[itzul] Gogoeta bat: "innovador"

Xabier Aristegieta allurritza a bildua gmail.com
Or, Ira 29, 14:20:32, CEST 2023


Espero izatekoa zenez, Espainiako Errege Akademiaren Hiztegiaren arabera,
innovador = "que innova".

Bere horretan, euskaraz "berritzaile" litzateke, eta horrela agertzen da
adibide ugaritan, Euskaltermen begiratuz gero, esate baterako. Eta erabili
ere, denok erabiltzen dugu... baina, batzuetan, automatikoegi ez al gara
jarduten?

Esan nahi dudana da: zerbaiti buruz "innovador" dela esaten denean, egiazki
esan nahi da zerbait berritu egiten duela? Ez al da gehiago izango
berrikuntzaren emaitza dela?

Argi dago "un artista/profesional innovador" esatean, esan nahi dela
artista edo profesional horrek bere langintza-esparrua nolabait berritu edo
berritzen duela. Hor "berritzaile"rekin ez dut problemarik ikusten. Orain
azaltzen ari naizen aferaren ikuspegitik behintzat.

Baina "medicamentos innovadores" itzultzea suertatu zait.

"Sendagai berritzaileak" esatea ez al litzateke gaztelaniazko automatismo
itsuz jokatzea?

"Medicamentos innovadores" ez al dira, berez, "medicamentos derivados de la
innovación, producto de la innovación" edo horrelako zerbait? Nire ustez
bai. Bidenabar pentsatu ahalko da badirela "medicamentos que innovan el
panorama actual de la medicina", edo horrelako zerbait. Baina ez zait
iruditzen esanahi nagusia hori denik.

Bada, kasu horretan, nik "berrikuntzazko sendagaiak" proposatzen dut, Hots,
berrikuntzaz lortutakoak.

Norbaitek horri buruzko gogoetarik izango balu, interesatuko litzaidake.

Eskerrik asko, eta asteburu on.


Xabier Aristegieta
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20230929/db4b8475/attachment.htm>


ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago