[itzul] Diputado general... ortografia dela-eta

ERRASTI ARAMBARRI, Iņigo inigo.errasti a bildua bizkaia.net
Al, Uzt 17, 13:16:55, CEST 2006


Eskerrik asko, Alfontso, arrazoitutako erantzunagatik.

 Dena dela, zerorrek diozu, hasieran, iritzia dela azaldu duzuna, eta, beraz, besteren batek kontrako iritzia eman (eta arrazoitu) dezake. Ez dakit horren gainean araua izateak kontua konpontzen lagunduko digun, baina urrats bat izango litzateke irizpide bateratu bat izaten hasteko (nahiz eta beste hizkuntza batzuetan antzeko arazoa izan arau eta guzti).

 Argudio ona da zurea. Hala ere:

"Eta izen bereziaren ondoan ez daudenean ere, letra xehez idatzi beharko lirateke, nik uste, izen arruntak baitira. Adibidez:

"Eskolako zuzendaria oporretan. Euskaltzaindiko idazkaria eta EHUko errektorea gaur bilduko dira. Eusko Jaurlaritzako Justiziako sailburua eta Espainiako Justizia ministroa atzo bildu ziren (...)"

Izen arruntak dira, baina izen berezirik gabe agertzen direnean (eta izen berezi horren ordez), ez al dute nolabait haren lekua eta zeregina hartzen? Hau da, (beti testuinguruak jartzen duen mugaren barruan) Euskal Herrian gaudela, eta gaur egun, norbaitek esaten baldin badu: "(...) atzo, Lakuan bilduta, Lehendakariak/lehendakariak esan zuen (...)", berez hitz arrunta den "lehendakariak" ez al du Ibarretxe (eta ez besterik) ordezkatzen? Edo Aita Santuaren/aita santuaren kasuan, ba, bakarra dago une honetan. Hizkuntzaren beste maila batzuetan, hitzek berezko ez duten funtzio bat ere hartzen dute eta zeregin berriaren arabera deklinatzen ditugu edo dena delako jokoa egiten dute.

Zuzen diozu letra larrien erabilerak ideologia, erlijioa edo gogoa adierazten duela, baina horren errudun zein da araua ala araua nahi bezela erabiltzen duena? Bada, gaur egun gaztelaniaz Real Academiak emandako arauaren arabera, ez dago zertan idatzi zuk aipatutako gaztelaniazko adibidean zetorren moduko testurik (baina aukera ematen du). Beste kontu bat da, hori idatzi duenak ez ezagutzea araua edo bere gogoaren arabera banatzea letra larriak (horretarako aukera ere ematen baitio arauak). Dena dela, horiek guztiak letra txikiz idaztea ere bada ideologia bat adieraztea, ezta? (Hala esango dizu, esaterako, jerarkia ondo zaindu eta bereizi nahi duen batek, edo halako testuetan goiko karguei errespetua adierazi nahi dien batek)



Uste dut araua izatea (nahiz eta arau guztiak bezala arbitrarioa izan) orain duguna baino hobea izango litzatekeela, ze, orain, iritziak baino ez dauzkagu (nahiz eta erabat arrazoituak eta ganorazkoak izan). Norena da ardura hori?


Iņigo



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago