[itzul] zehar, zeharreko, zeharrekotasun

Alfontso Mujika alfon a bildua elhuyar.com
Ast, Aza 30, 09:19:44, CET 2006


Xabierrek honela dio:
<<<<<<<<<
Oker ez banabil, «zehar» posposizioa aditzondoa da, eta «poliki» aditzondoak
bezalaxe jokatzen du, hemen aztertzera natorren gaian. Hau da erabilera
zuzena:
    Mendian zehar ibili
    Mendian poliki ibili
Beste erabilera hauek, berriz, erabat okerrak:
    *Mendian zeharreko ibilaldia
    *Mendian polikiko ibilaldia
[...]
Nik barneratua dudan erabileran, behinik behin, halaxe da, «-n zehar»
egitura horrek ez du atzizkirik onartzen.
>>>>>>>>>

Ez nuke esango postposizioak aditzondoak direnik; adberbio-sintagmak,
adizlagunak, osatzeko elementuak dira. Ni ez naiz horretan aditua, baina,
adibidez, Euskaltzaindiaren gramatikan adizlagunen barnean deskribatzen dira
postposizioak. Nolanahi ere, kontua ez da postposizioa zer den argitzea,
baizik eta postposizioekiko jokabidea aztertzea.

Gauza jakina da adizlagunak izenlagun bihurtzen direla -KO atzizkia hartuta:
mendian -> mendiko
burdinaz -> burdinazko
etxeraino -> etxerainoko
...

Eta mekanismo berak balio du, nik uste, postposizioetarako ere. Bestela,
okertzat jo behar genituzke honelakoak:
-z bestalde
<Batzuetan, heriotzaz bestaldeko bizitzan jartzen dute gogoa>
-ren arabera
<Kalkuluaren araberako emaitza askok ez dute batere zentzurik>
-ri buruz
<Geure mugimenduei buruzko informazioa>
-rik gabe
<hondorik gabeko amildegi batean behera zihoala iruditzen zitzaion>
-z goitiko
<Naturaz goitiko gauzen mundua / 40 urtez goitiko gizon-emakumeak>
...

Mekanismoa hori izateak ez dakar berekin mekanismoaren ‘orotarikotasuna’.
Bada mekanismoa onartzen ez duen postposizioren bat ere:
-tik at
*<arriskutik at(e)ko egoeran>
eta hala da, ziur asko, <at> postposizioa besterik ez delako. Alegia,
gainerako postposizio gehien-gehienak badira beste 'zerbait' ere (antz,
arte, barren, behe, buru, esku, gisa, kanpo, lege, mende, truke...).

Beraz, esango nuke ez dagoela murriztapen sintaktikorik <zehar>
postposizioaz osatutako adberbio-sintagmak adjektibo-sintagma
bihurtzeko, -KO kasu-marka erantsita. Beste kontu bat ea aukera hori
euskaldunok baliatzen edo baliatu dugun ala ez, hots, tradizioan emankor
gertatu den ala ez eta gaur egun emankorra den ala ez.

Orotariko Euskal Hiztegian bila ibilita, ez dut adibiderik aurkitu. Gaizki
begiratu ez badut eta, beraz, egia bada tradizioan ez dela erabili, balukete
euskarria Xabierren hitzek (<zaharrengandik jaso dudan nire erabileran> eta
<niretzat txundigarria eta okerra den erabilera>).

Halarik ere, gaur egungo erabilerari ere erreparatu behar zaio, ikusteko ea
tradizioak ustiatu ez dituen potentzialitateak ustiatzen hasi garen edo ari
garen orain. Egungo idazle eta itzultzaileen praxia ezagutzeko, Internet
bera erabil daiteke, baina corpus finago batean begiratu dut, Ereduzko
Prosan (Ereduzko prosako prosa beti-beti eredugarria ez bada ere). Eta garbi
ikusten da idazle eta itzultzaile ontzat jotzen ditugun batzuek erabiltzen
dutela (adibide-parrasta ere ez da ageri, jakina, egitura hori ez baita,
berez, oso sarria, erabilera ontzat emanda ere). Hona:

Patxi Zubizarreta
<opor hasiera honetan oraindik ere urtean zeharreko egonezina>
Juan Garzia
<baina Atlantikoan zeharreko itsasaldi hura>
Juan Ignacio Pérez / Pello Salaburu
<parekoa da Nafarroan egiten dena, eta denboran zeharreko ibilbidea ere, oso
antzekoa da>
Iban Zaldua
<bueltan datorrela Espainian zeharreko opor-bidaiatik>
Itxaro Borda
<hirian zeharreko ibilaldiari lotzear>
Xabier Amuriza
<Ortzian zeharreko eguzkiaren itzul-ibil ugarietan>
Lourdes Oñederra
<Batzuengan eta besteengan izan zuen esanahiaz eta denboran zeharreko
garapenaz gehiago jakin nahi duenak>
Fernando Rey
<Leiho hartatik soroetan zeharreko bost kilometroko bidezidor bat ikusten
zen>
Fernando Morillo
<jarraitu zuen Oppenheimerrek, gelan zeharreko pasierarekin segituz>
Alberto Ladron Arana
<Berriro lotu gintzaizkion labirintoan zeharreko ibilbideari>

Horren guztiaren ondorioz, esango nuke <mendian zeharreko ibilaldia> ez dela
gramatikalki okerra edo ezinezkoa, eta, bestalde, aski zabal erabiltzen dela
gaur egun (eskatu, adibidez, Googlen ‘zeharreko ibilaldia’, eta erreparatu
erabiltzaile-esparru zabalari).

Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak

(Xabierren argitasun-eskeari argitasun-asmoz erantzun diot, baina ez dakit
argi eta garbi egin dudan argi. Ni baino joskerazain argiagoak badira
zerrenda honetan; argitara aterako balira, auzi honen argi-emaile gerta
litezke)

-----Mensaje original-----
De: itzul-bounces a bildua postaria.com [mailto:itzul-bounces a bildua postaria.com]En
nombre de Aixe, S. L.
Enviado el: miércoles, 29 de noviembre de 2006 17:27
Para: ItzuL
Asunto: [itzul] zehar, zeharreko, zeharrekotasun



Barkatuko didazu, Agurtzane, zure zalantza baliatuz aspalditik argitun
nahian nabilen neurea fobia bat hona ekartzea. Izan ere, min egiten dit
«zehar» posposizioaren eta «zehar» izenaren arteko interferentzia iruditzen
zaidan horrek.

Oker ez banabil, «zehar» posposizioa aditzondoa da, eta «poliki» aditzondoak
bezalaxe jokatzen du, hemen aztertzera natorren gaian. Hau da erabilera
zuzena:

    Mendian zehar ibili
    Mendian poliki ibili

Beste erabilera hauek, berriz, erabat okerrak:

    *Mendian zeharreko ibilaldia
    *Mendian polikiko ibilaldia

    *Mendian zeharrekotasuna
    *Mendian polikikotasuna


Nik barneratua dudan erabileran, behinik behin, halaxe da, «-n zehar»
egitura horrek ez du atzizkirik onartzen.

Beste kontu bat da «zehar galderak» edo «zeharreko galderak» («zuzeneko
galdera»ren antonimoa) egitura; «zehar», hor, izena da, eta zilegi da,
noski, «-ko» erantsita izenlagun bihurtu, eta, gero, «-tasun»ekin, atzera
izen bihurtzea. Alde horretatik, «mendian zeharrekotasuna» egitura hori
«etxean berotasuna» egituraren pareko litzateke. Eta, beraz, «mendian
zeharreko ibilaldia» esaldiak, «mendian zuzeneko ibilaldia» esaldiaren
kontrako esanahia baizik ez du, zaharrengandik jaso dudan nire erabileran.

Nolanahi ere, gustura jasoko nituzke gaiaren inguruko argitasunak. Niretzat
txundigarria eta okerra den erabilera horrek, beharbada, izango du
euskarriren bat hango edo hemengo tradizioan, edo egitura berriaren behar
gorrian.

Ondo izan,

Xabier

___________

Xabier Armendaritz
AIXE itzulpen eta zerbitzuak
Wellingtongo Dukearen kalea, 8, 1.a, 8. bulegoa
01010 Gasteiz

Tel.: (+34) 945 174 476
        (+34) 656 703 313
Faxa: (+34) 945 179 042
<aixe a bildua aixe.net>
<aixe a bildua ctv.es>





ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago