IVAPek argitaratu berri duen "Itzulpen- eta berrikusketa-irizpideak. Erabakiak eta gomendioak" dokumentuan, ezin bipilago esaten da ezen, zentzu kataforikoa adierazteko, "erabat okerra" dela honako (+ izena) + mugatzailea egitura. Eskaintzen dituen adibide hauetakoa, alegia:

*(...) Errege Dekretua, (...), honako errege-dekretua aldatzen duena

*Gorte Nagusiek honako legea onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala.

Halaber esaten da ezen, "honako" erabiliz gero, izenaren ondoren "hau/hauek" erakuslea behar dela nahitaez erabili. Alegia, goiko adibideetan "honako errege-dekretu hau" eta "honako lege hau" erabili beharko zirela.

Gaitzespen horrek txundituta utzi nau.

Batetik, ez dudalako ikusten gramatikako zer arrazoik debekatzen duen "honako" den izenlagun horrek zeri lagun egitea eta jarraian mugatzailearekin doan izen bati. Beraz, ez dirudi gaitzespenaren arrazoia gramatikala denik.

Bestetik, honako+izena+mugatzailea egituraren erabilera honako+izena+erakuslea egiturarena bezain ugaria ez izateak ez diolako ezer kentzen egituraren zuzentasunari. Bidenabar esanda: nahi duenak Googlen bilaketa egin dezake, esate baterako "honakoa"ri esan/erantzun/entzun/ikusi... aditzak gehituta (honakoa esan, honakoa entzun, eta abar) eta emaitza polit askoak aurki ditzake.

Eta Euskaltzaindiak? Zer dio "honako esaldia"ren tankerakoez?

Euskaltzaindiaren Hiztegian "honako" begiratuta, ikus zer dioen bigarren adieran:

2 adj. Hau, hemengo hau. (Dagokion izen sintagmaren ezkerrean ezartzen da, artikuluak edo erakusle batek, gehienetan hau-k, mugatzen duela sintagma).

Irakurri duzue, ezta? "ARTIKULU edo erakusle batek, gehienetan hau-k [azken zertzelada hori ez du inork zalantzan jartzen], mugatzen duela sintagma"

Halaber, bururatu zait Euskaltzaindiaren "Euskararen Gramatika"n "honakoa" edo "honako + izena + mugatzailea" zenbat aldiz agertzen den bilatzea. Erantzuna: bederatzi aldiz. Nork eta Euskaltzaindiak zertaz eta Euskararen Gramatikaz idatzitako obra goren horretan.

Hori guztia horrela, IVAPeko lan horren arduradunei jendaurrean egiten diedan galdera da: zertan oinarritu zarete aipatu egitura "erabat okerra" dela esateko?

Esker mila.