[itzul] Pello Lizarralderen isilaldietan barna
Gotzon Egia
gegia a bildua gipuzkoa.net
Ast, Ira 9, 13:43:21, CEST 2004
Tarazona, 2004ko irailaren 6tik 10era
Tarazonako Itzultzaile Etxeak
(http://www.grinzane.net/P_Traductor_ENG.html) urtero antolatzen ditu
idazle baten eta beraren lanaren itzultzaileen arteko elkarketak;
programa horren bidez, idazleek eta atzerriko itzultzaileek elkarrekin
lan egiteko aukera izaten dute, lauzpabost eguneko mintegi batean.
Aurten, lehenengo aldiz, Tarazonako Itzultzaile Etxeak eta EIZIEk euskal
idazle baten lana beste lau hizkuntzatara itzultzeko mintegia antolatu
dute. Mintegiak helburu bi ditu: alde batetik, euskaratik beste
hizkuntzetarako itzulpenak lantzea –taldean eta idazlearen laguntzaz–;
bestetik, euskal literatura atzerrian ezagutaraztea eta sustatzea,
itzultzaileen arteko harremanak indartuz.
*Idazlea eta itzultzaileak*
Pello Lizarralderen (http://www.erein.com/egillizarral.htm) _Un ange
passe_ izeneko ipuina itzuliko da aurten. Euskaratik zuzenean beste
hizkuntzetara itzultzen duten literatur-itzultzaileak gutxi direla
ikusirik (gaztelania izan ohi da «zubi hizkuntza»), binaka lan egiteko
aukera hautatu du EIZIEk, hau da, lehen hizkuntza euskara duen
itzultzaileak jatorrizko testua landuko du, eta besteak, berriz,
xede-hizkuntzako testua. Hala, ondoko hauek izango dira itzultzaileak
aurtengo mintegian:
· Mia Rissanen eta Joseba Ossa (suomiera)
· Pernille Hansen eta Juan Mari Mendizabal (daniera)
· Mijail Zelikov eta Jose Morales (errusiera)
· Edurne Alegria (frantsesa)
*Mintegia (Tarazonan) eta aurkezpen-ekitaldia (Donostian)*
Irailaren 6tik 10a bitartean, idazleek eta itzultzaileek elkarrekin lan
egingo dute Tarazonako Itzultzaile Etxean (Zaragozan), eta mintegiaren
amaierako saio gisa, irailaren 10ean, ostiralarekin, arratsaldeko 7etan
aurkezpen-ekitaldia egingo da Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean.
Parte hartzaileek mintegian izandako esperientziaren berri emango dute
mahai-inguru batean, eta landutako testu laburrak irakurriko dituzte
bost hizkuntzatan, musikaz lagunduta.
*Argitalpena*
Ipuinaren itzulpenak _Cuadernos de Tarazona_ izeneko bilduman
argitaratuko dira (jatorrizkoarekin batera), eta bi mila ale banatuko
dira hainbat herrialdetako enbaxadetan, Cervantes Institutuaren
(http://www.cervantes.es/) etxeetan, idazle eta itzultzaile elkarteetan,
liburu-azoketan eta beste hainbat kultur erakundetan. Lagin horien
bidez, euskal idazle baten berri izango dute atzerrian, eta haren obra
osorik itzulia izateko aukera-bideak ugaldu daitezke horrela.
--
Gotzon Egia
gegia a bildua gipuzkoa.net
43º 19' 12.8" N 1º 57' 49.6" W
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago