Euskara Batuaren Eskuliburuan honako hau esaten da "ukatu" aditzaren erabileraz (416. orrialdean):

"Baiezko perpausetan ez da egokia -(e)nik menderagailua erabiltzea ukaturekin, eta, beraz, -(e)la arruntari eustea da gomendatzekoa"

Halatan, Ukatu egin du baztertzen duenik ez, baizik eta Ukatu egin du baztertzen duela.

Niri, egia esan, iruditzen zait ezezko esanahia hainbeste gailentzen dela esaldian, non belarriak Ukatu egin du baztertzen duenik eskatzen didan.

Orain esaldi hau itzuli beharra egokitu zait: "La Dirección General de Ordenación del Juego niega la existencia de un problema de salud pública relacionado con el juego en España." Euskaltzaindiari jarraituz, "Jokoaren Antolamendurako Zuzendaritza Nagusiak ukatu egiten du jokoarekin zerikusia duen osasun publikoko problema bat dagoela Espainian" eman dut. Esaldia irakurrita, berdin zait zenbat aldiz irakurri ere, ezinbestean iruditzen zait horrela idatzitako esaldi bati salaketa-kutsua dariola: zuzendaritza nagusi horrek ukatu egiten duela EGON BADAGOEN joko-problema bat. Ez dakit zer iruditzen zaizuen zuei.

Ildo horretan gogoeta eginez, bururatu zait ea nola jokatzekoak ote ginatekeen, betiere Euskaltzaindiak adierazitako bidetik joanez, baldin itzuli beharreko esaldia pittin bat bipilagoa izango balitz. Alegia, honelakoa:

"La Dirección General... niega la existencia de ningún problema de salud pública relacionado con el juego en España".

"Zuzendaritza Nagusiak ukatu egiten du jokoarekin zerikusia duen osasun publikoko INOLAKO PROBLEMARIK DAGOELA Espainian"? INOLAKO + dagoELA?

"Niega la existencia de cualquier problema" izanez gero, egokia irudituko litzaizueke "ukatu egiten du EDOZEIN PROBLEMA DAGOELA" esaldia?

Ez dakit, baina iruditzen zait -ELA menderagailuaren erabilera problematiko samarra dela.

Zuetako inork ekarpenik edo iruzkinik egin nahi izan balu, gustura irakurriko nuke.

Eskerrik asko aldez aurretik.

Xabier Aristegieta