[itzul] Copago

Elhuyar Fundazioa elhuyar a bildua gmail.com
Al, Eka 4, 12:57:07, CEST 2012


Koldo Bigurik esan duen moduan, alde batera utzi beharko dira
"berrordainketa" gisakoak, egia izanik ere. Ez dut uste itzultzaileari
dagokionik interpretazioa puntu horretaraino egitea, batez ere jatorrizko
hitza nahita bilatutako eufemismoa denean. Horregatik, ordain politikoki
zuzen baten bila abiatu beharko du itzultzaileak. <koordainketa> eta
<koordainkidetza> ordainak proposatu dira.

Alde horretatik, interesgarria da hitza, ko- aurrizkiaz osatutako hitz
eratorriak euskaratzeko batzuetan dugun arazoa azaleratzen duelako.



-kide, eta, hortik, -kidetza aukerak hor ditugu, egia da, baina garbi izan
behar dugu -kide kuasiatzizkia (berez, izena da, eta harekin osatutako
hitzak ez dira hitz eratorriak, hitz-elkarteak baizik) izenei eransten
zaiela, eta ez aditzei (nahiz eta <ikaskide> gisako salbuespenen bat edo
beste badagoen). Horregatik, adibidez, <osakidetza> hitza aski
badaezpadakoa da (bego izen berezi moduan, Osakidetza, baina ez izen arrunt
gisa). Hor ibili da, edo dabil, <hezkidetza> hitza ere.



"coexistencia", "coproducción", "coeducacion", "cogeneración", "cogestión"
gisakoetan dugu arazoa (eta sail horretakoa da "copago" ere); hau da,
muinean aditza dutenak dira problematiko, eta ez "consuegra",
"contertulio", "copropietario" gisakoak.



<baterako X> moldea erabili da, erabili dugu, <baterako hezkuntza>,
<baterako sorkuntza>.... <baterako X> horrek ez du arazorik sortzen
jatorrizkoan "joint, conjoint, conjunta..." gisakoak daudenean erdaretan
(joint floating / flotación conjunta, frecuencia conjunta / joint
frequency, thérapie conjointe / conjoint therapy...), baina erdaretan "coX"
dagoenean, ez gara beti gustura gelditzen (<baterako sorkuntza> eta
<baterako hezkuntza> gisakoak, adibidez, ez dira, normalean, oso
gogobetegarri gertatzen).



Beraz, itxuraz, bi bide genituzke:

1- <baterako ordainketa>

edo, -kide kuasiatzizkia izenei lotzekoa bada,

2- <ordaintzekidetza> (ez pentsa ezinezkoa denik; Zehazki hiztegian,
adibidez, <kudeatzekidetza> proposatu da).



1. aukerak, zuzena izan arren, ez du, nire ustez, arrakasta izateko aukera
handirik: bi hitz dira (eta ez da termino teknikoa).

2. aukera ere teorikoki zuzena da, baina oso kakofonikoa da, eta arrakasta
izateko euskarririk ez diot ikusten.



Bada beste aukera bat, hasierako mezuetan ageri dena: <koordainketa>.
Huraxe gertatzen zait niri gustagarriena eta arrakasta izateko aukera ere
ikusten diot (arrakasta idatzia, zeren, ahozkoan, "kopago" ibiliko baita,
jakina).



Hala ere, onartu behar genuke <koordainketa> berrikuntza dela, ko- aurrizki
kultua ez baitugu orain arte erabili euskal hitzei lotuta hitz eratorri
berriak lortzeko. Duela urte batzuk, plaza honetan, <kosorkuntza> aipatu
nuen <baterako sorkuntza> terminoaren ordez erabiltzeko aukera gisa, baina
ez nuen aldeko askorik izan, egia esan. Orain, beste batzuek proposatu dute
baliabide hori. Ea zer dioen (itzultzaile-)herriak.



Alfontso

Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak





2012/6/4 Koldo Biguri <kbiguri a bildua yahoo.es>

> Bai, Karlos; baina itzultzaileak gaituk eta ez kritiko sozialak. Eta
> itzultzaileak ez luke iruzurrik egin behar (Petrik dioen bezala, nire
> lapsus digital bat aprobetxatuz) bere "ideologia" edo ikusmoldea sartzeko
> itzulpena delakoan. Eta tentazio horretan asko erortzen dira; adibide
> askoren artean, bat: Bilboko postetxe nagusiko lehoi baten azpian
> ikusitakoa: "Nacional>Estatu barrukoa", itzulpen hau egin duenak bere
> ideologiaren arabera jokatu du, eta ez itzulpen-eskatzailearen
> borondatearen arabera: ez al doa "gure kode deontologikoa" delakoaren
> kontra?
>
> Koldo Biguri
>
>
>   ------------------------------
> *De:* karlos del_olmo <karlos_del_olmo a bildua donostia.org>
> *Para:* ItzuL <itzul a bildua postaria.com>
> *Enviado:* Lunes 4 de junio de 2012 12:21
> *Asunto:* Re: [itzul] Copago
>
> >Espainiako administrazioak "copago" hitza asmatu duenean, bistan da ez
> duela "repago" erabili nahi.
>
> Jakina, Koldo, zein hartzailek irentsiko luke pilula edo injkezio hura,
> osterantzean? Baina, zer rodaintzen du administrazio horrek, berez, gure
> dirua erabili barik? Dena dela, nirea ez da hizkuntzazko proposamena.
> Guztiakrein ere, ez gaitezen *lost in translation* , esapidearen
> ifrentzuan zer dagoen argi izan behar dugu, "herritarraren gainordain"
> batez ari baita, eta ez elkarrekin edo elkarren artean ordaintzen dugun zer
> edo zeren gainean. Ondo segi!
>
>
> Karlos del Olmo
> karlos_del_olmo a bildua donostia.org
> 943483474
>
>
>
>
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20120604/01844f7b/attachment.html>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago