[itzul] EIMAren ortotipografia: letra etzana eta atzizkia nola lotu

Agirre, Jesus Mª jm.agirre a bildua parlam.euskadi.net
Ast, Ira 8, 10:10:50, CEST 2005


AURRE OHARRA. Uste dut atzo bidalitako mezuan ederki nahastu nituela bazterrak. Letra etzana eta atzizkia nola lotu zuen aztergai. Alabaina, ITZULen ez da ateratzen letra etzanik, azpimarrarik... Beraz, erabaki dut testuan letra etzanez egon beharko luketen segidak kakotx artean jartzea, berez, ordea, LETRA ETZANEZ EGON BEHARKO LUKETE (eta kakotxik gabe eta tarterik gabe, noski). Salbuespen bakarra: "begietan eoki" segidako kakotxak hala behar dute, aipu-kasu bat baita. Barkatu, bada, atzoko laprastada, eta hemen duzue berriro mezua, gauzak argi azaldu ditudan esperantzan.

Hezkuntza Saileko EIMAek ortotipografiari buruzko liburuxka bat argitaratu berri dute, Euskaltzaindiaren oniritziarekin, eta irakasmaterialen esparrutik landa ere eragina izateko asmoarekin. Behar-beharrezkoa zen, dudarik gabe, arauketa bat egitea nolabaiteko agintaritza duenak, eta ahalik modurik ofizialenean egin ere, denok konbentzio formal bateratu batzuk jarraitu ditzagun. Oro har, oso interesgarria eta egokia iruditzen zait plazaratutako sistematika. Nolanahi ere, badu puntu bat garbi ikusten ez dudana, eta hemen planteatu nahi nukeena. Letrakera etzanari dagokion atalean, letra etzanez idatzitako hitzei deklina-atzizkia letra arruntez marrarik gabe idaztea hobesten da. Bi sailetan banatu daitezke kasuak:

1) HITZ ETA IZEN BEREZIAK. Hona hemen adibide batzuk:

EIMA-REN LIBURUKO ADIBIDEAK
"Herria"tik eta "Deia"tik heldu zaizkigu eskari horiek
Andu Lertxundiren "Hamaseigarrenean aidanez"eko pertsonaia da Kornelio
Bernardo Atxagaren "Obabakoak"en irakurri nuen
"Espezieen jatorria"tik hartutako datuak datoz "Berriak"en
Poemako "begietan eoki" dela eta, uste dut "eho"ren forma dugula aurrean, ez "egon"ena
NEUK EGOKITUTAKO ADIBIDEAK
Mailegu gordinak: Gwen Stefaniren azken "hit"ak, protesta-hotsak "grande boucle"an
Metahizkuntza: Ez du "enpresa" hitza erabiltzen, nahiago du "proiektua"z hitz egin
Ibilgailuen izenak: "Prestige"ren hondamendia 
Izakien izenak: "W. Auropunctata"ren koloniak [inurri-mota bat da]
Tituluak: "Kixote"ren argitalpenaren 4. mendeurrena; "Parsifal"en bertsio berria; Sebastian Alvaro "Al filo"ko zuzendaria; jendea txundituta utzi zuen "Mauleko jota"k

Hizkuntza atzizkidun edo aglutinanteei planteatzen zaien arazo hau dela eta, lehen begiratuan, proposamenak hiru gauza ditu bere alde: sinpletasuna, doitasuna eta orokortasuna. Ez da ezer erantsi behar; beraz, ez da ezer berririk ikasi behar, ez dago salbuespenik egin beharrik... Baina baditu gauza garrantzitsu batzuk bere kontra ere. Lehenengoa, eta garrantzitsuena, irakurtzeko zailtasuna da; hots, erreferentzia letra etzanez eta atzizkia letra arruntez besterik gabe josita -hots, letrakeraz soilik bereizita-, hitza (edo hitz sorta) ez da erraz irakurtzen, eta erreferentzia eta atzizkia ez dira ondo bereizten. Eta hizkuntza idatzirako proposamen batez ari gara, hots, irakurketa aise bideratu behar duen neurri batez. Nire ustez lehentasuna eman behar zaie argitasunari eta irakurtzeko erraztasunari. Duda handiak ditut irakur- eta idatz-ohitura berri horretara egite hutsa den koxka. Bigarrena, hain zuzen, orain arte hedabideetan nagusi izan den jokabidearen kontrakoa izatea da ("Berria", "Jakin", "Elhuyar"...; "Argia" aldizkariaren azken alean EIMAren proposamenari jarraitzen zaio).

Horregatik, hitz eta izen bereziak (mailegu gordinak, tituluak...) eta metahizkuntzakoak letra etzanez idaztean, atzizkiak erreferentzian aldaketarik ez dakarrenean, uste dut hobe dela atzizkiaren (edo batzuetan artikulu hutsaren) aurrean MARRA TXIKIA jartzea, nahiz eta horrek pixkat zamatu idazkera. 

Hala ere, badu koxka bat nire proposamenak. Izena eta izana bat datozen izen berezi eta tituluei dagokienez, deklina-atzizkia eranstean aldaketa gertatzen da erreferentzian, hots, galdu egiten da erreferentziako artikulu markagabea. Hona hemen adibide batzuk: 

EIMA-REN LIBURUKO ADIBIDEAK
"Hiztegi Batu"ko zerrendaz galdezka agertu zen "Euskaldunon Egunkari"ko kazetaria
Honako hau, ordea, "Laborantzako liburu"tik hartua da; ez "Hiztegi Batu"tik
"Gerrako kronik"etatik atera dut: alegia,"Gerrako kronikak" liburutik
Iturriagaren "Ipuin"etan dator hori: hots, "Iturriagaren Ipuinak" liburuan
Orixek utzulitako San Agustinen "Aitorkizun"en ale bat
"Euskal Gramatika: Lehen Urrats"etako liburukietan datozenak

Halakoak asko ez diren arren (gehienbat liburuak ditugu), egia da kasu horietan marra txikia jartzeak, nahiz eta erreferentzia eta atzizkia ondo bereizi, distortsio pixkat ekarriko lukeela erreferentziaren irudikazioan:" Hiztegi Batu"-ko hitzak ("Hiztegi Batua" da izenburua), "Aitorkizun"-etan ("Aitorkizunak" da izenburua). Eta badirudi ezen, marraz bereizten baldin bada, erreferentzia oso-osorik eman behar dela. Ala ez?

2) NABARMENDUTAKO HITZ ARRUNTAK. Hona hemen adibide batzuk:

EIMA-REN LIBURUKO ADIBIDEAK
Horrelakoetan, "ohitur"ei begiratzen die historialariak, ez "jarrer"ei
NEUK EGOKITUTAKO ADIBIDEAK
Teknikoak: "satan"en eta eta "türk"en ateraldiak
Irudizkoak: "otarte"ko posizioa, "izoztu"tako energia da materia, eraikinaren "gaixotasun"aren jatorria bilatu, natura "haserre"tzen denean, "Moncloako iturri"ek iradoki dutenez, barne-mintzoa inguruko "zarata"tik bereizteko, Laiseka "zahar"ak irabazi zuen etapa, "pantera beltz"en ekintza odoltsuak
Adierazkorrak: aurtengo "moda"ko erreklamazioa
Lagunartekoak: tabernaz taberna "poteat"zeko leku aproposa, "okup"en erresistentzia, "top mant"ei erositako CDak
Ironikoak: zauritutako batzuk gune "seguru"an zeuden, sozialki onartutako "normalidade"ari men eginda bizi behar dugu 
Markartu nahi direnak: arazoari "alderdi politiko-ideologiko"tik heldu; "intelektual engaiatu"aren figura; gure hizkuntza "bizi"rik nahi dugu, ez "salbatu"rik
Behin-behinekoak: "Egunkaria auzi"ko inputatuak
Izen berezietatik eratorriak: keinu "wodyallen"darrez bete du filma, "eroski"etan dago salgai, "herriko tabern"en diru-sarrerak; "victorino"en kasta, jolas gutxi "miur"ekin; behingoan igertzen dira "picasso"ak; "renault"ak dira salduenak; oso dotore zaude "levis"ekin;  "pyme"entzako laguntzak 

Euskal hitz arruntak letra etzanez nabarmendu nahi direnean ere (teknikoak, adierazkorrak, lagunartekoak, ironikoak, markatzekoak eta abar direlako), erreferentzia eta atzizkia letrakeraz soilik bereiztea planteatzen du EIMAren proposamenak. Lau erreparo egingo nizkioke proposamenari. a) Hitz arruntak ditugu, euskararen korpusekoak, nahiz eta balio erantsiz erabiliak; ondorioz, erreferentzia hutsa markatu beharrean (eta ez atzizkia), normalagoa da euskararen joskera asumitu eta hitzak (edo hitz sortak) hitz-katean hartzen duen forma osoa nabarmentzea. b) Deklina-markak utzi behar al dira bakarrik letra arruntez? Bestelakoak ez (modaKO erreklamazioa, poteaTZEKO lekua, benETAKO ahalegina; gure hizkuntza biziRIK nahi duzu ez salbatuRIK...)? c) Erreferentzia eta atzizkia bereizi beharra lan zaila eta astuna da, idazketa eta irakurketa zailtzea, ondorio praktiko gutxikoa... d) Orain arte hedabideetan nagusi izan den jokabidearen kontrakoa da. Beraz, nik horrelako kasuetan HITZ SEGIDA OSOA idatziko nuke etzanez, erreferentzia eta atzizkia.

Laburbilduta, nik bi maila ikusten ditut: a) hitz eta izen berezietan marra jartzea erreferentziaren eta atzizkiaren artean; 2) hitz arrunt nabarmenduak letra etzanez idaztea erreferentzia eta atzizkia. Nolanahi ere, gustatuko litzaidake nire erreparoei norbaitek erantzutea, beharrezkoa baita proposatutako konbentzioak konbentzimenduz onartzea.

EIMAren proposamenak atzizkiarekin berdin jokatzea planteatzen du kakotxak eta letra lodiak erabiltzean ere. Kakotxak puntuazio-marka bat dira, bereizgarri-funtzioa ere izan dezakete erreferentziaren eta atzizkiaren artean; beraz, nire ustez ez litzateke beharrezkoa izango marra jartzea (ados nago proposamenarekin). Letra lodiari dagokionez, gutxiago erabiltzen da hitzaren osagaiak bereizteko; bestalde, etzana baino errazago bistaratzen eta nabarmentzen da, beraz, ez nuke auzian jarriko EIMAren proposamena.








ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago