ER: [itzul] Jarriozu
Juan Garzia Garmendia
svrinsjg a bildua sv.ehu.es
Ost, Uzt 28, 11:35:27, CEST 2004
Halaxe da, bai, eta (xuabe esateko) ganoragabekeria galanta, gainera, beren
etxe-hizkera euskara batu edo estandarretik hurbilen dutenek hain ahalegin
eskasa egitea, abantaila handi horren truke, arreta gehixeago jartzeko
batasun-arauei.
Besterik da, ezjakintasun, axolagabekeria zein errespetu-falta horien
kontuez landa, zer leku eta zer paper duten edo behar luketen arautik
kanpoko formek genero, erregistro eta egoera bakoitzean. Baina, bai jauna,
den horixe da euskara batua, eta haren barruan bilatu behar dira molde
adierazkorrak ere, gazteenak eta lagunartekoenak barne.
Ezin dira arrazoitzat onartu aitzakia huts direnak. Eta, arrazoi izatekotan,
aitor dezagun garbi: euskara batua bera baztertzeko arrazoi lirateke.
Zenbait jokabide ikusita, ez naiz harritzen tentazio zahar hori berritzea
zenbaiti, baina espero dezagun guztion leialtasun-huts txikiok erabateko
traizio izatera ez iristea.
Ahalegina behintzat zor dugu, guztiok.
-----Jatorrizko mezua-----
Nondik: itzul-bounces a bildua postaria.com
[mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]Honen izenean: jon-agirre a bildua ej-gv.es
Bidalia: Asteazkena, 2004.eko uztailak 28 11:03
Nora: itzul a bildua postaria.com
Gaia: [itzul] Jarriozu
Oporren ostean irakurri dut ekainaren 23ko mezu hark izandako erantzunen
katea (kostata; etsita geratu naiz, zein zaila egin zaidan postaria
erabiltzea: oraindik ez dakit mezu bati erantzuten, eta mezu barri bat
idazten dut, nire ezjakintasunak behartuta).
Harira etorrita, aditz trinkoak, direnak dira, eta, euskara batuan,
Euskaltzaindiaren paradigmetan agertzen direnak dira. Hortaz, 'jarri',
'hartu' eta 'heldu' aditzak, esate baterako, trinkorik gabeak dira, 'eman',
'esan' eta 'ezagutu', adibidez, forma trinkodunak diran bezala, hots,
'jarriozu', 'hartzazu' eta 'banel' ez daude, 'jar(ri) iezaiozu', 'har(tu)
ezazu' eta 'heltzen naiz' baino (lehen biak ahoz badaude, baina ahoz laburtu
izanaren ondorioz soilik, ez dira beren kabuz bizi diren aditz formak),
'emazu', 'esaguzu' eta 'badazagugu' ordea badaude aditz trinko moduan,
burujabe, inori ezer zor ez diotela.
Euskaltzaindiak aditz trinkoak erabaki zituenean forma horiek ('jarriozu',
'hartzazu' edo 'hartuizu' eta abar) erabakitzea izan zuen, eta badauka,
oraindik ere, baina ez zituen batasunerako onartu. Ez nik, Euskaltzaindiak.
Ahozkorako edo euskalki-mailarako utzi zituela dirudi. Ez nabil erabaki
horren alde egiten. Hala erabaki zuela jasota uzten ari naiz, iritzirik eman
gabe.
Beraz, ezin ditugu zaku berean sartu 'hartzazu' eta 'emazu'. Batak 'aditz
nagusia + aditz laguntzaile laburtua' egitura dauka eta bestea aditz trinkoa
da. Bata 'har ezazu' sinkopatua da, eta bestea 'emazu' da, hala onartua,
hala erabilia eta hala idazten dena. Lan Kide Aurrezkiak edo Euskadiko
Kutxak "hartzazu zure txartela eta dirua" (edo horrelako zerbait) esaten
dizunean, oso ondo esaten du, baina gipuzkeraz esaten du, ez euskara batu
gaztean. Euskara batu gazterako ('Jarriozu' kanpaina gazteentzat ei dela
eta) hika erabiltzea dago, nire ustez egokiago. Kontua izango litzateke,
orduan, kanpainaz esan dena (nori zuzendua, mutilei ala neskei edo biei)
euskarazkoak argituko ligukeela, kartel bi egin beharko bailirateke bestela:
"Jar iezaiok", "Jar iezaion".
Baina nik planteatzen nuena horrek ere ez du konpontzen. Mahairatu nuena
eta dudana zera da:
1.- Gure burua engainatzen dugula 'jarriozu' eta 'hartzazu' idatzirik
euskara batuan gabiltzala uste badugu.
2.- Forma horiek euskara batuan idazteko (gazte kutsua emateko edo nik
dakit zertarako), zerbait ezabatu dugula adierazten duen ikurren bat erabili
behar dugula.
3.- Ikur hori komatxoa (') dela.
Ondorioz, kutxazainak "har ezazu..." esan beharko luke eta hiesaren
kanpainakoak ("jarriozu" gustukoago badut ere, nori axola dio nire
gustuak?!), "Jar iezaiozu" edo "Jar i'ozu" gazte askoa. Edo euskalkiak
erabiltzen hasi, orain arte baino gehiago.
Jon Agirre
Jar i'ozu
-------------- hurrengo zatia --------------
Erantsitako HTML dokumentu bat ezabatu egin da...
URL: <https://postaria.com/pipermail/itzul/attachments/20040728/314c9a84/attachment.html>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago