[itzul] gudua / Gudua

Alfontso Mujika Etxeberria a.mujika a bildua elhuyar.eus
Al, Abu 22, 21:25:03, CEST 2022


Badakigu letra larrien erabilera ez dagoela arautua. Beraz, galderari ezin
zaio erantzun erabatekorik eman. Gainera, nazioartekoari begiratzeak ez
digu argi handirik egingo. Adibidez, Wikipedian:
en *Battle of Normandy*; es *batalla de Normandía*; fr *bataille de
Normandie*; pt *Batalha da Normandia*; ca *Batalla de Normandia*.

Bestalde, *Euskaltzaindiaren Hiztegia* (EH) erreferentzia ona da, baina
adibide batean (eta behin bakarrik, EH osoan ez baitago <Xko gudu / Xko
bataila> ageri den beste adibiderik edo definiziorik) agertzen dena ezin
dugu legetzat hartu (baina bai zalantza egiteko gaitzat). Euskaltzaindiak
arautu gabeko gaietan, EHko adibideak (denak errealak dira) ez dira
sistematikoki molde bakar batera ekarri, normala den bezala,
Euskaltzaindiak erabakiak hartu arte. Aldiz, erabilera sistematikoa dela
ikusiz gero, pentsa liteke atzean erabaki bat dagoela; adibidez "Espainiako
Gerra Zibila" sistematikoki erabili da EHn (*frankismo, gako-hitz, gerra
zibil, gudari, maki, bou* sarreretan).

EIMAren *Letra larriak* lanaren proposamenak baliatzea egokia da, besterik
ezean. Nolanahi ere, badakigu proposamenak baino ez direla.

Euskaltzaindia ortotipografia lantzen hasi da, eta dagoeneko badira zenbait
emaitza hori lantzen ari den batzordean. Eta Osoko Bilkurara ere hasi dira
iristen araugai-proposamenak. Espero behar dugu luze baino lehen kaleratzea
ortotipografiako lehen arauak (ortotipografian, dena dela, "araua" ezin da
beti izan ortografian bezain zehatz eta bete beharreko, partez estiloari
ere baitagokio). Letra larrien eta xeheen erabilera, berriz, batzordean
lantzen ari da orain eta, aski gai potoloa denez eta azpiatal asko
dituenez, hilabete batzuk beharko dira oraindik Osoko Bilkurara iristeko.
Han aztertuko dira gerren/gerlen eta guduen/batailen izenetan nola erabili
letra xeheak.

Emaitza horren zain egon beharko dugu. Nik, bitartean, nire iritzia emango
dut:

Gertaera historikoen multzoan sartzen dira gerrak eta guduak, eta *gerra *edo
*gudu *atal generiko batez eta atal espezifiko batez izendatu ohi dira.

Gerren eta guduen izenen tipologia askotarikoa da (izena + izenondoa,
hitz-elkartea, izenlaguna + izena...) eta hori kontuan hartu behar da,
ezinbestean, adierazpen izendatzailean letra larriak nola erabili
zehazteko, den-denak ez baitira, nire ustez, berdin tratatzekoak. Nolanahi
ere, adierazpen-tiporik ugarienetakoa <IZENLAGUNA + IZENA> moldea da, eta,
haren barnean, <NONGO GERRA/GUDUA> moldea. Oso gardena da: leku-izen bat
eta izen generikoa.

Kasu horretan, gure bi auzo-erdarek berdin jokatzen dute, zorionez: *gerra *eta
*gudu *generikoa letra xehez idaztea gomendatzen dute hala frantsesez (*la
bataille d'Angleterre, la bataille des Plaines d'Abraham*) nola gaztelaniaz
arauemaileek (*la batalla de las Termópilas, la batalla de San Quintín, la
batalla de Ayacucho*). Horregatik, uste dut komeni zaigula euskaraz ere
bide horretatik joatea, bide horretan ibiltzen ohituta baikaude euskaldunok
gaztelaniaz edo frantsesez idaztean eta irakurtzean eta ez baitirudi
bestera jokatzeko arrazoi sendo-sendorik dagoenik. Horrenbestez, *Normandiako
gudua/bataila, Normandiako lehorreratzea* egingo nuke. Baina nire iritzia
baino ez da.



Hau idatzi du Joxemi Hernandez (joxemiher a bildua euskalnet.net) erabiltzaileak
(2022 abu. 22, al. (10:56)):

> Kaixo
> Historiako liburu bat itzultzen ari gara eta zalantzan gabiltza. Zein da
> idazkera zuzena, Normandiako Gudua ala Normandiako gudua?
> EIMAren *Letra larriak* lanaren arabera, Normandiako Gudua behar du,
> baina *Euskaltzaindiaren Hiztegia*k adibide hau dakar: *Bi mila soldadu
> ingururen gorpuak gudu zelai gorrituan geratu ziren arren, historiak dio
> Oriamendiko guduak ez zuela garrantzi handirik izan Lehen Karlistaldiaren
> azken emaitzan*.
>
> Eskerrik asko aldez aurretik
>
>

-- 
<https://www.elhuyar.eus/>

*Alfontso Mujika Etxeberria*

*Hizkuntza eta Teknologia*


Zelai Haundi 3 - Osinalde industrialdea

20170 Usurbil (Gipuzkoa)

Tel.: (+34) 943 36 30 40 | Luzp.: 217

a.mujika a bildua elhuyar.eus |  <a.mujika a bildua elhuyar.eus>*www.elhuyar.eus*
<https://www.elhuyar.eus/>

-- 
* <https://www.elhuyar.eus/>*



-- 
Mezu elektroniko honek INFORMAZIO KONFIDENTZIALA DU, ETA DEBEKATUTA DAGO 
INFORMAZIO HORI ZABALTZEA.  DBEO eta PRIBATUTASUN-POLITIKA 
<https://www.elhuyar.eus/eu/pribatutasun-politika>



-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20220822/0e6b701d/attachment.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago