Espainiako Errege Akademiaren hiztegiak, bere ohiko idortasunaz eta orientabide-eskastasunaz, esaten du desigualdad dela cualidad de desigual. Eta desiguali buruz dio, huts-hutsean, que no es igual (orain interesekoak ez zaizkidan beste adiera batzuk emateaz gain). Ez du beste ñabardurarik ematen.

Irakurle bezala, nire esperientzia ez da inola ere hori. Nik desigualdad topatu izan dudan guztietan, zentzu negatiboz blaitua aurkitu dut hitza. Hain zuzen ere, ingelesez inequality hitzak daukan esanahi berberarekin. Eta zer esan nahi du inequalityk? LONGMAN hiztegiaren arabera:

Hori horrela bada, ez zait batere egokia iruditzen gaztelaniazko desigualdad euskaraz zozoki desberdintasun ematea. Combatir la desigualdad ez da desberdintasuna borrokatzea. Gaur egungo gizartean, desberdintasuna sustatu eta babestu egiten da, positibotzat jotzen delako. Desigualdad, ordea, esan dudan bezala, nik beti kutsu negatiboarekin, ingelesezko inequality  horrek duen berberarekin, aurkitu izan dut.

Orduan, nola eman desigualdad euskaraz, kutsu negatiboko desberdintasuna den hori, alegia?

Irtenbide bat zuzen-zuzenean ematen digu euskararen eratorbideak: -tasun atzizkia gauza neutro edo positiboetarako erabiltzen den bezalaxe, horrek duen korrelatoa, esanahi negatiboetarakoa, -keria atzizkia da. Beraz, desberdintasun ez, baizik eta desberdinkeria.

Desberdinkeria horrek, dena den, -keria atzizkidun substantibo guztiek edo gehien-gehienek bezalaxe, esango nuke bere esanahiaren oinarrian giza jokabide bat duela: diruzalekeria, berekoikeria, arrazakeria.

Desigualdad, ordea, jokabide bat bainoago, egoera bat da. Horregatik, kontuan hartzeko moduko hitza iruditzen zait desparekotasun. Hots, parekotasunik eza. Baina, betiere hobeto, hitz bakarrean, problemarik izan ez dezagun hitz hori mintzaldiaren jarioan sartzeko eta, esate baterako, desparekotasun lotsagarria modukoak esan ahal izan ditzagun, bi hitzezko aukerak murgilduko gintuzkeen katramilari (parekotasunik ez lotsagarri???) ihes eginik.

Xabier Aristegieta