[itzul] Re: Nork itzuli behar du Europako Konstituzioa? (2)
Luistxo Fernandez
LFernandez a bildua codesyntax.com
Ost, Eka 30, 09:46:42, CEST 2004
Karlos del Olmo:
>Euskaltzaindiak bere burua eskaini omen dio Paulino Luesmari Europako
>Konstituzioa itzultzeko (...) Euskaltzaindiak, gainera, ezin dio,
>itzulpenari "legezkotasunik" erantsi.
>(...)
>Zer gerta ere, Euskaltzaindia baino gutxiago bagara ere, EIZIE ere prest
>dago kontsitutzioa itzultzeko. Ala ez? Nori berea da zuzenbidea (eta
>konstituzioa)!
Beste pentsakizun atzeratu bat honen haritik.
Benetan negargarria iruditzen zait, euskarari Europako instituzioetan
emango zaion tokia konstituzioa behin itzuli izanarekin beteta egongo dela
jakitea. Iraingarria ere bada, eta ez Euskaltzaindiak ez EIZIEk ez lukete
bere burua ESKAINI behar nere ustez. Del Olmok erdi txantxetan bota du
berea, eta ni ez naiz EIZIEkide, baina, Karlos, egitekotan, mesedez,
ordainduta gomendatutako tarifarik zorrotzenean ahal bada, edo inola ere ez
bestela.
Horrez gain, konstituzioaren itzulpen euskaldun horrekin egin behar dutena
ere aipatzeko modukoa da. Ale bat eroan behar omen da instituzio zentralera
(ez dakit Brusela, Estrasburgo ala Salamancako artxiboa den hori), eta han
gorde.
Erdi-aroan egiten zen hori, Europan hain zuzen. Inprentarik ez zegoen
garaian, legeak-eta kopiaz kopia edo ahoz aho zabaldu ahala, edukia guztiz
aldatzeko arriskuan egoten ziren, zer esanik ez interpretazioan.
Horregatik, lege bakoitzak bere kopia ORIJINALA zeukan, BAKARRA eta ondo
gordea errege-jauregiko kutxaren batean. Carta Magna haiek, hortaz, zehatz
karta bat eta bakarra izan ohi ziren. Eta legearen letra edo izpirituaz
zalantza zegoenean, metodoa izaten zen zalantza argitzekoa kutxa ireki eta
gutun demontreko hark zehazki zer esaten zuen irakurtzea. Kopia bakar
sakratu eta gordearen izaera zen legearen zehaztasunaren bermea.
Orain ere, horretan gaudela ematen du. Europako jauntxo feudalek horrela
tratatzen dituztela, gu, euskaldun jopuon eskubideak. Ale sakratua gordeko
da Bruselan gure eskubideak euskaraz idatzirik izango direlarik! ooooooo!
eskerrik asko, hau da ohorea!
Ameriketan duela bi mende beste modu batean pentsatzen hasi ziren. 1778
inguruan Estatu Batuen sorrera erabaki eta beren konstituzio propioa egitea
erabaki zutenean hango batzuek, justo kontrako estrategia erabili zuten:
konstituzioa inprenta bidez masiboki banatu, batetik independentismoaren
propaganda gisa, eta bestetik, egiazki, kopia masiboa zelako, kopia bakarra
baino gehiago, zalantza faltaren bermea. Estatu Batuetan, zailagoa izan
zen, orduanik bertatik, inork herritarrari esatea, "aizu, legeak hau eta
hau dio", herritarrak ere bere kopia eskura eduki zuelako, eta bere kopia
beste mila kopiaren berdina zela ere jakin bazekielako, eta testuaren
literaltasuna zein zen ondo zekielako herritarrak...
Baina hemen, mediabelenek ere Internet darabiltenean (buru-mozketak web
bidez transmititzen omen dituzte), Europa teknokratiko honek jopu
feudaltzat hartzen gaitu.
Zaldi Eroak Berrian hain ederki marrazten duen Laugarren Xedapen
mediebalaren mendean daude Txosten eta Emendakiņa, euskal super-zeozer edo
super-heroiak.
Luistxo Fernandez
LFernandez a bildua codesyntax.com - 652 750 362
CodeSyntax - http://www.codesyntax.com/
Azitaingo Industrialdea 3K
E-20600 EIBAR
Tel: (+34) 943 82 17 80
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago