[itzul] Diputado general... ortografia dela-eta
Alfontso Mujika
alfon a bildua elhuyar.com
Al, Uzt 17, 14:37:54, CEST 2006
Iņigok dio:
<Izen arruntak dira, baina izen berezirik gabe agertzen direnean (eta izen
berezi horren ordez), ez al dute nolabait haren lekua eta zeregina hartzen?>
Bai, hala da, arrazoi osoa duzu. Hori, baina, etengabe gertatzen da, eta,
hori kontuan hartuta hasi beharko bagenu letra larriak jartzen, nora
iritsiko ginateke?
<gaur afaltzera joateko esan dit amak> esaten dugunean, 'ama' hitzak
izen-deiturak dituen emakume baten ordez erabiltzen dugu, baina ez dugu
letra larriz jartzen, eta ez dugu horregatik ama gutxiesten edo hari zor
zaion errespetuaren kontrako hutsik egiten.
Hori da, funtsean, nik azaldu dudan arrazoia letra larri 'ideologikoak' ez
erabiltzeko.
Nolanahi ere, nire iritzia baino ez da. Ez dago araurik.
Horri buruzko araua egiteko ardura norena den galdetu du Iņigok. Galdera
erretorikoa, jakina, berak eta guztiok bai baitakigu norena den ardura. Nik
uste dut egunen batean horri ere helduko diola Euskaltzaindiak, baina ez dut
uste epe motzean ikusiko dugunik. Beste maila batean, baina, uste dut laster
izango ditugula letra larrien erabilera arautzeko irizpideak. Hezkuntza
Saila Estilo-liburua egiten ari da atalka, eskolan erabiltzeko materialetan
irizpideak bateratzearren. Hiru atal kalean dira dagoeneko, baina atal
gehiago lantzen ari dira, eta letra larriei buruzkoa da horietako bat.
Beraz, ondo bidean, oso litekeena da datorren urtean atal hori kalean
izatea.
Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak
-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En
nombre de ERRASTI ARAMBARRI
Enviado el: lunes, 17 de julio de 2006 13:17
Para: ItzuL
Asunto: Re: [itzul] Diputado general... ortografia dela-eta
Eskerrik asko, Alfontso, arrazoitutako erantzunagatik.
Dena dela, zerorrek diozu, hasieran, iritzia dela azaldu duzuna, eta,
beraz, besteren batek kontrako iritzia eman (eta arrazoitu) dezake. Ez dakit
horren gainean araua izateak kontua konpontzen lagunduko digun, baina urrats
bat izango litzateke irizpide bateratu bat izaten hasteko (nahiz eta beste
hizkuntza batzuetan antzeko arazoa izan arau eta guzti).
Argudio ona da zurea. Hala ere:
"Eta izen bereziaren ondoan ez daudenean ere, letra xehez idatzi beharko
lirateke, nik uste, izen arruntak baitira. Adibidez:
"Eskolako zuzendaria oporretan. Euskaltzaindiko idazkaria eta EHUko
errektorea gaur bilduko dira. Eusko Jaurlaritzako Justiziako sailburua eta
Espainiako Justizia ministroa atzo bildu ziren (...)"
Izen arruntak dira, baina izen berezirik gabe agertzen direnean (eta izen
berezi horren ordez), ez al dute nolabait haren lekua eta zeregina hartzen?
Hau da, (beti testuinguruak jartzen duen mugaren barruan) Euskal Herrian
gaudela, eta gaur egun, norbaitek esaten baldin badu: "(...) atzo, Lakuan
bilduta, Lehendakariak/lehendakariak esan zuen (...)", berez hitz arrunta
den "lehendakariak" ez al du Ibarretxe (eta ez besterik) ordezkatzen? Edo
Aita Santuaren/aita santuaren kasuan, ba, bakarra dago une honetan.
Hizkuntzaren beste maila batzuetan, hitzek berezko ez duten funtzio bat ere
hartzen dute eta zeregin berriaren arabera deklinatzen ditugu edo dena
delako jokoa egiten dute.
Zuzen diozu letra larrien erabilerak ideologia, erlijioa edo gogoa
adierazten duela, baina horren errudun zein da araua ala araua nahi bezela
erabiltzen duena? Bada, gaur egun gaztelaniaz Real Academiak emandako
arauaren arabera, ez dago zertan idatzi zuk aipatutako gaztelaniazko
adibidean zetorren moduko testurik (baina aukera ematen du). Beste kontu bat
da, hori idatzi duenak ez ezagutzea araua edo bere gogoaren arabera banatzea
letra larriak (horretarako aukera ere ematen baitio arauak). Dena dela,
horiek guztiak letra txikiz idaztea ere bada ideologia bat adieraztea, ezta?
(Hala esango dizu, esaterako, jerarkia ondo zaindu eta bereizi nahi duen
batek, edo halako testuetan goiko karguei errespetua adierazi nahi dien
batek)
Uste dut araua izatea (nahiz eta arau guztiak bezala arbitrarioa izan) orain
duguna baino hobea izango litzatekeela, ze, orain, iritziak baino ez
dauzkagu (nahiz eta erabat arrazoituak eta ganorazkoak izan). Norena da
ardura hori?
Iņigo
ItzuL posta zerrendari buruzko
informazio gehiago