[itzul] % zenbakiari lotuta ala aparte

Berasategi, Joxe M. jmbera a bildua alava.net
Al, Uzt 5, 17:47:48, CEST 2004


Eskerrik asko erantzun duzuen guzti-guztioi.


Joxe Mari Berasategi
AFAko Euskara Zerbitzua


-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En
nombre de Alfontso Mujika
Enviado el: lunes 5 de julio de 2004 9:58
Para: 'ItzuL'
Asunto: RE: [itzul] % zenbakiari lotuta ala aparte


Hainbat mezu izan dira Joxe M. Berasategik bidalitakoari erantzuteko, baina
ez diote erantzun 'zenbakiari lotuta edo aparte' galderari. Azken
erantzunean, Irene Araratsek, zeharka bada ere, erantzun egin dio: loturik
idaztea gomendatzen duela Egunkariaren estilo-liburuak (2001eko
argitalpenean).

Elhuyarren zenbakitik aparte  idazten ditugu ehunekoaren eta milakoaren
ikurrak. Beraz, guk '% 5' idazten dugu, eta ez '%5'.

'Zertan oinarrituta' izan da Joxe Mari Berasategiren bigarren galdera. Hona
hemen gure argudioak (luzea da, barkatuko duzue astelehen goiz batean
honelako mezu luzea bidaltzea):

Erabilerari buruzko arau espliziturik ez badago ere, Euskaltzaindiak 1985ean
argitaratutako 'Euskal Gramatika Lehen Urratsak' lanean, "3.2.1.11
Frakzioak" izeneko atalean, honela dio:

"... portzentaien kasuan: % 5 --- 'ehuneko bost' (irakurriko da)"

Eta Euskaltzaindiak 1993an argitaratutako 'Euskal Gramatika Laburra: Perpaus
Bakuna' lanean, 4.2.1 zenbatzaile zehaztuak izeneko atalean, honela dio:

"... Portzentaiak honela: %5 (ehuneko bost)"

Hau da, batean '%' ikurraren eta zenbakiaren artean zuriunea dago (% 5) eta
bestean ez (%5). Geroztik, guk dakigula, Euskaltzaindiak ez du ezer esan
horri buruz. Eta, beharbada, esan beharrik ere ez luke, horrelako arau eta
konbentzioak nazioartekoak izaten baitira, eta ez dira hizkuntz akademietan
erabaki ohi. Kontua da, dena den, gaur egungo euskal testuei erreparatuta
denetatik ikusten dela.

'%' ikurraren erabilera guztiz onarturik dago nazioartean 0,01 zenbakia
adierazteko, eta, haren bidez, bat dimentsioa duten magnitudeen balioak
adierazteko (proportzioak adierazteko). Ikurra den aldetik, kalifikatzen
duen zenbakiaren ondoren idatzi ohi da erdara nagusietan (erdara horietan
esan ere ordena horretan esaten da):

25 % (25 por ciento; 25 pour cent; 25 percent)

Euskaraz, ordea, alderantzizko ordenan esaten da:

% 25 (ehuneko hogeita bost)

Hori dela eta, ulertzekoa da ikurra aurretik jartzea. Hala ere, orain dela
gutxi arte behintzat, zenbait euskal zientzalarik nazioarteko moldea
erabiltzen zuten. Izan ere, unitateekin ere arazo hori badago 1 zenbakia
erabiltzen denean, baina horretan adostasuna badago:

10 m (hamar metro) eta 1 m (nahiz eta 'metro bat' esan) idazten dugu.

Dena den, % ikurra zenbakiaren aurretik idatzita ageri da Euskaltzaindiaren
lanetan, eta, gaur egun, horrela ageri da euskarazko testuetan. Auzia,
hortaz, ez dago hor: ikurraren eta zenbakiaren artean zuriunea jartzea edo
ez jartzea dago auzian.

'%' ikurra da, eta, alde horretatik, ikurrak bezala idaztea izango litzateke
normalena. Ikurrak zenbakitik zuriune batez bereizita idazten dira:

5 m (bost metro), 6 kg (sei kilogramo), 7 s (zazpi segundo), 8 A (8
ampere)... 

Badira, hala ere, ikur gutxi batzuk izenari lotuta idazten direnak. Hona
hemen:

1) Dolarraren ikurra -$- zenbakiaren aurretik eta zenbakiari lotuta idatzi
ohi dute ingelesez, alderantziz irakurtzen badute ere: $5 (five dollars).

Baina liberaren ikurra, adibidez, izenaren ondoren eta tartean zuriunea
utzita idazten da (zen) frantsesez: 5 F (bost libera). Nolanahi ere,
dolarra, eta monetak oro har, ez dira Fisikako unitateak, baina portzentajea
bai.

2) Angelu lauaren unitateen ikurrak -graduak (°), minutuak (') eta segundoak
(")- zenbakiari lotuta idazten dira: 30°43'35" (30 gradu 43 minutu 35
segundo). Horiek Fisikako benetako unitateak dira, zuriunerik gabe idazten
diren bakarrak.

Garai batean, Celsius gradua ere zenbakiari lotuta idazten zen (37° C),
baina, gaur egun, SI sistemaren arauek argi eta garbi zehazten dute Celsius
graduaren ikurra °C dela eta honela idatzi behar dela: 37 °C (eta ez 37° C).

Ehunekoaren ikurra -%- zenbakiari eskuinetik lotuta idazten da
gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko testu batzuetan (ingelesez
bietara ikusten da). Gaztelaniaz, gainera, ia besterik ez da ikusten.
Beharbada, hortik etorri da euskaraz ere lotuta idazteko ohitura. Dena den,
nazioarteko arauek bestela diote:

ISO (International Organization for Standardization) erakundeak 1992an
argitaratu zuen 31 arauaren (Quantitis and units) 0 atalean (General
principles) zenbakien eta ikurren artean zuriunea jarri beharra zehazten du.

Eta Estatu Batuetako Merkataritza Departamentuaren erakundeak ere ( NIST,
National Institute of Standards and Technology) 'Guide for the Use of the
International System of Units (SI)' gidaliburuan, '%' ikurrari buruz ari
dela, honela dio:

"... When it is used, a space is left between the symbol % and the number by
which it is multiplied... Example: xB = 0.0025 = 0.25 %   but not   xB =
0.0025 = 0.25%"

Beste adibide bat: Frantziako ADEME erakundeak (Agence de l'Environnement et
de la Maitrise de l'Énergie) 'Écrire les nombres, les grandeurs, les unités
et les symboles selon les Normes internationales' izeneko lanean, 2. puntuan
(Representation des nombres), ISO 31, ISO 1000 eta IEC 27 nazioarteko
arauetan oinarriturik, honako ohar hau egin du:

"NOTE Numbers are separated from the symbol % by a space as in any unit
writing"

Ondorioa: '%' ikurra da, eta ikurrak bezala idatzi beharko litzateke, hau
da, zenbakitik bereizita (egia da, nazioarteko joerari erabat lotzeko,
zenbakiaren ondoren eta ez aurretik idatzi beharko litzatekeela, baina
euskaraz aurretik irakurtzen denez eta Euskaltzaindiaren lanetan ere
aurretik ageri denez, ez gara hori aldatzen hasiko). Elhuyarren aspalditik
testu guztietan sistematikoki zuriunea jartzen dugu ikurraren eta
zenbakiaren artean (% 25 eta ez %25). Euskaldunon Egunkaria-k ere halaxe
esplizitatu zuen bere  Estilo-liburuan 1992ko argitalpenean; 2001eko
argitalpenean, ordea, zergatik ez dakigula irizpidea aldatu eta loturik
idaztea hobetsi zuen.

Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuak

-----Mensaje original-----
De: Berasategi, Joxe M. [mailto:jmbera a bildua alava.net]
Enviado el: viernes 2 de julio de 2004 9:54
Para: itzul a bildua postaria.com
Asunto: [itzul] % zenbakiari lotuta ala aparte


%5 ala % 5, eta zertan oinarrituta?

Aurrez esker mila

Joxe Mari Berasategi
AFA



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago