[itzul] Euskalterm eta "marketina"

Alfontso Mujika alfon a bildua elhuyar.com
Al, Ots 18, 11:08:50, CET 2008


Elhuyar hiztegian ere "marketin" proposatu dugu (Karlosek "Beste 
hiztegietan _marketing_ agertzen da" esan badu ere). Gu hala erabiltzen 
ari gara azken urteotan. Mailegu irentsitzat jotzen dugulako idazten 
dugu "marketin" eta ez "marketing". Gure kasuan, marratxoak ez du 
zerikusirik izan erabakian (gauza jakina da Elhuyarren marrazaleak 
garela). Adibidez, Hiztegi Batuan hauek topatuko ditugu:

mailegu irentsia eta forma bakarra:
<mitin>

mailegu irentsia edo mailegu irentsigabea:
<camping> edo <kanpin>
<esmokin> edo <smoking>

mailegu irentsigabea:
<ranking>

Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak


Xabier Aristegieta(e)k dio:
> Inork ba al daki zer irizpideren indarrez daukan Euskaltermek erabakita marketing "marketin" izatea, baina "-ing" bukaera daukaten ingelesezko beste hitz batzuk (adibidez, "factoring", "leasing", "dumping"...) beren horretan uztea?
> 
> "Marketinga", "marketingeko" eta horrelakoak ikusi behar ez izatea (eta horrek ekarriko lukeen "g" hori ahoskatzearen arriskua) baldin bada horren arrazoia, zergatik ez erabili gidoia? Marketing-a, marketing-eko... Niri, behintzat, irtenbiderik orekatuena iruditzen zait, jatorrizko hitza errespetatzen delako, eta ez delako "g"-a ahoskatzearen efektu bitxi hori sortzen.
> 
> Badago, ordea, gidoiari izugarrizko ezinikusia dion jendea, ahal den neurririk handienean murriztu beharreko ikur izurritsutzat jotzen duena. Ez dut ulertzen. Nire ustez, ulergarritasuna handitu besterik ez du egiten. Benetan, gidoia konplexurik gabe erabiliz, iruditzen zait arazo asko saihestuko genituzkeela. 
> 
> Adibide modura komentatu nahi nuke (egia esan, ez dakit hemen beste inoiz aipatu izan dudan ala ez; errepikatzen ari banaiz, barkatu) Unai Elorriagaren "Van't Hoffen ilea" (oraindik ere, tamalez, irakurri gabe ditudan liburuen artean dagoena) liburuaren titulua, gaztelaniazko itzulpena atera baino lehenago, ulertzen nuela "El Código Da Vinci" edo "El Efecto Mariposa" bezalaxe; hau da, "El pelo Van't Hoffen". Eta gaztelaniazko itzulpenaren berri izan nuenean ("El pelo de Van't Hoff") enteratu nintzela ez zela Van't Hoffen, baizik eta Van't Hoff. Eta, sinets iezadazue, euskarazko tituluan xehetasun hori lehenbiziko momentutik guztiz argi ez geratzeak pena eman zidan.
> 
> Xabier Aristegieta
> 



ItzuL posta zerrendari buruzko informazio gehiago