[itzul] erakusgunea

jon-agirre a bildua ej-gv.es jon-agirre a bildua ej-gv.es
Or, Mar 30, 14:05:25, CEST 2007


Bilbao Exhibition Centre sortu zenean eztabaida izan zen euskara eta
gaztelania ez zirelako agertzen izenean. Horrexegatik jarri omen zuten
horrela, besteak beste. Berria da, azkenean (ezin bestetara izan),
paperetan eta, hasi direla izenaren ondoren deskribatzailea jartzen,
eta, zorionez, euskaraz: Bilbao Exhibition Centre erakusketa gunea.

 

Guggenheim egiten zebiltzatenean Xabier Kintana euskaltzainak
egunkarietan idatzi zuen "Museo Guggenheim museoa" bezalako izena
saihesteko eta, hain ulerterraza izanik, euskara hutsean jartzeko
iradokiz/eskatuz: "Guggenheim museoa", alegia. Horren emaitza (ez dakit
gutunak zerikusia izan zuen, baina ez zion kalterik egin) "Guggenheim
Bilbao museoa" izan zen. (Gernikan dagoen Euskal Herria museoak bere
logoan "Euskal Herria museoa" duen arren, propagandan eta paperetan
"Museo Euskal Herria museoa darabil").

 

BEC erakusgunea sortu aurretik, Xabier Kintanak berriro idatzi zuen
egunkarietan (prebisorea, gizona), antzeko argudioak erabiliz, "Bilbao
Exhibition Centre erakusgunea" izendapena proposatuz. Une hartan ez
zioten jaramon egin, behar bada gaztelaniazaleak isilarazteko, eta
denboratxo bat pasa ondoren jarri diote euskarazko deskribatzailea
(badakit inuzentearena egiten nabilela aurrez pentsatutako estrategia
euskarazaleak bultzatuta egin dutela pentsatuz). Ez dakit salbuespena
den, nik ikusitako BECen papera, baina hor dago.

 

Aurreko azalpen guztiak, oroimena freskatzeko ez ezik, "erakusgunea"
deskribatzaileak "erakusketa gunea" deskribatzailearen ondoan dituen
abantailez ohartarazteko da: laburragoa, alferreko atzizkirik gabea,
marketinaren aldetik "erakustazoka" zaharraren kidekoa, eta kutsu
bereziagoa ematen diona, nire ustez. BECeko arduradunek ez dut uste
horretaz pentsatzen segundo erdia ere emango dutenik, baina euren
itzultzaileak hau irakurtzen badu... hori, "erakusgunea" hobetsiko
nukeela.

 

Jon

 




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago