<html><head></head><body><div class="yahoo-style-wrap" style="font-family:Helvetica Neue, Helvetica, Arial, sans-serif;font-size:16px;"><div dir="ltr" data-setdir="false">Kaixo:</div><div dir="ltr" data-setdir="false"><br></div><div dir="ltr" data-setdir="false">Garai bateko eztabaida izan zen "(Bus) lanzadera" nola euskaratu eta hainbat proposamen egin ziren, eta zenbait lekutan "anezka" hitza ari da erabiltzen horretarako ingelesa > gaztelania > euskara kalko baten bidez. Ingelesezko "shuttle", gaztelaniazko "lanzadera" eta euskarazko "anezka" hirurak dira ehundegiko atal mugikor bat, oihal bateko bilbea egitean haria ezker-eskuin eta eskuin-ezker "jaurtitzen" duena (ingelesez "shuttle" hitza "shoot" aditzarekin lotuta baitago, gaztelaniaz "lanzadera" hitza "lanzar" aditzarekin lotuta dagoen bezala. Euskaraz, berriz, horren arrastorik ez dago, noski). Joan-etorria egiten duen atal horren erabilera metaforikoan oinarrituta daude garraioarekin lotutako zabalpen lexikoak, autobus, tren eta baita espazio-ontzi mota batzuekin erabiltzen direnak. Denborak esango du erabilera hori benetan errotzen den ala ez.</div><div dir="ltr" data-setdir="false"><br></div><div dir="ltr" data-setdir="false">Arazoa, aldiz, itzulpen batzuetan ikusten den beste termino batekin dator: "lanzadera de empleo" esateko, hainbatek automatikoki "enplegu-anezka" itzultzen dute; baina, hemen, ehundegiaren atalaren zabalpen lexikoaren bidez baino, gaizki-ulertu batean oinarrituta dago euskarazko termino hori. Ulertzekoa da erdarazko esamoldean enplegua ez dela ezker-eskuin mugitzen, berez enplegua sortu edo bultzatu nahi duen egitura bat dela, lan bila dabiltzanak lan-merkatura "jaurti" nahi dutenak. Ingelesez bilaketa bat eginda, oso kasu gutxitan topatu dut "employement shuttle" terminoa, eta behin ere ez "job shuttle".</div><div dir="ltr" data-setdir="false"><br></div><div dir="ltr" data-setdir="false">Ondoriora etorrita, ez dut uste "enplegu anezka" terminoa zuzena denik (ezta ulergarria ere). Beharbada, "bultzatu" edo "prestatu", "trebatu" edo horrelako aditzen batean oinarritutako beste termino bat asmatu beharko genuke, gaztelaniaren morroi izaten jarraitu beharrean.</div><div dir="ltr" data-setdir="false"><br></div><div dir="ltr" data-setdir="false">Horra nire kezka anezka hitzarekin.</div></div></body></html>