[itzul] Enfoque transversal
Xabier Aristegieta
xabiera a bildua parlamento-navarra.es
Ast, Uzt 28, 15:26:35, CEST 2005
Kaixo,
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuet, Patxi eta Antton, nire
kontsultari erantzuteko hartu duzuen lanagatik.
Egia da kasu askotan ez dela arazorik sortzen "indirecto" edo "transversal"
esan nahi ote den interpretatzeko.
Zer esanik ez, "zuzeneko edo zeharreko" motatako kontrajarpenak adierazten
direnean, hor ez dago inolako zalantzarik "zeharreko" hori "zuzenekoaren"
kontrakoa dela. Edo 'Eskopeta bat eskuan eta bestea zeharka bizkarrean
zekarrela' adibidean ere, inolako ulermen-problemarik ez.
Baina nik aipatzen nituen adibideetan ("zeharkako metodologia", "zeharkako
ikerketa"), eta beste askotan ere bai, ez daukagu inolako pistarik.
"Zeharkako", "zeharreko", edo dena delakoa jarrita ere. Arazoa "zehar"
erabiltzean datza, hitz horren muinean baitago esanahi-nahasketa.
Arazoak ez du irtenbide errazik. Niri bururatu zaidana hauxe da: agian
abiapuntu gisa hartu beharreko hitza ez dela "zehar", bi esanahi horiek
baititu, baizik eta, adibidez, "zeharkatu": "zehar"ekin egina dagoen arren,
esanahi nagusia bakarra baitauka, "atravesar". Bide horretatik proposa
litezke, nire ustez, "zeharkapen-metodologia" edo "metodologia
zeharkatzailea".
Ez dakit zer irudituko zaizuen.
Nolanahi ere, ondo pasa uda.
Xabier Aristegieta
----- Original Message -----
From: "Patxi Petrirena" <altxupere a bildua euskalerria.org>
To: "ItzuL" <itzul a bildua postaria.com>
Sent: Thursday, July 21, 2005 2:37 PM
Subject: Re: [itzul] Enfoque transversal
> Zerbait bilatzen saiatu naiz.
>
> ZEHARKAKO
> Egia da, bai, 'zeharkako' esatean batez ere 'zuzenekoa ez dena' ulertzen
> dugula, 'indirect-o/a'. Euskal Hiztegian, ikusiko zenutenez, honela
> definitzen da:
>
> _zeharkako_ izlag 1960 Zeharkako mesedea. Zeharkako egiaztabidea: zehar
> egiaztabidea. Perpausaren zeharkako osagarria.
>
> ZEHARREKO
> Alde bat ikusten diot hobea: ez dakusagu hain markatua, aurrekoaren
> esanahira hain bildua. Adibidez, ustekabean harrapatu nau, Googlen,
> "zuzeneko edo zeharreko publizitatea", "zeharreko tributuak" eta
> "jasotzaile zuzenak / zeharreko jasotzaileak" irakurtzeak. Beste alde bat
> txarragoa: ez da hain ezaguna.
>
> XX. Mendeko Euskararen Corpusean (1990 baino lehenagokoak bilatuta)
> 'zeharreko' bat ateratzen da gure interesekoa: 'Zearreko Plangintza edo
> horizontala' (ETXEBARRIA, Joxe Mari; 'Izkuntzen plangintzen
> klasifikapenerako alegin bat', Karmel, 1981).
>
> Ez dira harritzekoak 'zeharretara ebaki' eta halakoak (Hiztegi Batuan dago
> 'zeharretara'). Uste dut 'zeharrean ebaki' ere ontzat ematekoa dela. Eta
> 'zeharreko iker-lerroak' ongi onartuko nuke nik. Googlen hauek topatu
> ditut:
>
> - Goi-laprandura eta zeharreko arkuak (tailerra).
> - Zeharreko ebaketa 160 metro karratukoa duen leize handia.
>
> (Bidenabar: 'flauta traversera' euskaraz 'zeharkako flauta' esaten da, ez?
> Niri hori bezain egoki edo egokiago iruditzen 'zeharreko flauta'...).
>
> ZEIHAR
> Hau dago Hiztegi Batuan jasoa adjektibo gisa. Berriki ikusi dut, IVAPen
> estilo-liburuan, 'barra zeihar'. Gaztelaniazko baliokidea 'oblicuo-a' edo
> 'inclinado-a' izanen du, ez? Egia esan, ez dut ikusten guk behar dugun
> horretarako.
>
> ---
>
> Googlen 'materias transversales' mordoa dago, eta 'zeharkako gaiak'
> mordoxka bat; 'zeharreko gai' bat, baina ez dut lortu zer den ikustea.
>
> Nire botoa, ZEHARREKO. (Ez, ordea, 'zeharreko zerga', 'zeharreko
> publizitate' eta halakoetan).
>
> Patxi
> _________________________________________________________
> Lortu posta elektronikoa doan >>> http://www.euskalerria.org
>
____________________________________________________________________________
_______________
> Lortu posta elektronikoa doan >> http://www.euskalerria.org
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago