[itzul] Diputado general... ortografia dela-eta

Alfontso Mujika alfon a bildua elhuyar.com
Or, Uzt 14, 15:42:02, CEST 2006


Oro har, maiuskulen erabilera arlo nahasi samarra da hizkuntza askotan.
Euskaltzaindiaren gomendioak arau bihurtu ez badira, horrexegatik da, hain
zuzen ere, nik uste.

Maiuskula 'erreberentzialen' kontua maiz ateratzen da, eta iritzi guztiak ez
datoz bat. Nik nirea emango dut:

Pertsonak izendatzeko, batzuetan, pertsonaren izen bereziarekin batera,
beste izen generiko batzuk erabiltzen dira. Izen horiek definitu egiten
dituzte pertsonak, pertsonen titulua edo duintasuna (erregina, kondea,
lehendakaria, aita santua...), lanbidea edo kargua (irakaslea, pilotaria,
ministroa, zuzendaria, idazlea, marinela...), ahaidetza (izeba, osaba,
ahizpa, anaia, emazte...) edo nortasunaren alderdiren bat zehazten dute,
edo, besterik gabe, begirunezko deiturak dira (andere, jaun, maisu...).
Izendapen generiko horiek letra xehez idatzi ohi dira dagokien izenaren
ondoren jartzen direnean. Adibidez:

"Neron enperadorea; Joane Somarriba txirrindularia; Agirre lehendakaria;
Benedikto XVI.a aita santua; Etxenike irakaslea"

Eta izen bereziaren ondoan ez daudenean ere, letra xehez idatzi beharko
lirateke, nik uste, izen arruntak baitira. Adibidez:

"Eskolako zuzendaria oporretan. Euskaltzaindiko idazkaria eta EHUko
errektorea gaur bilduko dira. Eusko Jaurlaritzako Justiziako sailburua eta
Espainiako Justizia ministroa atzo bildu ziren. EAEko lehendakaria
Ameriketan izan zen iaz. Bilborako proiektu handiak ditu alkateak".

Pertsonaren bat nabarmendu nahi denean baina haren izena aipatzen ez denean,
haren titulua edo kargua letra larriz idazteko joera dute batzuek, egia da,
batez ere dokumentu ofizialetan. Adibidez, "Eusko Jaurlaritzako
Lehendakaria, Espainiako Erregea, Erromako Aita Santua, Iruñeko Alkatea,
Zuzendaria, Idazkaria" eta abar maiuskulaz (lehen letra) idatzita ikusten
dira maiz. Begirunezko letra larri horren mugak oso lausoak dira, eta,
erabilera hori onartzera, idazlearen esku (idazlearen erlijioaren,
ideologiaren edo gogoaren esku) gelditzen da letra larria zeini ezarri eta
zeini ez. <Gure eskolako Zuzendaria> baina <Gure eskolako atezaina> idaztera
eraman dezakeen erreberentzialkeria iruditzen zait.

Irizpide orokorra letra larriak neurriz erabiltzea da, edo hala izan behar
luke, nire ustez, eta, ondorioz, hobe genuke horrelakoetan letra xehea
sistematikoki erabiltzea:

"Bihar, lehendakaria ere izango da ekitaldian. Joan den astean, aita santuak
bidaia luzea egin zuen. Aspalditik bizi da erregina Buckingham Palacen. Udan
Mallorcan bizi ohi da erregea, eta neguan Madrilen. Gaur argitaratu da
prentsan alkatearen dekretua. Lan-erreformari laster ekingo diotela adierazi
du ministroak. Frantziako presidentea Erresuma Batuko lehen ministroarekin
bildu da".

Amaitzeko, hona hemen gaztelaniazko testu-zuzentzaileen plaza batean iaz
agertu zen mezu bat. Apartatu egin nuen eta gordea nuen geroztik, oso
adierazgarria iruditu baitzitzaidan:
------------------------------------------------------------------
Un colega y amigo me acaba de mandar una frase del texto que está
corrigiendo, escandalosa muestra de hasta qué punto las mayúsculas en cargos
y títulos son ideológicas.

«Como resultado de esta primera selección de personal, fue dictada la
resolución [...], que determinó la contratación de dos Secretarios, dos
Prosecretarios, un Oficial, dos Escribientes, un Auxiliar y una auxiliar de
servicio».

La auxiliar de servicio, claro está, es la limpiadora.
------------------------------------------------------------------

Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak


-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En
nombre de ERRASTI ARAMBARRI
Enviado el: viernes, 14 de julio de 2006 12:19
Para: ItzuL
Asunto: Re: [itzul] Diputado general... ortografia dela-eta



Ez dut temosoa izan nahi (edo bai), baina baten batek argituko dit, mesedez,
honako hau:

"Ibarretxe lehendakariak esan du...", "Josu Bilbao ahaldun nagusiak..." eta
halakoak letra txikiz idazten ditugu.

Baina, horiek (edo beste batzuk) izen berezirik gabe agertzen badira
esaldian, orduan ere txikiz idatzi behar ditugu?

"Atzo, Valentzian, Aita Santuak/aita santuak ? esan zuen...", "... Lakuan
bildu ziren eta Lehendakariak/lehendakariak ? esan zien laguntzaileei...".

Euskaltzaindiak 91n eman zuen oharrean, bigarren horiek letra larriz
idazteko gomendioa eman zuen, ezta? Harrezkero, norbaitek hura bazter utzi
eta beste arau/gomendio/oharrik eman al du? Ala, danok "onartu" dugu beti
letra txikiz idatzi beharreko kontu hori?

Barkatu gai hau guztiz argi baldin badago, eta neu banaiz horren berririk ez
dakiena.

Iñigo




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago