[itzul] ehunekoaren sinboloaren ondoren, espazioa bai ala ez?
Alfontso Mujika
alfon a bildua elhuyar.com
Al, Abu 22, 11:08:19, CEST 2005
Zenbat buru, hainbat aburu. Arrazoi duzu esaten duzunean eredu kontrajarriak
ematen direla, kasu honetan IVAP batetik eta Hezkuntza Saila bestetik. Eta,
oraintxe Edurnek ohartarazi moduan, EHAA eta IVAP ere ez datoz bat. Baina ez
hor bakarrik. Adibidez:
-Euskaldunon Egunkaria-k zuriunea uztea esplizitatu zuen bere
Estilo-liburuan 1992ko argitalpenean, eta alderantziz, zuriunerik gabe
alegia, 2001eko argitalpenean.
-Euskaltzaindiak, erabilerari buruzko arau espliziturik eman ez badu ere,
1985ean argitaratutako Euskal Gramatika Lehen Urratsak lanean, "3.2.1.11
Frakzioak" izeneko atalean, honela dio:
<<... portzentaien kasuan: % 5 ——— 'ehuneko bost' (irakurriko da)>>
Eta Euskaltzaindiak 1993an argitaratutako Euskal Gramatika Laburra: Perpaus
Bakuna lanean, '4.2.1 zenbatzaile zehaztuak' izeneko atalean, honela dio:
<<... Portzentaiak honela: %5 (ehuneko bost)>>
Hau da, batean '%' ikurraren eta zenbakiaren artean zuriunea dago (% 5) eta
bestean ez (%5).
Baina ez dira arauak, eta Euskaltzaindiak ez du ezer esan horri buruz. Eta,
beharbada, esan beharrik ere ez luke, horrelako arau eta konbentzioak
nazioartekoak izaten direlako. Baina kontua da, gaur egungo euskal testuei
erreparatuta, denetatik ikusten dela. Nolanahi ere, eta kontsolagarri eskasa
bada ere, inguruko erdaretan ere ez pentsa gauzak hain argi daudenik.
Elhuyarren aspalditik testu guztietan sistematikoki zuriunea jartzen dugu
ikurraren eta zenbakiaren artean ('% 25' eta ez '%25'). Gaia aztertuta
hartutako erabakia da. Eta, erabaki hori hartzeko, arrazoi hauek hartu
genituen kontuan:
'%' ikurraren erabilera guztiz onarturik dago nazioartean 0,01 zenbakia
adierazteko eta, haren bidez, bat dimentsioko magnitudeen balioak
adierazteko (proportzioak adierazteko). Ikurra den aldetik, kalifikatzen
duen zenbakiaren ondoren idatzi ohi da erdara nagusietan (erdara horietan
esan ere ordena horretan esaten da): '25 %' (25 por ciento; 25 pour cent; 25
percent). Euskaraz, ordea, alderantzizko ordenan esaten da: '% 25' (ehuneko
hogeita bost).
Ehunekoaren ikurra —%— zenbakiari eskuinetik lotuta idazten da
gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko testu batzuetan (ingelesez
bietara ikusten da). Gaztelaniaz, gainera, ia besterik ez da ikusten.
Beharbada, hortik etorri da euskaraz ere lotuta idazteko ohitura. Dena den,
nazioarteko arauek bestela diote:
ISO (International Organization for Standardization) erakundeak 1992an
argitaratu zuen 31 arauaren (Quantitis and units) 0 atalean (General
principles), zenbakien eta ikurren artean zuriunea jarri beharra zehazten
du.
Idazkera zaintzen duten kanpoko erakunde batzuek berariaz aipatzen dute
zuriunea utzi beharra. Adibidez, Estatu Batuetako Merkataritza
Departamentuaren NIST (National Institute of Standards and Technology)
erakundeak Guide for the Use of the International System of Units (SI)
gidaliburuan, '%' ikurrari buruz ari dela, honela dio:
<<... When it is used, a space is left between the symbol % and the number
by which it is multiplied... Example: xB = 0.0025 = 0.25 % but not xB =
0.0025 = 0.25%>>
Beste adibide bat: Frantziako ADEME erakundeak (Agence de l'Environnement et
de la Maitrise de l'Énergie) Écrire les nombres, les grandeurs, les unités
et les symboles selon les Normes internationales izeneko lanean, 2. puntuan
(Representation of numbers and numerical values), ISO 31, ISO 1000 eta IEC
27 nazioarteko arauetan oinarriturik, honako ohar hau egin du:
<<NOTE Numbers are separated from the symbol % by a space as in any unit
writing>>
Ondorioa: '%' ikurra da, eta hobe litzateke ikurrak idazten diren bezala
idaztea, hau da, zenbakitik bereizita. Egia da, nazioarteko joerari erabat
lotzeko, zenbakiaren ondoren eta ez aurretik idatzi beharko litzatekeela.
Orain dela gutxi arte, zenbait euskal zientzalarik nazioarteko moldea
erabiltzen zuten. Izan ere, unitateekin ere arazo hori badago 1 zenbakia
erabiltzen denean, baina horretan adostasuna badago: 10 m -hamar metro- eta
1 m -nahiz eta 'metro bat' esan- idazten dugu. Baina Euskaltzaindiak
berariaz esan du aurretik jartzekoa dela. Ordenaren kontuan Euskaltzaindiari
men eginda ere, zuriunea bai edo ez gelditzen da zalantzan, baina ikurren
idazkeraren koherentziak zuriunea jartzea eskatzen du.
Egia da lerroz aldatzean etena gerta daitekeela (zenbakia lerro baten
amaieran eta ikurra hurrengo lerroaren hasieran), baina gauza bera garta
daiteke zenbakia eta unitatea erabiltzen direnean (25 m, 25 kg, 25 V), eta
horregatik inori ez zaio bururatu zuriunerik gabe idaztea (*25m, *25kg,
*25V).
Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuak
-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En
nombre de Mendiola Agirre
Enviado el: lunes, 22 de agosto de 2005 9:49
Para: itzul a bildua postaria.com
Asunto: [itzul] ehunekoaren sinboloaren ondoren, espazioa bai ala ez?
Urteak direla, ehunekoaren sinboloaren ondoren espaziorik uzten ez bazen
ere, nik esanen nuke aspaldixko honetako joera espazioa uztearena izan dela
(administrazioan behintzat).
Berriki baina, bi eredu kontrako iritsi dire nire eskuetara. Bata, orain
arteko ereduari jarraitzen diona: Eusko Jaurlaritzako Ikasmaterialen Aholku
Batzordearen estilo liburuko lehen atala (Ortotipografiari dagokiona).
Honatx bertan esaten dena ehunekoen gainean:
1. Ehunekoa digitoz idazten da, % sinboloaren eskuin aldean kopuru zehatza
emanez eta bien artean hutsune bat utziz.
% 7 % 15 % 82 % 7,3 % 11,45
Administrazioa Euskaraz agerkariaren 49. zenbakian ordea, eta IVAPeko
estilo liburua oinarri harturik, esaten da ehunekoen kasuan aurretik tartea
utzi behar dela, baina ez ondoren. Eta horrela dator adibidea:
xx %11
Bi eredu kontrajarri, administrazio berak emanak. Zein da zuek erabiltzen
duzuena, zein erabili beharko genuke aurrerantzean?
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago