[itzul] 11an vs 11n
alfon a bildua elhuyar.com
alfon a bildua elhuyar.com
Ost, Aza 2, 19:46:45, CET 2005
Hitzarmen ortotipografiko bat egin beharko dugu bietako hobesteko, edo,
bestela, orain arte bezala, nahi duenak nahi duena egingo du. Elhuyarren
'11n' idatzi ohi dugu. Google lagunak esango digu, halaber, Interneten
hamar bat aldiz gehiago erabiltzen dela '11n' forma '11an' forma baino.
Denok dakigu 'hamaikan' dela forma zuzena. Zalantza egin ohi da, dena den,
zenbakia letraz ez eta zifraz idazten denean: nola aplikatu behar dira
deklinabidean erabiltzen diren 'a + a = a' eta 'a + e = e'arauak?
Adibidez, 'hamaiketatik' nola idatziko dugu zenbakia zifraz idatziz gero?
Ez dugu zalantza egiten '11etan' idazteko. Izan ere, ez dago beste
aukerarik, eta badakigu hori ezin dela *'hamaikaetan' irakurri. Hor ez
dago arazorik, denok jakintzat ematen dugu hori.
Eta 'hamaikan' eta 'hamaikak' zifraz idazteko orduan, nola?
'11an' eta '11ak' edo '11n' eta '11k'? '11an' ikusita ere, badakigu
*'hamaikaan' ezin dela esan, *'hamaikaetan' esaterik ez dagoen bezala.
Beraz, ni ez naiz ausartzen esaten '11an' forma gaizki dagoela edo ez dela
zuzena, baina guk ez dugu horrela idazten.
1.000, 2.000, 3.000..10.000... zifrekin beste hainbeste gertatzen da,
baina, jakina, horrelako kasuak gutxiagotan agertzen dira. Dena den, ez
dira batere arraroak. Adibidez:
<2000n eta 2001ean ez zen lehorterik izan>
'2000n' edo '2000an'? Elhuyarren '2000n' idazten dugu. Baina Google
lagunak esango digu '11n/11an' lehianbaino nahasiago daudela gauzak
oraingo honetan: gehiago dira Interneten '2000n' formak '2000an' formak
baino, baina aldea ez da hain handia.
Eta Euskaltzaindiak, horretarako berariazko araurik eman ez badu ere, nola
jokatzen du arauetako testuetan? Hauek dira datuak:
25. araua (.... 1971n emanak ditu, azkenekoz, hitz elkartuen...)
59. araua (Euskaltzaindiak, Bilbon, 1996ko maiatzaren 31n onartua)
60. araua (Euskaltzaindiak, Bilbon, 1996ko maiatzaren 31n onartua)
137. araua (...apaiz higanot honek, 1571n argitaratu Testamentu Berriaren
/ ...hurrengo urtetik 1951n hil arte...)
Sistematikoki agertzen da '-n' forma, eta '-an' forma ez da inoiz
agertzen. Bestalde, 35. arauan ('Orduak nola esan'), honela dio
Euskaltzaindiak:
<<Horrenbestez, hau da Euskaltzaindiaren erabakia orduen idazkerari buruzkoa:
(...) 6. Egitarau, kartel eta horrelakoetan ez da eragozpenik erdiko bidea
hartzeko: arratsaldeko 5etan, goizeko 11,30etan, iluntzeko 8etatik 11k
arte, arratsaldeko 3etatik gaueko 12ak arte, e.a.>>
Hor ere '11k arte' ageri da, eta hori bada araua. Beraz, badirudi hortik,
nola edo hala, esan genezakeela Euskaltzaindiak '11k' eta '11n' aukerak
hobesten dituela (dena den, ezer ez ezkutatzeko, esan behar da
Euskaltzaindiaren 35. arau horren hasierako azalpenean bertan 'Iluntzeko
8etatik 11ak arte' agertzen dela, hau da, arau berean '11ak arte' toki
batean eta '11k arte' lerro batzuk beherago).
Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuak
> Arratsalde on! Zein da forma zuzena? Azaroaren 11an ala azaroaren 11n??
>
> Mila esker!
>
>
>
> Paúl Picado Moreno
>
>
> ---------------------------------
>
> Correo Yahoo!
> Comprueba qué es nuevo, aquí
> http://correo.yahoo.es
>
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago