[itzul] Marilynen filmen euskal izenak

LARRINAGA LARRAZABAL, ASIER larrinaga_asier a bildua eitb.com
Al, Urr 1, 10:49:27, CEST 2007


	<<Ilegorriak>> jarri zitzaion, ez dakit zergatik.

	Ordena dela eta, nik ordena bi emango nituzke ontzat:

	- Gizonezkoek nahiago dituzte ilegorriak.

	- Gizonezkoek ilegorriak dituzte nahiago.

	Nik, Patxiren aldean, <<ilegorriak>> osagaia galdegaia dela esango
nuke. Aditzaren ondoan jarri behar da, beraz. Baina arazo bat dago: lehian
dago <<nahiago>> osagaiarekin leku horrengatik.

	Bada teoria bat, bai baitio mota jakin batzuetako osagaiek aditzaren
ondoko lekua (aurrekoa zein atzekoa) hartzen dutela beti. Motak hauek dira:
denborazko aditzondoak (beti, bertan...), moduzko aditzondoak (arin, ondo,
prest...), aditzondo eta izenondo graduatuak, eta, azkena, <<den>>
izenordainaren familia (dena, den-denak...).

	Egiaztatu ahal izan dudanagatik, teoria honek ondo funtzionatzen du.
Niri, gauza bat argitzeko balio izan dit: zergatik ematen didan hain
txarto<<dena prest dago>> esaldiak.

	Jende askok esaten du horrela, baina goiko teoria horren arabera,
osagai biek hartu behar dute aditzaren ondoko lekua. Lehia hori ebazteko
modu bakarra da bata aurretik eta bestea atzetik jartzea: <<dena dago
prest>> / <<prest dago dena>>. Biek ematen didate ondo.

	<<Nahiago>> azaltzen denean, gauza bera da. "Aditz-polaritatea"
(hala esaterik badago) duen osagaia eta galdegaia lehian daude aditzaren
ondoko lekuagatik. Berriro ere, ebazteko modua da bata aurretik eta bestea
atzetik jartzea.

	Beharbada teoria hau zorakeria bat baino ez da, baina oso ondo
azaltzen ditu ordena-arazo asko.

Asier Larrinaga




ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago