motako aldizkari
bat 50. portura heltzea, paperezko jantzia aldean duen arren, aldagarri
digitala ere dotore beztituta. Horregatik, lagunarteko ospakizun ireki
bat ere antolatzen ari gara. Ekitaldia <span class="">urriaren 16an</span> izango da, <span class="">19:00</span>etan, <span class="">Donostiako Victoria Eugenia Clubean.</span>
Bertan zuzeneko parte-hartzeak eta bideo batean grabatutako lagunenak
izanen ditugu, baita musika zuzenean eta otamena lagunartean ere.</p></div><div class="">Zorionak itzultzaile guztioi!!</div><div class=""><br class=""></div><div class=""><br class=""></div></body></html>