[itzul] PowerPoint (luzea)

Gotzon Egia gegia a bildua gipuzkoa.net
Or, Abu 26, 09:45:40, CEST 2005


Ez dakit zuei, baina guri gero eta sarriago heltzen zaizkigu 
PowerPointeko dokumentuak itzultzeko. Itzultzailearentzat ezin 
traketsagoak izaten dira, egileek gehienetan ez baitakite fitsik ere 
testua formatu egokiz idazten: berdin zaie lerro amaieran paragrafo 
marka sartzea, azkenean aurkezpena «dotore» (ustez) gelditzea besterik 
ez zaie axola.

Albo batera utziko ditut, beraz, PowerPointeko dokumentu egileek 
formatuari buruz izan ohi duten trebetasun eskasa, eta albo batera 
utziko dut, jakina, egileok izan ohi duten hizkuntz trebetasun eza.

Gomendio bat eta aurkikuntza txiki baten berri eman nahi dizuet.

-Gomendioa-

PowerPoint bat itzultzen hasi aurretik, merezi du ordu laurden bat 
galtzea dokumentuaren formatuari begiradatxo bat ematen: lerro amaieran 
paragrafo markak kendu eta espazioak jarri (itzulpenean esaldia luzeago 
baldin bada, ez dadin lau edo bost paragrafotan hankaz gora gelditu); 
buletak benetako buletak direla egiaztatu (ez eskuz eta espazio barra 
barra-barra erabilita egindako «bricolage» bat); testu koadroak behar 
bezalako formatua dutela begiratu (arazorik ez izateko gomendio bat: 
koadroa hautatuta, eskuineko botoiarekin Formato de cuadro de 
texto>Cuadro de texto, ipini aktibatuta Ajustar línea de texto de la 
autoforma eta Ajustar tamaño de la autoforma al texto).

Eta, jakina, ez erabili fitxategi originala itzulpena haren gainean 
egiteko, baizik kopia bat, badaezpada.

-Aurkikuntza-

Formatu egokia emanda ere, beste arazo bat geldituko da: testu koadroen 
hizkuntza nola jarri euskara, gure itzulpena Xuxenek zuzen dezan.

Makro bat eskaintzen du Microsoftek hemen:
http://support.microsoft.com/default.aspx?scid=kb;en-us;245468

Makroaren barruan lerro hau ikusiko duzue:

shp.TextFrame.TextRange.LanguageID = msoLanguageIDEnglishUS

Hori aldatu behar da, eta ordez hau jarri:

shp.TextFrame.TextRange.LanguageID = msoLanguageIDBasque

PowerPoint batean makro hau sortzea ez da oso zaila: joan hona 
Herramientas>Macro>Macros. Izenaren lerroan idatzi Lingo eta eman Crear. 
Leiho berri bat irekiko du, eta eskuinean agertzen den testu guztia 
("Sub Lingo()" hasten dena) ezabatu; horren lekuan, itsatsi Microsoftek 
eskaintzen duen testua, jakina, esan dugun lerro hori aldatuta (amaieran 
Basque idatzita).

Makro hori exekutatzeko, lehenik hautatu aurkezpenaren diapo guztiak; 
gero, joan hona: Herramientas>Macro>Macros, hautatu Lingo eta eman 
Ejecutar. Diapo guztietako testu marko guztien hizkuntza euskara izango da.

Eta orain arazoa: PowerPointen makroak fitxategi bakoitzean gordetzen 
dira. Horrek esan nahi du hurrengoan PowerPointeko beste dokumenturen 
batean makro hori sortzeko ostera bide guztia errepikatu behar dela.

Badago, zorionez, bide «errazago» bat. Makro hori sortu dugun 
PowerPointeko dokumentua zabalik duzula, joan hona: 
Herramientas>Macro>Editor de visual basic. Hautatu Lingo izena duena, 
eta Archivo>Exportar archivo erabilita, gorde makroa nahi duzun karpetan 
lingo.bas izena emanda. Hurrena, PowerPointeko beste dokumenturen batean 
makroa behar baduzu, jo Herramientas>Macro>Editor de visual basic, eta 
hor Archivo>Importar archivo erabilita har dezakezu lingo.bas hori.

Korapilotsua dela badakit, baina tira, Micro$oftez ari gara, zer egingo 
diogu...

-- 
Gotzon Egia
gegia a bildua gipuzkoa.net
43º 19' 12.8" N 1º 57' 49.6" W




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago